Amaiur koalizioko Bizkaiko zerrendan bosgarrena da Ane Muguruza datorren azaroaren 20ko hauteskundeetarako. Hain zuzen ere, igande honetan 22 urte egingo dira Estatu Terrorismoak bere aita, Josu Muguruza, Madrilen Herri Batasuneko beste kide batzuekin Parlamenturako lana prestatzen ziharduela erail zutenetik. Oraingoan alabak hartu dio lekukoa.
Azaroak 20an Estatu espainiarrean burutuko diren hauteskunde orokorretarako hautagaia zara Amaiurren zerrendetan. Zentzu bikoitzean egun berezia izango da zuretzat.
Bai, argi dago. Batez ere oroitzapenerako eguna izango da, oroitzapen asko etortzen zaizkizu burura eta egun sinbolokoa da, ez bakarrik niretzat, Euskal Herri osoarentzat baizik, Santi eta Josuren heriotzen urtemugak direlako. Hauteskundeei begira ere egun garrantzitsua da, egoera politikoak bizi duen aro berri honetan Amaiurrek apustu berezia eta indartsua egingo duelako.
Zein uste duzu dela Amaiurren erronka nagusia hauteskunde hauetan?
Batez ere herri honen hitza Madrilera eramatea, eta behingoz, Madrilen erabakitze eskubidea eta Euskal Herriaren eskubideak errespetatu daitezen eskatzea. Nik esango nuke hori dela batez ere Amaiurren erronka nagusia, Herri honen hitzak Madrilera arte eramatea.
Gaztea zara eta gertutik ezagutzen duzu gazteriaren egoera. Egun bizi dugun krisi ekonomikoaren aurrean gazteriak pairatzen duen prekarietatea eta klase politikoarekiko duen eszeptizismo eta mesfidantza kontuan izanda, zer eskaintzen dio Amaiurrek gazteriari?
Une oro gazteria desaktibatzen saiatu dira eta horrekin mesfidantza hori sortzea lortu dute, bai politikagintzan eta baita herrigintzan ere. Nik uste dut Amaiurrek Madrilera gazte mesfidatu guzti horien hitza eramango duela, benetan zer nahi duten edota zein kezka dituzten. Baina euskal gazteriak badauka horrelako berezitasun bat, berrindartzeko gaitasun handia duela, eta ikusita azken hamarkadetan, bereziki azken 10 – 15 urteetan, gazteria gogor kolpatu dutela, esan daiteke herri honen gazteriak baduela berezia bihurtzen duen zerbait. Ondorioz, nik uste dut ondo erantzuten jakingo dugula eta Amaiur izango dela euskal gazteriaren hitza, kezkak eta jasaten dituzten eskubide urraketa horiek errespeta daitezen eskatuko duen koalizioa.
Zer esango zenioke hauteskunde hauetan, bozka emateko orduan, zalantzak dituen gazteriari?
Amaiurrek islatzen du herri honen hitza. Eta gazte mesfidati guzti horiei esango nieke aro berri batean gaudela eta badela garaia gure herria eraikitzen hasteko eta indar metaketak sortzeko. Erronka honi ilusioz eta konpromisoz eutsi behar diogula esango nieke, eta benetan guk gazte bezala ditugun kezkak, prekarietatea, patriarkatua, hezkuntza sistemaren pribatizazioa,… Madrilera eramango ditugula. Guzti honen inguruan 15M mugimendua entzun izan dugu azken aldian, baina nik uste Amaiur izango dela euskal gazteriaren ahotsa defendatuko duena.
Gainontzeko alderdi politikoen aldetik urduritasuna sumatzen da Amaiurrek atera ditzakeen emaitzen aurrean.
Argi dago, ezta? Bai PNVk baita PSEk ere ikusten dute beraiek eraiki duten guzti hori pikutara doala eta, hein handi batean, Amaiurrek lehenengo momentutik egia esan duelako gertatu da hori, benetan herrian oinarritu delako, herriaren hitza errespetatuz. Nik uste dut hori garrantzitsua dela, Amaiurren atzean herri bat dagoelako. Beraz, normala iruditzen zait gainontzekoak urduri egotea eta argi dago emaitzetan ikusiko dela.
Ez zenuen aita ezagutu, baina ziur berak utzitako arrastoak eta ezagutu zutenek kontatutakoak harengandik gertuago sentiarazten zaituztela. Esperientzia berri honek bereziki lotu zaitu berari?
Bai eta aurretik ere komentatu izan dut jendearekin, berak utzitako bide horri jarraipena emateko era bat ere badela. Berak borroka bat hasi zuen eta erail zutenean ezin izan zuen horrekin jarraitu beste askok bezala. Beraz, modu honetan ilusioz hartu diot lekukoa.
Amaiurren izena kasualitatea al da zuretzat?
Kasualitatea edo ez, niretzat Amaiurren izena oso berezia da, aitaren errautsak bertan bota zirelako; garai batean aitak beste askorekin batera Herri Batasuneko mahai nazionala bertan aurkeztu zutelako eta Amaiurrek duen esanahiagatik ere. Independentziaren sinboloa da Amaiur eta independentzia herritar orori burura etortzen zaigun hitza da Amaiur entzuterakoan, Euskal Herri osoan Amaiurrek independe