Larunbat honetarako, apirilak 30, hip hop kontzertua antolatu du Itzubaltzeta gaztetxean Koska irratiak.
Horrenbestez, Revolta Permanent, 123 Krew eta Pablo Hasel igoko dira agertokira. Sarrerak 5 eurotan egongo dira. Izan ere, bildutako diruaz, Uribe Kostako irrati libreak egun pairatzen ari den egoera ekonomi larriari aurre egin nahi diote. «Kontuan baldin badugu Koska irratiak ez duela liberaturik, musikari guztiak musu truk datozela eta Itzubaltzeta gaztetxeko lagunak laguntzeko prest agertu zaizkigula, erronka ederra dugu esku artean, auzolanean aurrera eramango duguna», azaldu dutenez.
Kontzertua 20:00etan hasiko da. Abestuko duten lagunei dagokienez, musikari internazionalista eta komunista dugu Pablo Hasel, errepresaliatuen aldeko abesti asko egin dituena. Inoiz ez du jo Euskal Herrian eta «itxaropen handiak daude» gainera. Bestalde, Revoltako lagunak, 16 urteko gazte barakaldotarrak, hip hopeko etorkizunaren adibide garbiak dira. Azkenik, Ezkerraldetik datorkigu 123 Krew.