Hemen elkartu garen partidu politiko, sindikatu eta eragileok, euskal preso
politikoek frantziako eta espainiako kartzeletan bizi duten egoerari buruzko
kezka agertu nahi dugu herritarren aurrean. Haien eskubideak berehala
errespetatuak izan daitezen, eta oraindik ‑orain errepresio irizpideetan
iltzaturik dirauen kartzela politika gainditua izan dadin, gure konpromisoa
agertu nahi dugu.
Eskubide oinarrizkoenak urratzeaz gain, Euskal Herrian zabalduriko denbora
politiko berriak eskatzen duen parametroetatik erabat aldendurik dago
kartzela politika. Gure indarrak batzea funtsezkoa da berau gainditzeko.
Kartzela politikak lehen bait lehen abandonatu behar ditu mendeku, xantaia
eta erabilpen irizpideak, Euskal Herrian zabalduriko prozesu
demokratikoarentzat oztopo izatetik, bakea eta konponbide demokratikoa
sustatu eta elikatzeko esparru izatera pasatuz.
Hartara, kartzelan bizitzen diren egoerarik gordinenak berehala desagertu
behar dute. Igarotzen den minutu bakoitza zama astun bat da euskal
jendartearentzat, eta oinarrizkoenak diren eskubideen galera nabarmenak
dakartza. Dispertsioak istripuak eragiten eta asteburu oro milaka pertsonen
biziak arriskuan jartzen jarraitzen du. Gaixorik diren preso politikoak
berehala askatu behar dira. Gainera, isolamendu, mitard eta bakartze
egoerak ezin dira gehiago zigor gisa erabili. Mozorropean aplikatzen den bizi
arteko zigorrak bukatu egin behar du, ezarria izan zitzaien zigorra beterik
ere kartzelan dirauten presoak askatuz, bai eta 3⁄4 beterik dituztenak ere.
Ildo horretan, irizpide honekin amaitzeko momentu garrantzitsuan aurkitzen
garela badakigu, bizi arteko zigorra faktikoki aplikatzeko 197⁄2006 dotrina
espainiako Auzitegi Konstituzionalak aztergai baitu. Neurri hau 71 preso
politikori ezarri zaie jada, garaian ezarri zitzaien kondena luzatua ikusi
dutelarik.
Europako kartzela legeria gogorrenaz ari gara hizketan, zeinak 30 urte baino
gehiago kartzelan emandako pertsonak egotea dakarren, eta 15, 20 edo 25
urteko kondenak bete ostean, zigorra luzatuz kartzelan segitzea posible
egiten duen. Demokrazia eta eskubideen aurka bete betean jotzen duen
irizpidea da hau, euskal jendarteko gehiengo zabal baten eskakizunei muzin
egiten diena, eta oinarri gisa erabilpena eta xantaia dituena. Hona ba, argi
bezain argi diogu, herri honen oraina eta geroan 196⁄2006 dotrinak ez duela
inolako tokirik.
Horregatik, urratze hauei guztiei eskufrenoa bota eta denon artean eskubide
guztien errespetua ardatz izango duen aldi berri bat eraiki dezagun, euskal
preso politikoen eskubideen alde manifestazio haundi bat egiteko deialdia
luzatzen diogu euskal jendarteari. Zentzu horretan, irailaren 17an Egin
Dezagun Bidearen ekimenez burutzekoa den manifestazioaren garrantzia
azpimarratu nahi dugu. Herritarrei deialdi zabala luzatzen diegu egun
horretan protagonismoa har dezaten, guztion artean kartzela politika alda
dadin bultzatzeko, Euskal Presoak beren eskubideekin Euskal Herrira ekar
ditzagun, bizi arteko zigorra ezartzen duen dotrina indargabetu dezagun eta
gaixorik diren presoak etxera ekar ditzagun.
Eskerrik asko.
LISTA DE ADHESIONES
PARTIDOS POLÍTICOS
Ezker abertzalea
Alternatiba Eusko
Alkartasuna
Abertzaleen Batasuna
Aralar
SINDICATOS
LAB
HIRU
EHNE
ESK
STEE-EILAS
AGENTES SOCIALES
Eleak
Etxerat
Bilgune
Feminista
Lokarri
Euskal Herrian Euskaraz
Ikasle Abertzaleak
Bai Euskal Herriari
Iratzarri
Euskal Herriak Bere Eskola
Gazte Abertzaleak
Askapena
Gazte Independentistak
Ezker Abertzale Historikoa