Agiri honen bitartez Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak koronabirusak kartzeletan zein kalean eragindako egoera errepresiboen inguruko irakurketa plazaratzea dauka helburu. Bi zatitan banatuko dugu irakurketa hau, jakinda biak estu loturik daudela: kartzela eta kalea.
Kartzela.
Ohikoa den moduan, kasu honetan ere kartzela barruan dauden pertsonak are eta egoera okerragoan daude edozein zailtasunaren aurrean. Mundutik nahiko isolatuta daude egunerokoan, eta ezarritako neurriekin isolatuago daude orain eta, ondorioz, babesgabetasun egoera handiago batean. Bai Espainiar zein Frantziar Estatuetan bisitak debekatu dituzte.
Espainiar Estatuko kartzeletan dauden presoei (BOE, martxoaren 15eko INT/227/2020) dei gehiago onartu dizkiete telefonoz kontaktua mantendu dezaten, baina bestetik abokatuen bisitak bertan behera utzi dituzte, hauekiko komunikazioak dei telefonikoetara murriztuz, presoari honek dakarkion babesgabetasunarekin. Kartzelak, berez, nahiko leku ilunak dira presoenganako gehiegikeriak aurrera eramateko orduan, eta egoera honek presoen kontrako erasoei erraztasun bat gehiago ematen dio. Egunkaririk ezingo dute jaso eta posta, oro har, motelduta dago Correos-en egoeragatik. Arropa paketerik ezin dute jaso.
Frantziar Estatuko kartzeletan dauden presoei dagokienez, 20 euro kargatuko dizkiete telefonoan martxoan, eta 40 apirilean, etxekoekin kontaktua izan dezaketela bermatzeko. Era berean telebisten alokairua doanekoa izango da tarte honetan. Asistentzia juridikoari dagokionez, ordea, abokatuak kartzelara joan ahalko lirateke soilik larritasun handiko kasuetan, nahiz eta ez den zehazten zeintzuk diren kasu horiek. La Poste-ek ez du bermatzen gutunak helaraztea eta egunkaririk ere ez dute jasoko. Arropa paketerik ezin dute jaso.
Ikusten dugunez, bai Espainiako zein Frantziako kartzeletan asistentzia eskubidea ukatzen ari zaizkie presoei, juridikoa zein medikoa. Ezinbestekoak diren beste sektore batzuk martxan mantentzen dituzten bitartean, presoei oinarrizkoena ukatzen ari zaizkie berriz ere. Segurtasunaren aitzakiapean, eskubideen anulazioa gauzatzen ari dira. Azpimarragarria da Sevilla II kartzelako kasua, non hilabeteak diren medikurik ez dutela. Bere lekuan botikak ematen dizkien erizain bat doa.
Beste alde batetik, frantziar eta espainiar kartzelak masifikatuta daude, eta batzuen zein besteen legediaren arabera ez da batere zaila preso bukatzea. Beste garai batean isun batekin zigortzen zituzten kasu asko, kartzelaz zigortzen dituzte gaur. Alarma Egoera dekretatu duten arren, inongo momentuan ez dute planteatu preso eriak, adinduak, prebentiboak eta kondenak betetzear dituztenak etxera bidaltzea. Ez dute planteatu indulturik ematea, krisi honen aurrean inoren osasuna ez dutela lehenesten erakutsiz. Lehentasuna zigortzea da.
Egoera honetan gogorarazi behar dugu kartzela barruan ditugun burkideak askatasunaren alde borroka egiteagatik daudela preso. Salbuespen Egoera honetan ere haien baloreak, borroka eta amnistia osoa defendatzea dagokigu. Inoiz baino isolatuago mantentzen dituzten honetan, ahalegindu gaitezen haien eredua ahalik eta gehien zabaltzen, haien askatasuna aldarrikatzen eta ondorio gisa kartzela izan zuen haien borroka indartzen.
Kalea.
Kalea diogu, baina benetan kalea ere lapurtu digute. Larrialdi sanitario baten aitzakiapean gure eskubide guztiak lurperatu dituzte. Etxean konfinatuta gauzkate edo lanera segurtasun neurririk gabe joaten behartzen gaituzte. Sistema kapitalistaren esentzia basatia agerian gelditzen da. Ez da gizateria babesteko gai, eta ez hori bakarrik, baizik eta sistema hori dela gizateria galbidera daramana. Jendea bitarteko medikoen faltagatik hiltzen ari da ospitaleetan, pandemia neutralizatzeko inolako gaitasunik ez dute erakutsi munduko estatu kapitalistek, baina bai ordea errepresio makinaria osoa neurrigabe erabiltzeko.
Armadak kalera atera eta Euskal Herria, muga faltsuez bitan zatitzeaz gain, militarki okupatu dute. Okupazio indarrak Euskal Herrian aspaldi dauden arren, indar erakustaldia egiten ari dira orain. Gernikako Estatutuaren eta Nafarroako Foru Hobekuntzaren iruzurrak agerian gelditu dira, izan ere Hego Euskal Herriko instituzio administratibo guztiak Espainiako Gobernuaren menpe daudela ebidentzian gelditu baita.
Kezkaz ikusten dugu zelan shock eta beldurraren doktrina baliatuta pertsona zibilak poliziaren salatari bihurtzen dituzten, zelan auzokideek, langileek, elkar zelatatzen eta kontrolatzen duten, eta zelan oligarkiak ondo neurtutako panorama laboral, ekonomiko eta sozial gordin honen aurrean errudunei etorkizuneko baldintzak erabakitzeko aukera ematen dieten inolako kontrajarrerarik gabe.
Polizia, bitartean, txeke zuria jaso du errepresioa aplikatzeko. Kontrol, isun eta atxiloketez gain, gehiegikerien adibide ezberdinak ikusi ahal izan ditugu Euskal Herriko puntu ezberdinetan. Ez da zerbait berria eta Salbuespen Egoera ezarri aurretik, Portugaleteko Udaltzaingoak bi pertsona tirokatu eta erail zituen Barakaldoko Errekatxo auzoan autoz egindako jarraipen polizial bati bukaera emateko. Orain, baina, gustura dabiltza kolore guztietako poliziak legea haiek direla frogatu nahian.
Gizarte sumisoa, akritikoa, indartsuarekin otzana eta ahularekin oldarkorra sortzeko bitartekoa izaten ari da Salbuespen Egoera hau. Antolakuntza politikorako eta adierazpen eskubideak bertan behera utzi dituzte. Horren ordez pentsamendu unanime likidoa sortu dute mikrobio baten aurka, honek arrazoitzeko gaitasuna balu bezala: “denok koronabirusaren aurka”. Modu honetan, klase sozialik gabeko egoera bat aurkezten digute, hain zuzen ere, konfinamendua bukatu eta gero ofentsiba kapitalista berriaren aurrean klase-elkartasuna eta klase-borroka desagerrarazteko.
Egoera larri honetan ere, eta horrexegatik batez ere, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak antolakuntza eta borrokarako deia egiten jarraituko du.
Euskal Herria, 2020ko martxoaren 21a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.