Argi gorriak piztuta
Jaiki Hadi elkarteak zabaldu dituen datuen arabera, euskal presoen %24 daude gaixo, eta presoen %6k gaixotasun larri eta sendaezinak dituzte
Jokin Sagarzazu
Gaixo dauden euskal presoak etxera eramateko eskatu zuten hainbat lagunek urtarrilean, Basauriko espetxearen atarian eginiko ekimen sinboliko batean bidez. /JON HERNAEZ /ARGAZKI PRESS
Kartzelak ikusi egin behar dira, eta jakin zer den 24 ordu han egotea; gogorra da». Arnaldo Otegirenak dira hitzok, duela bi aste Espainiako Auzitegi Nazionalean esandakoak. 25 urtetik gora espetxean eman duten euskal presoak ez ezik, gaixotasun larri eta sendaezinak izanda preso jarraitzen dutenen egoera ekarri zuen gogora ezker abertzalekoak. Euskal presoei ezartzen dizkieten bizi-baldintzek: sakabanaketa, isolamendua, presioak, elikadura desegokia, ziega ordu luzeak… espetxearen egitura fisikoak: gune hertsiak, modulu bereziak… eta espetxeetan urteak eramatearen zamak are gogorragoa egiten dute espetxealdia gaixo dagoen presoarentzat.
Minbizia, hiesa, bihotzeko zein buruko gaixotasunak eta bestelako gaitz larri eta sendaezinak dituzten hamar euskal preso daude gaur egun; kopuru osoaren %6 gutxi gorabehera. Zifra horrek nabarmen egiten du gora, osasun laguntza zuzena behar duten euskal presoak hartzen badira kontuan. Jaiki Hadi euskal presoak artatzen dituzten sendagileen elkartearen arabera, 143 euskal preso daude gaixorik Espainia eta Frantziako estatuen espetxeetan: 112k gaixotasun fisikoren bat dute, eta gainerakoek laguntza psikologikoa beharrezkoa dute. «Kasu hauek egoera krudel eta larri baten erakusgarri dira, alarma eta argi guztiak piztera eraman gaituztenak», adierazi dio BERRIAri anonimotasuna gorde nahi izan duen elkarteko psikologo batek.
Hainbat legek jasotzen dute gaixo dauden presoen kartzela zigorra murrizteko aukera, Espainiako Zigor Kodearen 92. artikuluak edo espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak izateak, esaterako. Alabaina, gaur egun ez dituzte bide horiek erabiltzen euskal presoen kasuan. Maiz, baldintzapeko edo behin-behineko askatasuna ematearen truke presoa «damutzea eta makurraraztea» bilatzen dutela ohartarazi du Jaiki Hadiko kideak. Gainera, neurri hori aplikatzen dietenean, presoak etxean «oso baldintza zorrotzekin» izaten dituztela salatu du.
Gaur egun, zortzi euskal preso ari dira espetxealdi arindua etxean betetzen: Bautista Barandalla, Angel Figeroa, Belen Gonzalez Peñalva, Mikel Gil Cervera, Marilo Gorostiaga, Juan Jose Rego Vidal, Jose Luis Elkoro eta Juan Pablo Dieguez. Egoera horretan egon zen Mikel Ibañez Elgoibarko presoa ere. Minbizi larria izan arren, etxetik irtetea debekatua zuen, sendagilearenera joateko ez bazen, eta betiere epailearen baimenarekin. Iaz hil zen.
Presoak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea da beste aukera bat. «Hurbilketarekin itxaropen bat pizten da presoen barruan, eta oso mesedegarria da senideentzat ere», dio Karlos Ioldik, Milagros Ioldi Langraizko espetxean dagoen euskal presoaren anaiak. Hala ere, neurri horrekin Espainiako Estatuak «maltzur» jokatzen duela salatu du. «Gerturatzen dituzten presoek presio politiko handia pairatzen dute, eta horrek koste handi bat suposatzen du psikologikoki. Presoen senideok barneratuta daukagu hurbilpenak kostu handia izango duela».
Nolanahi ere, euskal presoen senide eta lagunen kolektiboko kideak agerleku politiko berriarekin itxaropentsu daudela dio Ioldik. «Baikor gara ezker abertzaleak ireki duen garai berriarekin. Oraindik ez dugu argirik ikusten tunelean, baina itxaropentsu gaude».
Espetxeetako bizi-baldintzak
Jaiki Hadi elkarteko psikologoak nabarmendu duenez, euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika gogorrak eragin zuzena dauka haien osasunaren bilakaeran. Kasu askotan, kartzelan ez dira haien gaixotasunak zaintzeko baldintza egokiak izaten, eta azken hamarkadan gaixorik dauden euskal presoen bizi-baldintzek bereziki okerrera egin dute. «Gainerako presoei aitortzen zaizkien eskubideak ukatu egiten dizkiete euskal presoei».
Espetxeko Lege Organiko Nagusiaren 36.3 eta Espetxe Legearen 212.3 artikuluek jasotzen dute presoek konfiantzazko medikuekin egoteko eskubidea dutela. Haatik, duela zenbait urtetik hona, eskubide hori ere ukatu egiten zaie euskal presoei, eta espetxeko sendagileen esku uzten da haien osasun laguntza. Behar dituzten botikak hartzeko ere zailtasunak izaten dituzte larriki gaixorik dauden presoek. Laguntza hori «oso azalekoa» izaten dela nabarmendu du psikologoak.
Larri gaixoturik dauden euskal presoen osasun egoerak espetxean okerrera egiteaz gain, kartzeletako baldintza «txarrek» ere presoen osasun psikologikoan eragin nabarmena dutela dio elkarteko psikologoak. Zenbait presok kartzelan bizitakoaren ondorioz gaitz psikologikoak izaten dituzte: besteren artean, depresio larriak, paranoia eta zoramen larria, eskizofrenia, antsietatea, zoramenak dakartzan arazo psikotikoak, atxiloaldian jasotako tratu txarrek eragindakoak…
Milagros Ioldi euskal presoaren egoera jar daiteke adibide gisa. «Atxiloaldian torturatu egin zutenez, geroztik psikologikoki gainbeherak izan ditu, eta azken garaiotan haren egoerak okerrera egin du», azaldu du Karlos Ioldi anaiak.
Zenbaitetan, gainera, gaixotasun horiek muturreraino iristen dira, eta presoak beren buruaz beste egiten saiatzen dira. Buruko nahasmenen ondorioz, zortzi euskal presok hil dute beren burua 1985az geroztik. Zortzi pertsona horiek nahasmen edo desoreka psikologiko nabarmenik gabe espetxeratu zituzten, eta denboraldi ez oso luze baten ondoren beren buruaz beste eginda aurkitu zituzten.
Zerk eramaten ditu atxiloketa unean pertsona orekatuak zirenak handik urte batzuetara gisa honetako erabaki latzak hartzera? «Espetxe politika zehatz batek», Jaiki Hadiko kidearen arabera. «Euskal presoen kasuan presoaren damutzea bilatzen da, eta hori lortzen ez badu, bide bakarra eta ikaragarria erabiliko du: espetxealdia infernu bat bilakatzea presoarentzat, eta bizi osorako luzatzea», azaldu du.
Buruko gaitzak dituzten presoen zaintza ere ez da samurra. «Utzikeria da nagusi», salatu du Ioldik. Konfiantzazko medikuarekin gertatzen den bezala, azkenaldian kanpoko psikologoei eta psikiatrei ere debekatzen ari zaie presoekin egotea. Eta espetxera sartzeko aukera dutenek «oso baldintza zailetan» egiten dute euren lana, azaldu du Jaiki Hadiko kideak. «Espetxean segurtasuna da balio nagusia, presoaren osasunaren gainetik. Segurtasunaren aitzakia erabiltzen da gainerako eskubide guztiak urratzeko», salatu du. Kontsultetarako lekualdatzeetan suertatzen diren egoerak «guztiz salagarriak» direla dio: bidaia luzeak izaten dira, eskuak loturik eramaten dituzte, jarrera behartuetan, askotan, furgonetetako tenperaturekin jokatzen dute…
Era berean, ohikoa da presoari, haren familiari eta konfiantzazko medikuari osasun egoerari buruzko informazioa ukatzea. Sekretu profesionala, segurtasun arrazoiak eta gisako «aitzakiak» erabilita. Hartara, elkarteko psikologoak dio senideen eta abokatuen kanpoko «presioa» ezinbestekoa dela larriki gaixo dauden presoen jarraipena egiteko. «Muturreko egoerak daudenean soilik mugitzen dira espetxeetako arduradunak, hau da, presoa hilzorian dagoenean», dio Jaiki Hadiko kideak, Ibañezen kasua gogora ekarriz. Osasun arloan heriotza da muturreko ondorioa, eta espetxeko «laguntzarik ezaren» ondorioz ere heriotza zerrenda beltza dago. Hala, gutxienez hamahiru euskal preso hil dira kartzeletan 1980az geroztik.
Gaixotasun larriak dituzten euskal presoak
Larritasunagatik aske uzteko eskatu duten presoak
• Milagros Ioldi. Langraizko espetxean dago. Nahasmen bipolarra dauka. Hamalau urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta hil honetan zigorraren hiru laurdenak beteko ditu.
• Ibon Iparragirre. Sevillako espetxean dago. Seropositiboa da orain dela hogei urte baino gehiagotik, eta depresio sindromea dauka. 2010ean atxilotu zuten, eta epaiketaren zain dago oraindik.
• Txus Martin Hernando. Soto del Realgo espetxean dago gaur egun. Nahasmen eskizo-afektiboa dauka, delirio osagarriekin. Ia zortzi urte bakarturik egin zituen Frantziako espetxeetan. 2010ean zainak mozten saiatu zen, eta paranoia larriekin jarraitzen du oraindik. 2002an atxilotu bazuten ere, epaiketaren zain jarraitzen du Espainian.
Euskal Herrira ekartzeko eskaera egin dutenak
• Jose Angel Biguri. Donostiako Martuteneko espetxean dago une honetan, prostata ebakuntza baten zain. 1989. urtean atxilotu zuten, eta 30 urteko zigorra jarri zioten. 2008an, baina, 2016ra arte luzatu zioten zigorra. 56 urte ditu.
• Inmaculada Berriozabal. Galiziako A Lamako espetxean dago. Hepatitisa, soriasia, hipertentsioa eta asma bronkiala dauzka. 59 urte ditu. 2009an zortzi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten.
• Iñaki Etxeberria. Zuerako espetxean dago. Fresnesko espetxean zela, erretina hemorragia eta ikusmenaren zorroztasunaren galera diagnostikatu zioten, eta itsu geratzeko arriskua dauka. 1996an atxilotu zuten, Frantzian, eta Espainiako Estatuak 30 urteko espetxe zigorra ezarri zion.
• Gotzone Lopez de Luzuriaga. Martuteneko espetxera ekarri zuten martxoan. Bularreko minbizia dauka. Hemezortzi urte daramatza kartzelan, eta aske egon beharko luke, baina Espainiako Auzitegi Nazionalak iaz erabaki zuen 2019ra arte zigorra luzatzea. Hainbatean ukatu diote baldintzapeko askatasuna.
• Jesus Mari Mendinueta. Albocassereko espetxean dago. Hernia diskala eta inginala dauka; era berean, aldian aldiko prostatisa eta uveitisa diagnostikatu dizkiote. Hogei urte daramatza kartzela; abuztuan irten beharko luke espetxetik.