Hilabetetako lanaren emaitza da Gedar Langile Kazeta; baina ez Gedar osatzen dugun kideon lanarena soilik. Proiektu hau ezinezkoa izango litzateke Euskal Herriko langile klaseak, bere askapenaren bidean, autoantolaketari ekin izan ez balio, borrokari eutsi ordez amore eman izan balu. Gedar goranzko joera duen borroka horren emaitza da, ezbairik gabe.
Borrokatik jaioa eta borrokarako jaioa. Langile klasearentzat tresna politikoa izateko helburuarekin ekin diogu Langile Kazetaren eraikuntzari. Hedapen politikorako kazeta da Gedar, bada; langile klase iraultzailearen ikuspuntua zabalduko duena. Zentzu horretan, ez diogu errealitateari itxurazko inpartzialtasun eta neutraltasun batetik helduko. Ez dugu objektibotasunaren izenean egia abstrakturik aldarrikatuko. Kontrara, klase zapalduaren egia aldarrikatuko dugu; kontzienteki politikoa den tresna da Gedar Langile Kazeta.
Posizio horrekin koherentziaz, kapitalismoaren kontraesanek egunerokoan sortzen dituzten ondorioak ausazkoak ulertu ordez, osotasunarekin duten erlazioaren arabera aztertuko ditugu, haien ezinbestekotasunean. Izan ere, albisteen forman aurkeztutako informazioaren atzean ere klase baten ikuspuntua ageri baita: informazioaren hautaketan, berau egituratzeko moduetan, erabilitako kontzeptuetan… guztietan errealitatea interpretatzen duen subjektuak aurretik eraikitako eta jasotako gaitasun eta tresnen arabera burutzen baitu bere jarduna.
Bide horretan, zentzu performatiboan lan egingo dugu. Hau da, errealitatea ulertzeko baliagarriak izango zaizkigun kategoriak artikulatuko ditugu, errealitatean bertan eragin asmoz. Kategoria horien eraikuntza kontraesankorra izango da; hala, langile klasearen garapen dinamikoa kontatzeko eta bere potentzia politikoa proiektatzeko gaitasuna izango dute, testuinguruaren mugak eta muga horiek sortzen dituzten aukerak azaleratuz.
Adierazitako helburuei erantzuteko atal desberdinetan egituratuko da Gedar.
- Aktualitatean langile klasearen antolakuntza espresio ezberdinen inguruko eta hauen aurkako erasoen inguruko albisteak irakurtzeko aukera egongo da;
- Ikuspuntuan langile klaseko kide desberdinek egingo dituzten analisi politiko zorrotzak aurkitu ahalko dira, eta
- Langile Zientzian ikerketa teorikoa eskatzen duten auzi politikoen inguruko lanak.
Gure jarduna bitarteko hauek eskainiz hasiko dugun arren, datozen hilabeteetako bide orria markatuta daukagu jada. Aukera guztiak garatzeko, baina, proiektuaren zutarri den indar militanteaz gain ezinbestekoa izango dugu jaso dezakegun ekarpen oro.
Beraz, Langile Kazeta elikatzen lagundu nahi bagaituzu, aukera desberdinak izango dituzu: www.gedar.eus bisitatzea eta bere edukia hedatzea, bono laguntza eskuratzea, baliagarriak izan ahal zaizkigun bitartekoak eskaintzea edota aurrerago gure jardunean laguntzeko jarriko ditugun aukera desberdinak baliatzea.
Bidean ikusiko gara. Laster arte!