Mugimendu abertzaleak, Ipar Euskal Herriaren geroari begira, momentu politiko inportante bat izanen du kudeatzeko ondoko martxoan: Balladur erreformaren eztabaidaren giroan, eskuldeetako hauteskundeak iraganen dira eta bestetik, Baterak Kontsultak antolatuko ditu hainbat herrietan.
Hortaz, momentu politikoak duen garrantzia kondutan hartuz, ikusi da beharra EHAren inguruan bildu diren militante ezkertiar eta abertzaleen multzo zabalean haren kudeaketak suposatzen dituen eztabaida eta erabakien konpartitzea. Izan ere, joan den Europar hauteskundeetan militante andanak aktiboki partehartu du EHAren kanpainan eta ehunka izan dira hautagaitza hori sustengatu duten abertzale eta ezkertiarrak. Halaber, lortu diren milaka bozekin proiektu abertzale eta ezkertiarra ongi errotua dela Iparraldean erakutsi da.
Hori dela eta, abenduaren 12an antolatua den biltzar nagusiak hitza eman nahi die, EHAren inguruan mugitu diren militante ezkertiar eta abertzale guzieri
Biltzar nagusi hortan 3 gai aipatuko dira: martxoko eskualdeetako bozak, Bateraren galdeketa eta EHAren geroa.
1- Martxoko eskualdeetako bozak
Helduen den martxoan eskualdeko hauteskundeak iraganen dira. 2014 urtea arte eramanen gaituen ziklo berri baten hastapena. Abertzaleak, aintzineko Legebiltzarreko eta Kantonamenduko hauteskundetarako, EH BAI formula horren pean (3 alderdi osatzen duten koalizioa AB, Batasuna eta EA), aurkeztu ziren. Europarrendako, aldiz ez da posible izan. EH BAIk emaiztak biziki onak erdietsi ditu. Euskal Herrian eskuina eta zentroari baliogarria den alternatiba gisa azaldu dira abertzaleak. Idekitzen den hauteskundeen zikloa alternatiba horren konkretizazioa eta indartzea lortzea da helburua,. Horren ondorioz, heldu diren hauteskundeetako EH BAI eraginkorrena den formula gisa ikusten da. Beraz, ondoko eskualdeetako hauteskundeetzat EH BAIn inguruan alderdiek mamitu dezaketen akordioa ontzat hartzea proposatuko da
2- Bateraren galdeketa
Balladur deitu Frantses instituzioen erreformak departamenduaren desagertzearen perspektiba argiki pausatua du. Testuinguru honetan, azpimarratu behar da lehenik eta behin, Autonomia bezalako aldarrikapenak geroz eta sentsu gehiago hartzen duela.
Bainan dudarik gabe, Baterak antolatzeko asmo duen kontsultak Iparraldean eztabaida instituzionalak hartuko duen bilakaeran ondoko urteetan markatuko du. Hortaz positiboki baloratu behar da Bateraren baitan, departamenduaren aldarrikapena gainditzeko sortu diren eztabaidak. Izan ere, departamemduen desagertze perspektiba geroz eta argiagoa ematen ari denean, eztabaida instituzionala molde idekian pausatu behar da, bihar Europa mailan gauzagarriak izanen diren formulen inguruan gogoetatuz, eta gizartean gure herrialdeek haien geroa eraiki ahal izateko beharrezkoak lituzketen podere eremuen (edo eskumenen) inguruko eztabaida ideki bat zabaltzeko aukera eskainiz.
Hori dela eta, badirudi eztabaida bat sortua dela Bateran, martxoko galdeketaren formulazioa idekian uzteko, departamenduaren erreferentzia espreski aipatu gabe.
Ariketa demokratikoa den neurrian, begi onez ikusi daiteke kontsulta baten aldeko ekimen bat. Hortik haratago, martxoan Baterak pausatzekoa duen galdera, Iparraldeak beharko lukeen instituziori begira molde idekian formulatua bada poztu beharko gara, horrek Autonomia bezalako aldarrikapena defendiatzen dutenei ekimenaren parte izateko aukera eskaintzen baitie.
3- EHAren geroa
Europar hauteskundeetan EHAren hautagaitzak agerian utzi duen proiektu ezkertiar eta abertzalearen aldeko sustengu zabala. Ehunka militanteek sustengatu dute EHAren hautagaitza eta sei mila bozka eskuratu dira Autodeterminazioaren alde eta liberalismo basatiaren aurkako jarrera bultzatzeko eta indartzeko.
Galdera pausatua orain, nola eman aukera Europar hauteskundeen kanpaina denboran proiektu abertzale eta ezkertiarraren alde lan egin dutenei proiektu honen alde iraunkorki lan egiteko. Hau da, zer segida eman EHAren aldeko dinamikari?
Hortaz, abenduaren 12ko Biltzar Nagusian, hauteskunde soiletatik-at, europar hauteskundeetan EHArekin abiatu zen dinamikari jarraipena ematea proposatuko da.
Biltzar Nagusia Kanboko Larrazkena gelan izanen da eta goizeko bederatzitan hasiko da.
Ezker Abertzalea