Otsailaren 13 honetan, Polizia Espainolak egindako torturen ondorioz Joxe Arregi Carabanchelgo kartzelan hil zenetik 35 urte betetzen dira. Alabaina, Arregirena ez zen kasu isolatua izan eta bai bera baino lehenago zein beranduago, Polizia Espainolak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak 10.000 euskal herritar inguru torturatu dituzte, gehienak arrazoi politikoengatik, haietatik 11 praktika honen bitartez erail dituztelarik.
Estatu espainola eta Euskal Herrian bera sostengatzen duten alderdiek (PSOE, PP eta PNV) torturaren erabilpen erabat politikoa egin dute euskal erresistentzia makurrarazi asmoz, herriaren gehiengoaren begientzat estaliz eta aldi berean Euskal Herriaren alde borrokan zihardutenentzat agerikoa bihurtuz euren militantzia baldintzatu nahian.
Torturaren praktika lazgarri hau, gainera, ez da soilik komisaldegi eta kuarteletan eman. Ezin zenbatu zenbat pertsona bahitu, mendira igo eta kolpatu egin dituzten Espainiako okupazio indarrek, eta ezin ahaztu ere Lasa eta Zabalaren kasua, edota berrikiago Jon Anzarena, beste batzuen artean. Gogora ekarri beharrekoak ere Espainiar poliziek Ameriketan iheslari politikoen etxeetara sartzen eta bertan torturatzen ibili ziren kasuak.
Torturaren bitartez, oraindik ehunka euskal herritar kartzelan mantentzeko baliogarri izan dituzten autoinkulpazioak lortzeaz gain, Estatuak izua zabaldu egin du Euskal Herri osoan zehar sektore borrokalarien desaktibazio politikoa bilatuz, kasu askotan bost eguneko inkomunikazio prozesuek urteetako espetxealdi luzeek baino beldur handiagoa eragin dutelarik. Horretarako makineria fina bezain gordina antolatuta daukate, arduradun politikoetatik hasita tortura zuzenean aplikatzen dutenen arte, tartean epaileak, ofiziozko abokatuak, auzitegiko medikuak eta komunikabideak daudelarik.
Azken garaietan ez da izan tortura salaketarik. Hori ez dator Estatua “akatsaz” ohartuta bere jarrera zuzendu nahi izan duelako, baizik eta Euskal Herriaren erresistentzia eredua apaldu egin den neurrian, errepresioa ere egoerara moldatu egin duelako. Jendea inkomunikatzea ahalbidetzen dituzten legeak, ordea, ez ditu bertan behera utzi beharrezkoa dela baloratuz gero tortura berriro erabiltzeko aukera izateko.
Torturaren aferan lan handia gelditzen zaigu aurretik. Oraindik ez dugu lortu torturaren makineria definitiboki bertan behera uztea, ez dugu lortu herri honen historia hurbilenean gertatu denaren egia osoa azaleratzea, ez dugu lortu egun presoen eskubideen defentsan uztez aritzen diren zenbaitzuek, ardura politikoetan zeudenean, Eusko Labela duten txakurrek hamarka euskal herritar torturatu zituztela onartzea, eta ez dugu lortu honen guztiaren aurrean herriaren zati batek beste alde batera begiratzeari utz diezaion.
Euskal Herrian, urtero ospatzen da torturaren aurkako eguna otsailaren 13an. Horregatik, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, honako mobilizazioak deitu ditu egun horretarako:
Tolosa: Trianguloan 12:00etan.
Gasteiz: Espainiar Gobernuaren Azpiordezkaritzan (Olagibel) 12:30etan.
Bilbo: Gobernu Zibilaren aurrean (Eliptika plazan) 12:30etan.
Euskal Herrian, 2016ko otsailean.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.