Urtero bezala Emakumeak, erresistentzia eta errebeldia lemapean Bilgune Feministak, Askapenak eta GITE-IPESek antolatzen dituen jardunaldien baitan kokatu dute hitzaldia. Asma Lamrabet Islamean eta Koranean adituak hartuko du parte eta San Frantziskoko Auzo etxean egingo dute 19:00etan.
Bilgune Feministak, Askapenak eta GITE-IPESek antolaturiko Feminismo Islamikoari buruzko jardunaldien jarraipena egingo dute abenduaren 15ean. Emakumeak, erresistentzia eta errebeldia programan sarturik, feminismo islamikora hurbiltzeko saiakerarekin jarraituko dute aipatu elkarteek. Horretarako, ″Islamaren paradigmaren baitan egituraturiko mugimendu, diskurtso eta ekintza feminista aztertuko dituzte.
″Erabilera interesatuan edo ezjakintasunean oinarritutako estereotipo sentsazionalistak eta erredukzionismo gezurti eta faltsuak albo batera utzita″, islamiar feminismoaren proposamen teoriko eta ideologikoak aztertuko dituzte baita ″murgiltzen den gizarteen eraikuntzari eginiko ekarpena ere″.
Oraingo honetan, arabiar munduan gertatzen ari diren aldaketen aurrean ″islamiar feminismoaren erronkari″ helduko diote, ″bere antolaketa, sareak, estrategiak, borrokak eta beste feminismoekiko harremanak″ aztertuta.
Horretarako, Asma Lamrabet ekarri dute antolatzaileek. Islaman eta Koranean aditua, medikua-hematologoa, islamiar feminismoaren garapenerako nazioarteko GIERFI taldeko lehendakaria eta Islamari buruzko emakumezkoen ikerketa Zentroko zuzendaria (Rabat) da Lamrabet.