45 pertsonak aldarrikatu zuten amnistia atzo Algeciras eta Puerto III-ko kartzelen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren deialdiari jarraituz.
11:00 aldera heldu zen autobusa Algeciraseko kartzelara, manifestarien aldeko giroa alaia eta ezin hobea zelarik. Autobusetik jaitsi, pankarta eta banderolak hartu eta koheteak airera botatzen zituzten bitartean Espainiako Polizia Nazionalak kartzela ondoan ezarritako kordoiraino hurbildu ziren.
Manifestariek amnistia eta borrokaren aldeko leloak oihukatu zituzten etengabe (‘presoak kalera, amnistia osoa’, ‘amnistiarik gabe bakerik ez’, ‘jo ta ke irabazi arte’, ‘espetxeak apurtu’, ‘abajo los muros de las prisiones’, ‘borroka da bide bakarra’)
Poliziek manifestariak grabatu zituzten baina ez ziren inor identifikatzera hurbildu. Bisitatik ateratako zenbait presoren senideek konfirmatu ziguten barrutik amnistiaren aldeko martxaren oihuak eta koheteak entzun ahal izan zituztela.
40 minuturen ondoren Mugimenduko kide batek bozgorailua hartu eta irakurketa politikoa egin zuen (http://amnistiaaskatasuna.blogspot.com.es/2015/04/entrevista-integra-de-boltxe-al.html eta http://amnistiaaskatasuna.blogspot.com.es/2015/03/apirilak-11-algeciras-eta-puertora.html). Irakurketa bukatuta manifestariek ‘internazionala’ eta ‘eusko gudariak’ abestu zuten.
Preso sozialen senideen arreta ere bereganatu zuen manifestazioak eta zenbaiten aprobazio keinuak jaso zituen martxak.
Algeciraseko ekimena bukatuta autobusa Puerto de Santa Maríara bidean jarri zen. Autobusaren atzetik Polizia espainolaren kotxe kamuflatuak Puertoaraino. Polizia Puerto I‑eko kartzela atarian zai zeukala jakinik, autobusa zuzenean abiatu zen Puerto III-ko kartzelaraino. Algecirasen bezala manifestariek pankarta hartu eta koheteak botaz oihuka hasi ziren.
Kartzela osoari buelta ematea zen intentzioa baina polizia agertu eta kordoi bat egin zuten manifestazioak aurrera egin ez zezan. Hala ere oihuak etengabeak izan ziren. Barrutik euskarazko leloak entzun ziren eta baita preso sozialek poliziei zuzenduriko iraina ere.
Manifestari guztiak identifikatu eta gero (guregana hurbildutako Puerto III-ko preso baten senidea eta andaluziar solidario bat barne, eta autobuseko txoferrak ere bai) autobusean igotzen behartu zituzten eta kilometro luzez eskoltatu zituzten poliziek.
Autobusak Euskal Herrirako bideari ekin zion eta hortxe, Euskal Herrian sartu eta berehala, Guardia Zibilaren kontrola zeukan zai. Ordu erdiz autobusa geldirik izan zuen Guardia Zibilak eta lagun guztiak identifikatu zituen. Argi dago txakurradak interes handia daukala gure Amnistiaren Aldeko Mugimendua kontrolpean edukitzeko.
Goizeko 4etan heldu zen Bilbora Amnistiaren Aldeko Martxa, nekatuta baina harro eta pozik.