Iparra Galdu Baik plataforma zabaltzen ari den informazioaren arabera, Ibon Iparragirre Ondarruko preso politikoaren osasun egoera oso larria da. Ibonek HIESA dauka C‑3 estadioan. Bere gaixotasuna sendaezina da eta endekapenezkoa. Bere gorputzaren defentsak 184tan daude, 500etik behera egoera kritikotzat hartzen delarik. Gaixotasunak burmuinari eragiten dio eta ia ez du ikusten. Epilepsia kapituluak ditu eta gaitasun kognitiboa galtzen ari da.
Gaixorik egon arren Ibon dispertsatuta mantentzen dute eta FIES bizitza-errejimena ezarrita dauka. Gainera, azken 10 hilabeteetan lau jipoi jaso ditu preso sozialen edota kartzelarien partetik. Hau guztia ez da kasuala. Ibon bere militantzia politikoagatik dago preso eta horren ondorioz aplikatzen ari zaizkion zigorra ere politikoa da.
Bulego erosoetan egoten diren txakur gorbatadunek erabakitzen dituzte Iboni eta gainontzeko preso politikoei aplikatzen dizkieten neurri ankerrak, geroago epaile txotxongilo batek, kasu honetan José Luis Castro Antonio epaile prebarikatzaile ospetsuak, kutsu legala ematen dizkielarik bulego horietan hartutako erabakiei.
Benetan larria da preso politiko gaixoekin Espainiako estatua egiten ari dena. Iosu Uribetxeberria galdu berri dugu kartzelan bere gaixotasuna ez ziotelako behar bezala tratatu, eta atzo bertan Arkaitz Bellon bere ziegan hilik agertu zeneko lehenengo urteurrena izan zen. Ez gaude gure gudariak espetxean hiltzen uzteko prest eta Ibon Iparragirre eta preso gaixo guztien askatasuna exijitzen dugu. Era berean Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak ez ditu egoera honen erantzuleak seinalatu gabe utziko. PP, PSOE, PNV: zuek zarete egoera honen errudun nagusiak eta ez zaizue dohainik aterako.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak antolakuntzarako eta borrokarako deia egiten du. Soilik antolatutako herriak lor ditzake borrokatzen dituen helburuak. IBON ASKATU! PRESO GAIXOAK ETXERA!