Des-Kontrol musika taldeko kideek ostiral gauean Barakaldon jaso zuten jipoia gaitzetsi eta salatu dute amnistiaren aldeko mugimenduak, Boltxe Kolektiboak eta San Bizenteko Jai Batzordeak, besteren artean.
Barakaldoko San Bizenteko Jai Batzordeak gogor salatu du joan den ostiralean gertatutakoa. «Iluntzeko hamarrak inguruan, jaiekin eta batzordearekin zerikusirik ez duen jende talde bat jaiak ospatzen ari ziren tokira sartu zen ukabil amerikar eta borrekin. Haien helburua ‑ohar batean adierazi zutenaren arabera‑, festetan parte hartzekoa zen musika talde bat boikotatzea zen». Horien arabera, «Des-Kontroleko taldekideen aurkako erasoak arrisku larrian jarri zuen jaiez gozatzen ari zen jendea, eta taldeak ezin izan zuen ondorengo kontzertuan parte hartu». Arrasateko taldeko kideez gain, inguruan zegoen jendeak ere kolpeak jaso zituela jakinarazi zuen Jai Batzordeak, eta inguruko tabernetan hainbat kalte material sortu zirela.
Barakaldoko amnistiaren aldeko mugimenduko kideek, halaber, gertaera gogor salatu zuten eta Des-Kontrol musika taldeak bere ibilbidean euskal preso politikoen defentsan erakutsitako jarrera eta konpromisoa nabarmendu zuten. «Ostiralean jasan zuten erasoa salatu nahi dugu, eta taldekide guztiei gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi diegu», gaineratu zuten.
Boltxe Kolektiboaren hitzetan, «Euskal Herria eraikitzen ari garenontzat lotsagarria da horrelako gertaeretan parte hartzen duten basapiztiek duten jarrera». «Elkartasun osoa adierazi nahi diegu Des-Kontrol taldeko kideei, baita beraien musikaz gozatzen duten guztiei ere», adierazi zuen taldeak ohar baten bitartez.
Ostiral gauean
Barakaldoko Herri Kolore elkarteak adierazi zuenez, taldekideek «zauri oso larriak eragiteko leku zehatzetan» jaso zituzten kolpeak. «Taldekideetako batek zortzi puntu ditu buruan; beste batek lau puntu buruan eta mokorrean zauri larria; hirugarren batek bi puntu buruan, kolpea sudurrean eta ubeldurak begi batean eta atzamarretan; eta laugarrenak eskua apurtuta, zauriak lepoan eta belarrian eta ubeldura ugari bizkarrean», jakinarazi zuten.