[wpdm_package id=74037 template=«5626a56d8b584»]
Ez ohi dugu zurrumurrurik eta baieztatu gabeko berririk azaleratzen, ez eta, behin-behineko edo ofiziala ez den dokumenturik ere, izan ere, metodo zorrotz hori konstante bat da gure kolektiboan. Beti betetzen dugun kontu horrek isilik egotera eraman gaitu azkenaldian, 2015eko abenduaren 14ko azken entregatik, dokumentu ofiziala gure esku, azkenean, eduki arte. Eduki badaukagu. Ikus dezagun zatika.
Lehenbizi esan beharrean gaude, dokumentua aztertu ondoren, erakunde iraultzaile eta independentistaren beharraren irizpideari eusten diogula. Zergatik? Bada, Euskal Herria astindu eta suntsitzen duten funtsezko arazoei erantzuten ez dielako. Egia esateko, aurreko testuen pasibotasun teoriko eta kontzeptualarekin eta, batik bat, Sortu eta Iratzar Fundazioaren zuzendaritzaren erabateko hutsune intelektualarekin alderaturik, dokumentuaren zati batzuetan aurrerapauso bat ematen da konkretasunari eta beharrezko erradikaltasun sanoari dagokienez, dena dela, etorkizuneko urratsak arriskurik gabe emateko beharrezkoak diren hainbat gai nagusi planteatu gabe utzi dira.
Ez die oinarrizko arazoei erantzuten, apenas agertzen dira-eta. Kasu baterako, liburu batzuen azken-aldean agertu ohi diren glosarioen funtzioa kontzeptu batzuk eskaintzea da: bai liburuak dioena ulertzeko bai, irakurritakoan, munduan zehar ibiltzeko ezinbestekoak direnak, izan ere, badakigu nondik gatozen eta nora joan nahi dugun. Hala ere, txosten digitalean agertzen den baina txosten inprimatuan eta gaztelaniazko web-orrialdean agertzen ez den 73 terminoz osaturiko Glosarioak politika abertzalean jartzen du ia arreta osoa, metodo «neutralista» eta linealaren bitartez eta Euskal Herria zer den jakiteko ezinbesteko kontzepturik batere erabili gabe.
Orain ez dugu kritikatzen Glosarioaren kontzeptuen ahulezia, ulertzen baitugu litekeena dela, txosten orriak banatu ez eta gaztelaniazko web-orrialdean agertu ez izanaren arrazoia dela, sen onean, dokumentuaren hedapen handia ez izatea.
Aipatu dugun bezala, zapaltzen gaituzten arazo nagusiak «apenas agertzen dira», bai, ordea, gaur egungo Euskal Herriaz aritzen den 2.2.1. atalaren eranskinean. Lastima da dokumentu inprimaturik ez egotea, eta web-orrialdera jo behar izatea eskuragarri izan dadin, militante eta laguntzaile askok ezin izango baitute eskuratu lau orrialde eta erdiko azterlan labur hori. Oasia da, eztabaida osoa testuinguruan kokatzeko garrantzizko ekarpen iragankorra, baina zoritxarrez –oraingoz eta paperean argitaratzen ez den bitartean– funtsezko txostenaren irakurleen zati txiki batek izango du dokumentua eskuratzeko aukera.
Era berean, lastima da, eranskinaren korapiloaren azterketan funtsezko dokumentuaren gai ugari plantatzea eta, batez ere, errealitatea analizatzeko metodoak eta Glosariaren egiturarenak aurrez aurre talka egitea. Txostenean beste ezaugarri bat topa dezakegu: bere barne kontraesanak, edo horren gogor ez esatearren, Euskal Herria ulertzeko bi ikusmolde nagusi egotea, hala ere, ezin uka daiteke, txostena idazterakoan, kontraesan hori ezabatzeko edo minimizatzeko egindako esfortzu handia, kanpo adierazpenetan hizkera uniforme samarra erabiliz.
Eranskina txostenaren zati baten logikan txertatzen da, koiunturaz eta egitasmo politiko abertzaleaz aritzen diren bigarren eta hirugarren kapituluetan alegia. Praktikan, bigarren kapituluaren zatia da, baina paperezko testutik web-orrialdean sartua. Bada, orain txostenaren azterketa sakonagorik egin gabe, bere garaian egingo baitugu, orrialde horien atentzio gehien ematen duena da historiaren ikuspegi errealistaren eta zintzoaren eta horri erantzuteko egokituz joan behar diren bitartekoen arteko amildegi bereizlea.
Bere garaian jorratuko ditugun bestelako kontsiderazio kritikoak alde batera utzirik, esan beharra dago bigarren eta hirugarren kapituluetan eta neurri txikiagoan laugarrenean, bere egiten dituela ikuspegi antikapitalista eta, batez ere, ondorengo hauek: sozialista, masa autoantolaketa eta botere mugimendua, herri boterea, kontraboterea eta autogestio kolektiboa, beti ere, boterea hartzearen eta estatua sortzearen ikuspegipean:
Itxura guztien arabera, bizitzaren eta kapitalaren arteko talkak ezaugarrituko du XXI. nende hau […] hemen eta orain, ez dago proiektu independentista baino egitasmo antioligarkiko sendoagorik, […] estatu desberdin bat sortzeko egitasmoa da, era berean, bestelako botere harreman batzuk eraikitzekoa. […] sozialismo berritua eta Euskal Herrira egokitua, bizitzaren esparru guztietan demokrazia erradikalizatzearen sinonimo bihurtuta […] ekoizpen bitartekoen jabego pribatuaren nagusitasuna eta eskulanaren esplotazioa/zapalkuntza errotik erauztera datorren tresna. Ondorioz, euskal estatugintza prozesu emantzipatzailea da, gizarte eraldaketarako egitasmoa, Euskal Sozialismorako trantsizio prozesua. […] kapitalaren diktadura ekonomikoaren ordez, komunitatearen zerbitzurako ehun ekonomikoa […].
Eta aurrerago:
Euskal Bideak konfrontazio demokratikoa behar du palanka gisa. Izan ere, burujabetza prozesua «liskartsua» izango da ezinbestean, aldeko baldintza objektiboak izanik ere gizarte mobilizaziorik gabe nekez egingo baitu aurrera. Herritarrak aktibatu eta mobilizatzeko gizartea polarizatuko duten prozesuak behar dira, eta, beraz, konfrontazio demokratikorik gabe nekez lor daiteke prozesu independentistak eskatzen duen tentsio soziala […] Ekintzailetza sozial sendoa behar du prozesu independentistak, eguneroko txinaurri lana […] burujabetzaren aldeko dinamika politikoa elikatuko duten mobilizazio, protesta eta desobedientzia eredu berrietan sakondu beharko da.
Duela urte asko, Engels-ek idatzitakoaren arabera, orduko kapitalismoan, 1845. urtekoan, demokraziaren alde borrokatzea komunismoaren alde egitea zen. Ordudanik, «demokrazia»-ren izaerari buruzko eztabaidak indar soziopolitikoen banaketa eragin du: sektore batek uko egiten zion eta dio demokrazia sozialismoarekin eta komunismoarekin erlazionatzeari, eta guztiz antagonikoak direlakoan daude; beste sektore batek, ordea, bere egiten du sakoneko identitate hori eta zenbait kontzeptu erabiltzen ditu azalpen gisa, hala nola, demokrazia zuzena, sozialista, horizontala, kontsejista, asanblearioa, autogestionatua, komuneroa, herri eta langile demokrazia eta abar. Eskertzekoa da Abian! txostenaren idazle-taldeak, edo haietako gehienek, argitu izana demokraziatzat ulertzen dutena, kontuan edukita Sorturen oraingo zuzendaritzak eta beste talde batzuek, bospasei urtetan, «demokrazia»-ri (bere lehen zentzuan eta antiengelsiarra) egindako adorazio fetitxista.
1845. urteaz geroztik, esperientzia sozial oso-osoak tesi baten baieztapena egin du, modu positibo edo negatiboan, baina hala egin du. Alegia, demokrazia, bere zentzu erradikalean eta edukiz betean, prozedura baten bidez sozialismo eta komunismoaranzko bidearekin kateatzen den tesia. Euskal Herrian ere bai, logikoki. Zer da modu negatiboan baieztatzea? Oso erraza: herri zapalduaren aurreratze demokratiko-erradikala gelditzea eta lorpen aurresozialisten nahiz protosozialisten arloan jardutea, hau da, borrokaren bidez burgesiari kendutako erreformen eduki askatzaileari eusten ez bazio, eta horiek aurreratze sakonagoak eta zabalagoak erdiesteko erabiltzen ez badira, igoera gelditu egiten da eta, edozein aitzakiaz baliaturik, lortutakoa administratzera mugatzen da, zapaltzaileek eta estatuak bortxaz inposatutako legeriaren barruan. Behin amarrua irentsi eta gero, denbora-epe laburrean, egonezina eta pixkanakako etsipnena azaleratzen dira, lehenbizi, hain kontziente ez diren sektoreetan eta geroago erreta dauden militante-taldeetan, haien zuzendaritzen erosotasuna dela kausa, legezko ordena «demokratiko»-ra burokratizatuak direnak.
Erainkuntza erradikalaren praxia zenak txarrera egiten du, hartara, nora ezean eta estrategiarik gabe dabil botere zapaltzailearen instituzioen labirintoen artean. Demokrazia konkretua eta partzialki gauzatua zenak, ozeano inperialistan dauden herri artxipelagoak bezala, txarrera egiten du, eta «demokrazia» abstraktu soil bihurtzen da. Hona iritsita, baita lehenago ere, estatuak kontraerasoari ekiten dio, kontrabotereko edo zalantzazkoa eta kolunkaria baina erreala den botere bikoitzeko irlatxo horiek «normaltasun demokratiko»-aren ozeanoan urperatze aldera. Hortaz, «normalizatuak» izateari uko egiten diotenak «baketuak» izango dira errepresioaren bitartez. Hau dugu Engels-en asmatze teorikoaren baieztapen negatibo bat: aurrera edo atzera egiten denekoa.
Bada, Abian! txostenean oraingoz konpondu ez den funtsezko kontraesanak, eztabaida amaitzeko falta den denboran konponduko denaren esperoan, hemen dauka gordiar korapiloa: alde batetik, ikusi dugun bezala, borroka demokratikoak areagotu, zabaldu eta biziagotu nahi dira modu berezian sozialismoaren bideari jarraiki, herri independentziarako berme bakar gisa; beste alde batetik, aldiz, muga gaindiezinak jartzen zaizkio halako demokrazia praktikoari: bakezaletasunarena, Sorturen oraingo zuzendaritzak azken bost urteotan errepikatzen duen mezu bera aldarrikaturik, hau da, independentziaren gaian aurrera egin behar da «beti ere ukazio eta zapalkuntzaren aurkako konfrontazio demokratikoa, eta beronek eskatzen duen herri aktibazioa ubide nagusia izanik». Zer da «konfrontazio demokratikoa» baldin eta, duela bost urtez geroztik, bakezaletasuna metodo politiko bakartzat jotzen badugu?
Halaber, Glosarioan hurrengo kontzeptu hauek garatzen dira: konfrontazio demokratikoa, iraultza demokratikoa, autodefentsa, autogestioa, insubordinazio politikoa, desobedientzia zibila eta hegemonia, modu berean, demokrazia burgesaren mugen kritika egin eta honako hau onartzen da: «printzipioz, metodoei dagokienez ez dago mugaturik», baina horiekin ere, borroka sozialen historian zehar gertatutako etengabeko eztabaidatik ihes egiten da; explotazioa, zapalkuntza eta menpekotasuna direla kausa, agertutako borrokak direlarik: zein dira bakezaletasunaren mugak? edo gaur egungo hizkeran, zein dira konfrontazio «demokratiko»-aren mugak erreformismoaren zentzuan, ez Engels-enean? Sozialismoak badaki salbuespenezko eta denbora-epe laburreko koiuntura berezietan sozialismorako trantsizio baketsua gauzatu litekeela. Gure kasuan, herri independentzia eta Euskal Estaturako trantsizioa ote? Ohar gaitezen koiunturaz ari garela ez, ordea, testuinguruz.
Abian! txostenean zuzendaritza estrategikorik eza aitorten da, bai eta, Lizarra-Garaziren garaitik inolako ildo politico zehatzik garatu ez izana ere, esan beharrean gaude ezintasun hori «demokrazia» abstraktuaren arazoan sakontzeko ukazioan datzala, hau da, metodo eta helburu bakar gisa, helburu eta metodoa; eta harik eta kontraesanaren gordiar korapiloa ez konpondu arte, ezgaitasun horrek bere horretan iraungo du. Bitartean, guk aipatu kontraesanaren beste adierazpen batzuk aztertzeari eutsiko diogu.
Petri Rekabarren
2016ko otsailak 12