[wpdm_package id=73984 template=«link-template-calltoaction3.php»]
Lehenik eta behin, zorionak. Zorionak noski Dabid, Haritz, Walter, Gabi eta Unairi zein Askapenari, atzo ezagututako epaiagatik. Beraientzako ez-ezik ordea, zorionak azken hilabeteotan internazionalismoaren eta eskubide zibil eta politikoen alde Herriak Libre dinamikan zein beste hamaika modutan lanean aritu garen guztioi. Epaiaren aurreko borrokak eta mobilizazio herritarrak epaia bera are gozagarriagoa egiten du.
Atzokoa egun adierazgarria izan zen disidentzia eskubidearen eta eskubide zibil eta politikoen alde ari garen Eleak/Libre dinamikako lagunentzat. Urteetako bidegabekeriari amaiera jartzen zion epaia ezagutu genuen, batetik. Egun berean, ordea, Iruñeako Babesgune honetatik ehun kilometro eskasera, Txanpi eta Emilio iruindarrak espetxeratuak ziren. Haien atxiloketatik 10 urte igaro direnean, 11 eta 13 hilabetetako zigorrak betetzeko. Emiliok 75 urte ditu, eta larriki gaixo dago.
Hau da: Batzuetan bortizkeria gutxiagorekin aplikatuko dizkigute, bestetan modu ankerragoan, baina salbuespen politiken menpe jarraitzen du herri honen bizitza sozial eta politikoak, mehatxupean gure jarduera militanteak eta gure ametsak. Atzoko zorioneko epaiak ez digu errealitate hori bistatik galdu arazi edo gozotu behar.
Eta, zoritxarrez, ez gara ari soilik Madrilen eta Parisen epizentroa duten injustizia eta eskubide urraketez. Ikasle grebetan edo Troikaren aurkako mobilizazioetan parte hartzeagatik urteetako espetxe zigorrak eskatzen dituzten epaitegiak; Herri Harresien aurka oldartzen diren polizia ezberdinak, etorkinaren ehizan aritzen direnak edo Iñigo Cabacasen erailketa argitzea ekiditen saiatzen direnak; Ordenantza Zibikoak inposatzen dizkiguten politikariak; horiek guztiak askoz hurbilagokoak ditugu.
Gatazka armatuaren urteetan zein azken urte hauetan garatutako salbuespen neurri guztiak indargabetu beharra dugu. Legedi antiterrorista, Mozal Legea zein ordenantza Zibikoak, denak. Jendarte-eraldaketan aritzeko eskuak lotuta jarraituko baitugu bestela.
Herri auto-antolatua eta aktiboa dugu horretarako berme bakarra. Praktikatu dezagun gure disidentzia eskubidea, nork txarto deritzonaren aurka eta amesten duenaren alde. Eta, eskubideon praktikagatik inor kolpatua den bakoitzean, elkartu gaitezen zigortuaren eta gu guztion eskubideen babesean.
Eleak/Libre dinamikatik, erasoen aurreko babesgune horiek sustatzen jarraituko dugu. Auzolanean, xamurtasuna eta amorrua antolatuz, irudimenez eta umorez, desobedituz, konpromiso zabalak batuz, jendarte babesa irudikatuz.
Hortaz, zorionak, eta lanera.
Eleak/Libre dinamika
2016 – 2‑4