Nafarroako Gobernuak sindikatuekin «zirkuitu elebidunak» sinatu zituen 94 urtean, alabaina akordio hau behin ere eta administrazioaren ezein ataletan ere ez da bete. Orain arazoa askozaz ere larriagoa da, izan ere lehen borondate ezagatik ez zen betetzen, eta orain aitzakia merkea dute, izan ere gastu publikoaren murrizketaren harira euskalduntzera bideratuta dauden diru partidak bidegabe murrizten ari baitira.
Azken urteetako Hezkuntzako euskarazko lerroetako matrikulazioaren aldeko bilakaerak, eta lerro hauen egungo nagusitasunak ume eta jende gazte euskaldunen ugaltzea ekarri badu ere honek ez du euskara betekizuntzat duten plazen gehikuntzarik ekarri ezta gutxienekotzat jo genitzakeen zerbitzuetan ere, hala nola pediatria, larrialdiak, informazioa, …
Osakidetzari dagokionez esan zuzendaritzak euskara plana bultzatzeko konpromisorik ez duela agertu, eta adierazi dutela kalitatea neurtzean ez dutela euskara ebaluatuko. Hala, euskara normalizatzeko tresna bat galduko da, besteak beste, Osakidetzako erakundeek ez baitute konturik eman beharko euskarari buruz egiten dutenaz edo egiten ez dutenaz.
Bestalde, Osakidetzan euskara ikasteko liberatuen kopurua %25 jaitsi dute. Iazko urrian Osakidetzako 231 langilek hartu zuten liberazioa lanetik, euskara ikasteko. Aurtengo urrian 173 langile izango dira, nahiz eta Osakidetzak horiek baino eskaera gehiago jaso dituen.
Gauzak honela, eta euskaraz hitz egiteko eskubidea egikaritu nahi izan duten hainbat pertsonak pairatu behar izan dituzten momentu desatseginak ikusita, argi dago eskaldunak bigarren mailako hiritar gisa tratatzen gaituztela.
Osasunbidean zein Osakidetzan lanera sartzeko prozeduretan, eta promoziorako prozeduratan euskaldunok kaltetuta
Hainbat administraziotan lanera sartzeko iragarri berri dituzten zenbait oposizio edo lan poltsa osatzeko deialdiak euskaldunon hizkuntza eskubideen kaltetan egin dira: Osakidetzan euskaldunei temarioak askoz ere beranduago bidali izan zaizkie (kasu batzuetan ezta azterketarako garaiz ere ez).
Osasunbidean euskaldunei lekualdatzeak eta promozioa lanpostu jakin batzuetara mugatu egiten zaizkie, euskaldunak izateagatik eremu euskaldunean dauden larrialdietako nekazal zerbitzuko mediku eta erizain lanpostuetara baino ezin dute promoziorik egin. (Egun sententzia bat dago hau legez kanpokoa dela esaten duena).
Osakidetzan derrigortasun data agortua duten lanpostuetan, aldi baterako kontratazioak (ordezkapenak, …) hizkuntz eskakizunaren betekizuna eskatu gabe egiten dira.
Osasunbidean euskara atzerriko hizkuntzen estatus berean kokatua dago
Osasunbidean euskarak Europako gainerako hizkuntzek bezala puntuatu ohi du oposizioa prozesuetan.
Legez eremu ez euskaldunean euskarak Europako hizkuntzek beste puntuatzen du, eremu euskaldunean beste hizkuntza europarrak baino %10 gehiago baloratu daiteke eta eremu mistoan %6 gehiago baloratu daiteke, baina esan bezala praktikan eremu guztietan euskara eta Europako atzerriko hizkuntzak berdin baloratu ohi dituzte.