Goizean zehar Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako sei kide zeuden Audientzia Nazional espainolean deklaratzeko deituak. Haietako lau ez dira agertu epaitegiari inongo zilegitasunik ukatuta eta desobedientzia jarrera hartuta. Agertu diren biak 60 urte baino gehiagoko bi preso politiko ohi dira, kartzelan 15 urte inguru igaro dutenak eta bere garaian larri gaixorik egoteagatik askatu zituztenak. Deklaratzeari uko egin diote.
Gure bi kideak Madrilera joaten behartu dituztela salatzearekin batera eta euren osasun arazoak gogora ekarri ditugun honetan, preso gaixoen eta adintsuen egoera larria salatu nahi dugu berriz ere. Estatu espainolak eta frantsesak preso politiko gaixoen osasunaz baliatzen dira herri oso baten borroka baldintzatzeko eta preso hauen borondate eta jarrera politikoa menpean hartzen saiatzeko. Preso politiko gaixo batzuen osasun egoera zinez larria da, heriotzaren mugara eraman dituzte eta lehentasun osoa daukaten egoerak izanik, herriari militante hauen askatasunaren alde indarrak biltzeko deia egin nahi diogu.
Bukatzeko, azken orduko albiste baten arabera Urquijo faxistak protagonismo bila dabil berriz ere eta adierazpen askatasunaren kontrako eraso berri batean Audientzia Nazionaleko fiskaltzari informe bat bidali dio gure mugimenduak apirilaren 2an Errekalden ospatuko dituen kontzertuak, Pablo Haselena tarteko, debekatzea eskatuz. Eraso guzti hauen aurrean gure erantzuna lanean jarraitzea izango da. Hona hemen apirilaren 2ko Amnistia Eguneko ekimenetan eta bereziki arratsaldeko manifestazioan parte hartzeko arrazoi berri bat. Oztopo guztien gainetik, amnistia aurrera!!!
Euskal Herrian, 2016ko martxoaren 29a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.