Maiatza-Apirila aldera egindako hauteskunde zikloaren analisian genioenEstatuak kapitalak agindutako politika gauzatzeko moduko lorpenaeskuratu duela hauteskundeetan, legegintzaldia nolabaiteko lasaitasunezaurrera eramateko beste. Hori dena Madril alde batera utziz, bertanpodemoseko erreformismo ezjakinaren berekoikeria trifatxitoarenbatasunak kanpo utzi baitu. PSOEk lasai hartu dezake arnasa tarte atean,bere lurralde agintea dezente handitu baitu. Katalunian EstatuarekikoBartzelonaren fideltasuna ziurtatu du eta ERCri benetan nork agintzenduen erakutsi dio. Hegoaldean, EH Bilduren garrantziarik eza nahikonabarmena da EAJ eta PSOE‑k nafarroan gobernatzeko egindakohitzarmenaren ondoan. Botere txiki hori EH Bildu bezala euskalkontzientzai nazionala zuhurtziaz ahulduko dute, UPN-PP‑k darabiltenneofaxismoarekin ezinezkoa den bezala.
Hala ere, lasaitasuna azalekoa da arazo estrukturalek gero etahandiagoak izaten jarraitzen dutelako. Sakoneko arazoek sortzendizkioten arazo estrukturalen adierazgarri da Madrilgo parlamentuangehiengoa ziurtatzeko egin behar dituen jukutriak.
Lehen atalean inperialismo franko-espainiarra urduri eta beldurturikzegoela genioen: orain okerrago dago urtarriletik ekainera bere arazoak
are larriagoak bihurtu baitira, apirila eta maiatza artean egondako ziklo elektoralean nolabaiteko arnasaldia lortu badu ere. Baina bigarren atal honen helburua Euskal Herriko egitura klasista pairatzen ari den sakoneko eraldaketa aztertzea da, hau da, proletalgoa eta burgeseria zertan diren jakitea, ezein eztabaida estrategiko abiatu aurretik, ezinbesteko abiapuntua. Aldaketa hauek dira Kapitalaren ezinegona sortzen dutenak, PSOE eta PNVren artean gotortu eta eskuin espainolari aurre egitera ere bultzatzen dituztenak.
Zaila da nazio ikuspegi bateratua izatea, inperialismo franko-espainolak hiru zatitan apurtzen gaituelako, eta horietako bakoitzak azterketarako sistema burges propioak dituelako, baino ideia orokor bat hartu dezakegu: burdingintzaren industria, metalgintza, mekanika eta ontzioletan zentratua, XIX. Mendean Euskal Herriaren ernamuina izan zen, 1980. Hamarkada erdi-aldera desegiten hasi ziren, arrazoi politiko eta ekonomiko bikoitzak tarteko: Herri langilearen oinarri materiala suntsitzea, eta Merkatu Batuaren aginduak betez, euskal burgesiarentzat Espainia eta Frantziaren eskutik Europa kapitalistaren onarpena lortzea. La Naval ixteak euskal kapitalismoaren fasearen amaiera irudikatzen du. Pobretzea, prekarietate geldiezina, gentrifikazioa, euskal kultura eta hizkuntzaren moteltze edo atzera egitea, eta abar, fase berriaren hasiera adierazten duten ezaugarriak dira.
Hamarkada eta erdiz, gutxi gora behera, finantza-zati neoliberalagoak bazterrean utzi zuen burgesia industriala. Aldaketaren paradigma bezala 2004eko urtarrilean Arzallus-taldearen kanporatzea eta Imaz-taldea boterean jartzea jarri dezakegu, urtebete beranduago Ibarretxe plana albo batera utzi, eta lehendakaria bera bazterrean utziko zuen aldaketa. Argi dago euskal burgesia EAJ baino zabalagoa dela, baino alderdi hau da, burgesia ertainaren burokrazia eta burgesia txikiaren morrontzaren bidez, klase interesak hobekien defendatzen dituena. Harrezkeroztik eta oraindik ere nabarmenago Urkulluren garaian, Iparralde, EAE eta Nafarroan dauden desberdintasunak gora behera, Espainia eta Frantziarekin loturak nabarmen estutu ditu burgeseriak. Aldaketa honen arrazoiak kapitalaren metaketa eta kapitalen zentralizazio legera egokitzea dira, kapitalismoaren finantziazioak erabat indartzen duen legea.
Herri langileak, orokorrean, eta proletalgoak zehazki, aldaketa are handiagoak pairatu ditu. Aldaketa horiek borroka herrikoi eta langile borroka berrietan ikus daitezke. Azken garaietan burutu diren mobilizazio sindikal klasikoak,- Gipuzkoako papertegien greba, Bizkaiko metalgintzaren greba, arte grafikoen deialdia gipuzkoan, Tecman-eko mobiliazioak, DHL, SGE, Donostiko garbiketa langileena, Gipuzkoako erresidentzietakoa, Osakidetzako lehen mailako arretari dagozkion mobilizazioak, eta abar luze bat- eta eta 2019ko apirileko hauteskunde sindikaletako emaitzak aipatu gabe zenbait ondorio probisional atera ditzakegu: lehenik krisiaren aurretik hegoaldean zegoen delegatu kopurua berreskuratzea asko ari da kostatzen; bigarrenik, sindikalismo espainolista atzera bidean dago eta hegoaldean dagoeneko sindikalismo abertzalea da nagusi, EAEn ELA nabarmentzen da eta Nafarroan aurrerantz doa LAB; emakume langileak indarra hartzen ari dira sindikalgintza abertzalearen baitan, herri langilea aurrera doan seinale.
Iparraldean dauzkagun datuek lerro-buru hauek baieztatzen dituzte, bi ezaugarri propio nabarmenduz: sindikalismo abertzalearen gorakadak eragin behar lukeen sindikalismo estatalista frantsesaren higidura motelagoa ari da izaten, abertzaletasunaren aurrerakada geldiarazteko sistemaren oztopoak ugariak baitira, errepresio zuzena ez denean, oztopo ikusgarriak zein ikusezinen bidez; eta txaleko horien sarrera berezitua Iparraldean. Mugimendu konplexu honek ederki adierazten du, krisi estruktural etengabean hamarkada oso bat igaro ostean, kapitalismo inperialistan ematen ari den klase borrokaren berregituratzea. Ondo begiratuta, eta nazio eta estatu mailako testuingurutik haratago, klasearen erraietan Estatu Batuetan geratzen ari diren mugimenduen antzeko ezaugarriak sumatzen dira, eta ez da kasualitatea. Lana eta kapitalaren arteko mundu mailako borrokan esanguratsua den eskenatoki bat izanik, etengabe hazi eta gogortzen ari den testuingurua.
Hauteskunde sindikalek, gainerakoek bezala, prozesu osoa geldiarazten duten argazkia eskaintzen dute, geldiezina den eta mugimenduan dagoen tendentzia bat izan arren. Azaletik bada ere, klase borrokan dauden indar sakonak eta zapaldutako nazioaren erakusleiho dira hala ere. Hiru dinamika hauek, Iparraldeko ezaugarri berezituekin batera, proletalgoaren eta euskal herri langilearen nazio mailako klase borrokaren berregituratzea islatzen dute, euskal burgesiaren prozesu kontrajarriarekin bat egin eta banandu ezina den prozesua. Nazioarteko testuinguruak ere berregituratze hauek azpimarratzen ditu, izatez, bakarra direla argi utziz, alegia, Europa eta mundu mailako klase borrokaren euskal adierazpena. Langile estatu edo Euskal Komuna eratzea ‑azaleko debateetan sartu gabe- ezinbestekoa helburua da proletalgoa internazionalistaren logikaren baitan.
Herri langilearen berregituratzetik sortzen diren ezaugarri berriak parametro hauetatik ulertzen ditugu, gaur egun klase borrokaldi oso adierazgarrien lekuko izaten ari gara eta: Denboran luzatu eta eusten ari diren emakume langileen borrokak, etxeko laguntza, osasuna, ostalaritza, garbiketa … eta abar, proletalgoaren parterik zapalduena izan diren emakumeak autoantolatzen ari direla argi utziz. Borroka horien luzapena dira Osasungintza eta Osakidetzako langileen borrokak, eta orokorrean emakumeengan baldintza kaxkarrenak uzten dituzten zerbitzu publikoetako langileen borrokak. Beste leku askotan bezala, «zerbitzu publiko» deritzen horietako emakumezko langileen borrokak gorabidean ari dira, fase ezberdinetatik igarotzen dira, eta ez dira beti greban amaitzen.
«Hezkuntza industrian» nazioarteko klase borrokaren izaera anitza azpimarratzen duen beste adibide bat irakaskuntza «kontzertatuko» langileen greban daukagu, EAJ‑k diruz laguntzen duen Elizaren hezkuntza industrian alegia. Ikuspegi guztietatik ulergarria da greba hori, industria katolikoaren esplotazioa bereziki gogorra baita, eta aldi berean hiru alorretan eztabaida estrategikoa ari da sortzen. Alde batetik bere eskubide sindikalak aldarrikatzen ari den langile mugimendua, herri langileak osotasunean dauzkan eskubideak aldarrikatzen dituena, pedagogia askatzaile eta doako batekin eta hezkuntza alienatzailea kritikatzen duena. Beste aldetik Eliza eta burgeseriaren interesak, hau da, kapitalaren eta beren onura propioa baino bilatzen ez duen baskongadetako gobernutxoarenak. Eta erdian haien artean ezberdintasun ugari dituzten guraso taldeak, hasi eskuma patriotiko ‑burges eta katolikotik eta hezkuntza industria, EAJ eta Eliza arduradun nagusi bezala salatzen dituztenetaraino.
Ondorio kualitatiboak dituen mobilizazioa da, kapitalismoaren oinarrizko indar errepresibo eta alienatzaileari, zapalkuntza nazionalaren erdiguneari eragiten diolako: haur eta nerabeak beren lehen eta bigarren sozializazioan alienatzea, kristautasunaren bertsio katolikoan gaizki-heztea, zenbait kasutan gainetik pintura baskongadoa emanda. EAJ eta Elizaren burugogorkeri atzerakoiak, era ez demokratikoan diruz lagundutako industria errentagarri horren bidez kapitalaren mozkin ekonomiko, politiko eta ideologikoak handitzeko beharrari baino ez dio erantzuten. Bistan dago beraz, pedagogia eta euskal nazioari buruzko ikuspegi ezberdin bi talkan ari direla.
Gazteria langilearen indarra ere klase borrokan sartu da, sei guneetan gutxienez. Lehena hezkuntza eskubideena, gehienbat frantsesez eta espainolez, eta esaneko lan-eskua formatzeko edo gaizki-hezteko sortu den sistema publikoa kritikatzen duena. Bigarrena, eguneroko lan esplotazioari, gero eta eskubide eta askatasun erreal gutxiago uzten dituen horri, aurre egiten diona. Hirugarrena, sistema patriarkal-burgesaren, diktadura afektibo eta sexualaren, bere nagusigoaren eta terrorismo sexualaren kontrako borroka. Laugarrena, gaztetxe, etxebizitza kolektibo eta kultura herrikoian oinarrituz autoantolatutako talde eta elkarteak, komunikazio teknologia berrien erabileran trebatuak. Bosgarrena, eskubideen defentsan, askatasuna berreskuratu eta berau zabaltzeko aldarrikapenean, eta errepresio anitzen salaketan protagonismoa hartuz borrokan ari dena. Eta seigarrena, eztabaida politikoak eta teoria iraultzaileak berreskuratzen ari dena.
Ez ditugu ahaztu behar turismoaren mozkinak handitzeko burgeseriaren plan urbanistikoak zapuzteko borrokan ari diren herri eta auzo mugimenduak. Hotel eta pentsioak neurri gabe haztearen kontrako borrokak, metroaren kontrako borrokak Donostian, auzoetako komertzio txikiak desager araztearen kontrako mogimenduak … eta abar. Erresistentzia guzti horiek egungo kapitalismoaren alorrik errentagarrienetako bati egiten diote aurre. Auzokideak beti batu izan dira eta autoantolatu, baina gehienetan beren auzoei begiratu izan diete gehienbat. Ez dira iritsi kapitalak behar duen turismo eta komunikazio azkarreko bide-sare handiaren aurrean bestelako hirigintza ereduak mahai gainean jartzera, bertako garapena erdigunean jartzera. Orain auzoak ikuspegi nazional horretatik ari dira autoantolatzen.
Eta gehiago luzatu gabe, euskara eta euskal kultura herrikoia berreskuratzeko mobilizazioak berriz martxan jarri dira, inperialismo frantses eta espainiarraren eta industria kapitalista politiko-kulturalaren etengabeko erasopean, erreformismoa noraezean egonik eta agintean dagoen sistemako alderdi, sindikatu eta erakundeen kontrako jarrerarekin. Kasu onartezina dugu, esaterako, Gasteizen. Auzo mugimenduek HABEk erregulatzen dituen erakundeetan euskara helduentzat doakoa izateko aurkeztutako eskariari EH Bilduk emandako ezezkoa. EH Bilduk EAJ, PP, PSE, Podemos eta Irabazirekin batu zituen botoak ezezkoa emateko. Kritika praktiko gutxi dugu halaber erreformismoaren partetik masak alienatzeko komunikabideen inguruan, EITB-ri esaterako. Kritika gutxi batzuetan euskal itxura eta bestetan itxura inperialista frantses edo espainola hartzen duen burges kulturari.
Eskenatoki hauetako bakoitza lau puntu hauetan zedarritzen da gutxienez: Lehenik inperialismo franko-espainiarraren armadaren babesean bere mozkinak handitzea helburu izanik lanaren esplotazio orokorra aurrera eramaten duen kapitaletik sortu eta hor josten dira. Bigarrenik, nazio mailako klase borroka hutsa dira, euskal burgeseriaren bataz besteko irabazi tasa eta bere dominazio politiko eta ideologikoari eragiten baitiote. Hirugarrenik, euskal herri langilearen ezaugarri askotariko bezain beharrezkoak praktikara eraman eta agerian uzten dituzte, gaur egungo gizarte burgesarekin talka eginez. Eta laugarrenik, beste herri batzuekiko elkartasun internazionalista erreala dakarten praktikak dira, nazio bezala zapalduak egon ala ez, gaur egungo kapitalismoaren kontraesan oinarrizkoetatik sortzen baitira, eta gizarte sozialista batera bideratuta dauden ereduak erabiltzen dituzte hauei aurre egiteko.
Euskal Herriko klase borrokaren ezaugarri nagusiak aztertu ditugu: batetik, zerekin identifikatzen den egungo burgesia modu bateratuan, kapritxo autonomista hutsen eta burgesia txiki eta ertainaren utopia independentistaren muga objektibo gaindiezinak zeintzuk diren; eta kontrako aldean, apurka aurrera doan proletalgoaren eta herri langilearen berrantolaketa, praktika errealetan oinarritua, krisiak, kapitalaren zapalkuntza eta abertzaletasun erreformistaren biraketa testuinguruan guztiz ahuldutako nazio mailako klase identitatea berreraikiz.
Aurrean ditugun egitekoan izugarriak dira, baina bakarra ezingo da gauzatu errealitatearen ezagutza kritiko eta objektiborik gabe. Sakonki aztertuta askapen mugimenduaren indarrak berpizten ari direla ikusiko dugu, langileria berriz ere martxan jartzen ari dela. Baino gainditu beharreko oztopoa laukoitza da: Inolako antolakunde abertzale iraultzailerik eza, gazte mugimenduek momentuz duten esperientzia falta ulergarria; erreformismoa egiten ari den difamazio eta ukazio lana; benetako pobretzea eta baliabide eta tresna eskasia; eta burgesia autonomista eta erregionalistak buru dituelarik sistema kapitalista beraren aurkakotasun sistematiko, irensle, alienatzaile eta errepresiboa.
Ikusten dugunez zailtasunak zinez handiak dira. Baino atzera begiratuta, azken 8 urteetan benetako dinamikan aurrerapauso esanguratsuak ikusten ditugu zentzu guztietan. Gogoan izan duela zortzi urte herri langilearen greba deialdi masiboak bertan behera geratu zirela, Estatuari barkamena eskatu eta legeak onartzen hasi zitzaizkiola, herri mugimenduari burua moztu eta militantzia iraultzailearen zati handi baten borrokarako prestutasunaren gainbehera etorri zela.
Hirugarren eta azken atalean, bateratze eta erakundetze batera iristeko zenbait proposamen garatuko ditugu.
Euskal Herrian, 2019ko abuztuan