Espainiako Poliziak hainbat lagun atxilotu ditu Estatu Islamikoari aurre egiteko Kurdistango Langileen Alderdiarekin (PKK) «gerrarako trebatzean» aritzea leporatuta. Bilbon ere atxiloketaren bat burutu egin dute. Hainbat hedabideren arabera atxilotuei, trebatze ariketak bukatu eta gero, YPG milizian sartzea egotzi diete, baita Alderdi Marxista Leninista sortzea ere.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendutik gogora ekarri nahi dugu Amerikako Estatu Batuek zein Europar Batasunak, Euskal Herriko hainbat antolakunde politikorekin egin zuten modu berean, PKK “talde terroristen” zerrendan sartu zutela 2011. urtean.
Honi gaineratu behar diogu AEBk eta EBk, euren terrorismoa munduko txoko guztietara zabaldu duten horiek, etengabeko babesa eman diotela Turkiari Kurdistango herriaren aurka burutu dituen basakeri guztien aurrean. Turkiak hamarkadak daramatza PKKko kideak diren militanteak, eta ez direnak ere, erailtzen, bahitzen, torturatzen eta atxilotzen. Turkiak hamarkadak daramatza kurduen aurkako sarraskia burutzen Nazioarteko Komunitatea deritzanaren oniritziarekin.
Oraingo honetan Estatu Islamikoari aurre egitea bihurtu nahi dute delitu, Donbassen nazi ukraniarrei aurre egitea delitu bihurtu duten bezala. Kurduak Estatu Islamikoa geldiarazten lehenengoak izan ziren orain dela hilabete gutxi eta, bitartean, Turkiak Kurduen posizioak bonbardatzeari ekin zioten. Honezkero, jakina da Turkiak Estatu Islamikoari Siriatik ateratako petrolioa erosten diola askoz ere merkeago eta, Turkiarekin lehentasunezko harremana dutela jakinda, Europako Batasunak eta Estatu Batuek negozio honetan zeresan handia daukatela ez dago zalantzarik.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak bere elkartasuna helarazi nahi dio herri kurduari eta atxilotuen askatasuna galdegiten du, hala nola, Espainiako Polizia eta gainontzeko okupazio indarrek Euskal Herritik alde egin dezaten ere.
Euskal Herrian, 2016ko urtarrilaren 27an.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.