Apirilaren 17an «Egia nahi dugu» lemapean burutuko den manifestapena dela eta, Euskal Herri mailako hainbat alderdi politiko beraien atxikimendua agertarazi dute. Baionan egin den prentsa aitzineko baten bitartez Abertzaleen Batasuna (AB), ANV, Aralar, Batasuna, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea eta Nouveau Parti Anticapitaliste (NPA) alderdiek sostengu talde honek adostutako manifestuaren aurkezpena egin dute, manifestapena parte hartzeko bakoitzaren motibazioa agertuz.
EGIA NAHI DUGU!
Jon Anza euskal militantearen heriotzaren egia osoa nahi dugu.
Joan den urteko apirilaren 18an desagertu zen, azken aldiz Baionatik Tolosara zihoan trenean izan zen ikusia. Hamaika hilabete ondoren agertu da gorpua Tolosako ospitale batean.
Maiatzaren 15an Baionako prokuradoreari jakitera eman zitzaion apirilaren 18tik desagertua zela. Maiatzaren 20an ETAk bere desagertzea salatzen du.
Prokuradoreak ikerketa abiatu zuen polizia judiaialarekin. Urtebete ondoren aitortu du bere ikerketak huts egin duela. Afera guzti honetan hutsegite burokratikoak eman direla. Orain jakinarazi dute ospitaletik, polizia eta Tolosako prokuradorea jakinaren gainean jarri zutela. Ardurak batetik bestera pasarazten dituzte. Kontraesanez betea da afera. Bertsio ofizialak ez digu inondik inora sinesgarritasunik eskaintzen.
Salatzen dugu aferaren gainean arduradun judizial eta polizialen portaera. Hastapenetik. Gorpua agertu da, egoera oso susmagarrian. Indar armatu espainol eta frantsesen esku hartzea aferaren erdigunean dirudi. Hamar egunez noren eskutan izan da? Hamaika hilabetez Tolosako ospitalean izan dela erran dute. Posible ote da halakorik azpian esku beltzarik izan gabe?
Gorpua agertu izanagatik ez da afera amaitu. Bistan da iluntasun haundia dela. Hastapeneko susmo txarrak konfirmatzen joan dira. Galdera asko pausatzen ditugu. Izan ere, galdera asko da airean, eta euskal herritarrok erantzunak ditugu exijitzen.
Familiarekiko tratua salatu nahi dugu, bestalde. Hilabete luzetako dramaren ondoren tratu umiliagarria jaso dute. Zer ote dute ezkutatzeko?
Engaiatzen gara afera honetan egia osoa jakin arte. Deialdia egiten dugu herritar orori ardurak, erantzunkizunak eta egia galdetzera. Alliot Marie andereari eta Rubalcaba jaunari egi osoa erran dezaten eskatzen diegu. Apirilaren 17an finkatu dugu hitzordu inportantea, deialdi zabala, frantses agintariei egia osoa argitu eta publikoki jakinarazi dezaten exijituko dugu.