Egunkaria auziko epaiak funtsean Auzitegi Nazionala bera kondenatu du, urteotan behin eta berriz egindako bidegabekeriak agerian utzi dituelako. Absoluzioen garrantzia inolaz ere gutxietsi gabe, hor datza erabakiaren garrantzia
Joan Mari Torrealdai, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi absolbitzea erabaki berri du Auzitegi Nazionalak, hasiera-hasieratik, “Euskaldunon Egunkaria” itxi zuen egun madarikatu hartatik, zorigaiztoko 2003ko otsailaren 20 hartatik, sekulako bidegabekeria zena zazpi urte amaigabez luzatu ondoren. Latza eta garratza izan da, oso bereziki auzipetuentzat, eta zazpi urte hauetan pilatutako sufrimendua ez da inolaz ere epaiaren hitzen eta lerroen artean urtu. Espainiar Estatuak egindako kaltea handiegia izan da; benetako ordaina, beraz, ezinezkoa.
Javier Gomez Bermudez, Manuela Fernandez eta Ramon Saez Auzitegi Nazionaleko magistratuek bost auzipetuentzako absoluzioa erabaki dute, inoiz ez dutelako ETArekin inolako harremanik izan eta “Euskaldunon Egunkaria” ixteko arrazoirik ez zegoelako. Horixe da, hain zuzen ere, epaiaren alde praktikoa, euskal herritar gehienok irrikan espero genuena, Justizia komenigarritasun politikoen arabera erabiltzen den zerbait baino dezente gehiago dela uste dugunok behintzat.
Egunkaria auziko epaiak, ordea, beste alde bat ere badu, izugarri garrantzitsua baita ere, eta hori da nik nabarmendu nahi dudana, sententziak funtsean Auzitegi Nazionala eta espainiar Estatuko Justizia bera kondenatu dituelako. Izan ere, epaimahaiak Auzitegi Nazionalean ohikoak izan diren, eta diren, prozedurak eta jarduerak zalantzan jarri eta kritikatu ditu legearen aurkakoak direlako, aspaldidanik euskal herritar asko eta asko zigortzeko eta kartzelara bidaltzeko balio izan duten prozedurak, alegia. Euskal Herrian ez da berria tortura salaketak ez ikertzea; edo kazeta bat (Egin) behin-behinean edo kautelaz ixtea, legeak horretarako aukerarik ez eman arren; edo aztarna baino ez dena frogatutzat ematea; edo lehenik eta behin akusazioaren tesia ezartzea eta horren ostean zantzu bila hastea; edo, azkenik, akusazioa sostengatzen duten guardia zibilak epaiketan peritu gisa ere aritzea.
Oraingoan Gomez Bermudezek, Fernandezek eta Saezek salatu duten hori guztia ez da berria Euskal Herrian; ez gaitu ez ustekabean harrapatu, Auzitegi Nazionalean hori eguneroko ogia dugulako, ohiko prozedura euskal gatazka politikoa jokoan sartzen denean (edo, hobe esanda, sartzen dutenean), orduan beti begiak itxita irudikatu ohi den Justiziak objektibotasuna alde batera utzi eta alderdikeriaz jokatzen baitu, bai Auzitegi Nazionalean, bai Gorenean, bai Konstituzionalean.
Beraz, Egunkaria auziko epaiak funtsean Auzitegi Nazionala bera kondenatu du, urteotan behin eta berriz egindako bidegabekeriak agerian utzi dituelako. Absoluzioen garrantzia inolaz ere gutxietsi gabe, hor datza erabakiaren garrantzia, Auzitegi Nazionalari egindako kritika zorrotzean, alegia, magistratuek orain esandakoak etorkizunari begira ondorioak izan beharko lituzkeelako eta hemendik aurrera mota horretako jarduerek eta prozedurek behin betiko desagertu beharko luketelako. Tamalez, Euskal Herriko historiak ederki irakasten digu ezin gaitezkeela inozoak izan eta sententziak ekarriko dituen ondorioei buruz idazterakoan baldintzazko aditz formak erabili behar dira horregatik, epai honek, hain garrantzitsua izanda ere, ez dituelako gauzak egun batetik bestera aldatuko.
Ez, Patxi Lopez lehendakaria eta PSE bere alderdia tematu arren, hau ez da Zuzenbide Estatuaren garaipena izan, epaiak ez du frogatu espainiar Estatuan Justiziak funtzionatzen duela, kontrakoa baizik; haren gabeziak eta hutsuneak azalarazi ditu, orain, horiek estali nahian edo, Lopez absoluzioekin pozaren pozez agertzen saiatzen ari bada ere. Bide batez, non zegoen bera duela zazpi urte Del Olmo epaileak “Euskaldunon Egunkaria” ixteko agindua eman zuenean? Txalotzen, bidegabekeria justifikatzen. Lehendakari, hemerotekari ezin e