Bake hitza izan dugu hizpide azken urte hauetan Euskal Herrian. Nahiz eta jada diskurtso politiko hegemonikoetan, bakea, segurtasunagatik ordezkatu duten agintari politikoek. Bakea ez da soilik zuzeneko indarkeriarik edo gerrarik gabeko egoera. Feministok, bakea: giza eskubideekin, garapen sozialarekin eta naturarekiko errespetuarekin lotutako epe ertain eta luzeko prozesu konplexu gisa ulertzen dugu. Gureak bailiran hartu ditugu zenbait gerra, nahiz eta ez gaituzten kontuan hartu. Horrela, arazo handiak behin konponduta, soluzio-bidean jarriko zirelakoan geunden. Baina ez dugu konfiantzarik jada, ez baitago horretarako borondaterik. Normalizazio prozesua bizi dugula Euskal Herrian dioskute. Patriarkatuaren funtzionamendu «baketsua» alegia? Baina emakumeok ez gara «bakean» bizi, ez behintzat emakumeon kontrako indarkeria normaltzat duen bake egoera neutralizatu honetan: zeinetan, emakumeon aurkako gutxiespenak, irainak, gustukoak ez diren txisteak, kolpeak, erailketak, prekarietate eta muturreko pobrezia egoerak, etab eguneroko errealitate diren gurean. Ez dugu patriarkatuaren bakean sinesten, herritarron ahalduntze, eta herria eraiki eta antolatzeko bide feminista aukeratzen dugu.
Krisi hitzaz han-hemenka dihardugu azken bolada luzean. Grezieraz aukera esan nahi du «krisiak» eta gu aldaketaren aukera, eta berau norabidetzean berresten gara. Euskal Herriaren burujabetza feministaren bidean, alegia. Honek oinarri izan behar ditu: burujabetza indibidual eta kolektiboa, eta feminismoa noski. Burujabetza feminista ordea, ez dugu egoera ideal, estatiko eta mugiezin baten gisara irudikatzen, prozesu dinamiko eta momenturo aldakorra izango den ipar moduan baizik. Etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko norabidea, eztabaida sozial anitzen ondorioz zehazten joango gara. Prozesu honek egingo gaitu herri.
Horretarako, estrategia kolektibo feminista bat osatzeko apustuari heldu behar diogu. Batetik, Euskal Herria osatzen dugun subjektuon burujabetza bultzatuko duen ahalduntzea hezur mamitzeko, gorputzak (emozio, desirak, beharrak, pentsamenduak) eta harremanak eraldaketa prozesuaren erdigunean jarriko dituena. Eta bestetik, komunitatearen sorrera, herrigintzan, herritarron parte hartzean, Euskal Herriaren askapen prozesu eta gatazken konponbidean eragiten duen ahalduntze prozesua ere behar beharrezkoa dugu, gutasunak egiten gaituelako libre.
Bide orri hau, gaur egun existitzen diren zapalkuntza anitzak gainditzeko bidean ulertzen dugu guk, Euskal feminismoak eman digun zapalkuntza hirukoitzaren (sexu-genero, klase eta kultura zapalkuntzak) ikuspegiaren aitortzatik, intersekzionalitatearen norabidean.
Beraz, baimenik eta barkamenik eskatu gabe, euskal feministok bagoaz! Euskal Herrian burujabetza feminista eraikitzeko feministok kalean kontra-boterea artikulatzearekin batera, boterearen jabe izan behar dugu. Boterea hartzea gaitasun politikoa eta intzidentzia irabaztea dela ulertzen dugu, mapa politikoa baldintzatu ahal izateko, hartzen ari diren erabaki eta neurrietan eragiteko eta aldaketa sozialaren oinarriak markatu ahal izateko. Honez gain, botere hartzea ahalduntze pertsonal eta kolektiboarekin ere lotzen dugu. Horretarako, Mugimendu Feministaren aitortza politikoa lortu behar dugu, lidergo feminista bat osatuz eta botere guneak irabaziz. Hau epe motzean lortu dezakegu aliantza eta estrategia komunak ezarriz gero, eta Euskal Herrian feminismotik eragingo duen gune feminista iraunkorra osatuz.
Eta bidean, feminismoak, herritarron ahalduntze kolektiboaz, egingo gaitu herri. Demokrazia erradikala, parte hartzea, gatazken kudeaketa negoziaketaren bitartez, justizia sozialaren alde aliantza anitzak xaxatuz, alternatibak eraiki eta saretuz, eta aniztasunean oinarritutako Euskal Herria sortuz. Erronka handiak ditugu euskal feministok eskuartean, baina museko partida honetan handira jokatzeko tenorean gaude. Enbidoari hordagoa!
Feminismoak egingo gaitu herri!
Hau ez da gure bakea!
Euskal Herriko Bilgune Feminista
2016ko Martxoaren 8an