7000 pertsonatik gora mobilizatu gara mugimendu feministak azaroaren 25erako antolatutako manifestazio eta elkarretaratzeetan
Berriro ere Euskal Herrian bizi garen hainbat emakume eta gizon irten gara kalera indarkeria sexistari gure ezetza ematera. Euskal jendartea zoriondu nahi dugu kaleak “Aski da!” oihuarekin bete ditugulako.
Atzoko egunean zehar hainbat mobilizazio egin genituen mezu argi batetik, indarkeria sexistari aurre egiteko prest gaudela. Eta beste behin ere, instituzioak beren diskurtso faltsuarekin itxurak egitera irten direlakoan gaude. Bilgune feministatik argi dugu zein den instituzioen betebeharra eta hori da behin eta berriro exijituko dieguna; neurri efikaz eta integralak emakumeon kontrako indarkeriarekin bukatu ahal izateko. Indarkeria mota honen izaera estrukturala aitortzea ezinbestekoa da lana ongi egitekotan.
Indarkeria sexistak izaera estrukturala duela esaten dugunean benetako aldaketa baten beharra exijitu nahi dugu, jendartea eraldatzeko, sistema patriarkala errotik erauzteko determinazioa hartu eta aurrera eramatea. Euskal Herri parekidearen aldeko lana da funtsean egin beharrekoa.
Bukatzeko, azaroak 25az haratago, emakumeoi autodefentsarako deialdia luzatzen diegu. Geure burua defendatzeko dugun gaitasunean egunero sinesten eta erasoei aurre egiten jarraitzeko deia.