[wpdm_package id=74102 template="5626a56d8b584"]
Aurreko iruzkinean, saileko V.a, azaldu genuen bezala, Abian! estrategiarik gabeko dokumentua da, bi linea demokratikoren arteko kontraesan batek eragotzita dagoelako: demokrazia abstraktu, erreformista eta demokrazia konkretu, iraultzailea. Ez da kontraesan berria, ezta originala ere, XIX. mendeko jatorria baitu, pentsamendu liberalak eta pentsamendu sozialistak elkar jotzen hasi zirenean. Aurreko iruzkinean luzetxoago aritu ginen, beraz, oraingoan ez dugu errepikatuko.
Linea abstraktua da espazio eta orientazio politikorik gehien hartzen duena; linea konkretua, iraultzailea, berriz, orrialde batzuetan islatzen da besterik ez, eta orientazio politikotik desagertzen da ia-ia.
Derrida-ren metodoa, guztiz hauskorra izan arren, aplikatuz gero, alegia, testuaren dekonstrukzioarena, ezerezaren unibertsoa ikusiko genuke dantza erosoan «hutsune adierazgarri» errepikatuez beteriko magmaren azpian. Gure kolektiboak, duela denbora bat, Sorturen oraingo zuzendaritzari buruzko lau iruzkin idaztera animatu zen: Ezereza ez da jomuga ezta bide ere, ez da ezer. Orain, jomuga eta biderik ez den ezereza berragertu da espektro baten antzera, zerbait amorfo eta itxuragbea, edukiz guztiz hustua, kanpoaldea zertxobait margotuta baina barnealdea hutsik duen espektroa.
Nola da posible amorfo eta itxuragabea den zerbait erradikaltasunaren nolabaiteko itxurapean azaltzea? Hiru arrazoi daude: lehenik, aurkarien arteko barne borroka desorekatuegiak, halabeharrez, «sozialismo» zehaztugabearen itxura ahula ematen duelako. Aurreko iruzkinean aipatu genuen bezala, antagonikoak dira demokrazia sozialista eta dokumentuak jasotzen duen demokrazia burgesaren abastrakzioa. Demokrazia sozialistaren eduki asimilagaitza dela kausa, ponentziaren adierazpen iheskor batzuek hustasunean inpaktatzen dute aztarna utziz. Baina nonahi eta zoramenezko dantzan dabiltzan «hutsune adierazgarriek» berehala ukatu eta estali egiten dute aztarna hori .
Adibidez, hasi eta berehala, 7. orrialdean arazoak konponduko dituen eztabaida egiteko beharraz mintzatzen da, horrek esan nahi du oinarriko demokrazia konkretu, militante eta erradikalak eragindako mugimendu handia entzunarazi egin dela, alabaina, edukia hutsik duen abstrakzioa berehala erortzen da beruna bailitzan, herri, gizarte, kultur eta politika mugimenduen zeregina zertan datzan azaldu gabe, justuki, Ezker Abertzalearen barnean mugimendu gisa aktibo jolatu baina Sorturen oraingo zuzendaritzarekin kritiko diren nugimenduak. Ugariak dira halako adibideak.
Bigarrenik, hitz-jariokeria demokratizista eta itotzaileak eragin disolbatzaile eta «normalizatzailea» badu ere, amen batean kritika diskonformeak azalaratzen direlako, hala nola, katua erbitzat saltzea, herri eta langile mobilizazioaren beharra, herriaren autoantolaketa eta abar, baina aurrerago, aldiz, kontrakoa esaten da: zentzu klasista eta sozioekonomikoan abstraktua izango den euskal estatuak hurrupatu eta irentsi behar ditu mugimenduak, eta estatu zehaztugabe horrek hartu behar du politikaren gidaritza. Horretara, linea erreformistak atzera egiten du euskal gizartea aurreitxuratzeko gai nagusi honetan, nahiz eta, hitz egiten duen bakoitzean, substantzia sozialistarik gabeko «demokrazia» hutsez betetzen zaion ahoa, eta estatuaren dirigismo onartezinean kokatzen da.
Baliteke azken hamarkadan inolako prestakuntza kritikorik, marxistarik jakina, jaso ez duten militante sektore batzuek, orain, halako astakeria burokratiko, hierarkiko eta bertikala onartzea, intelektual mailan nagusi den ideologia burgesa birrintzailearen esku utzitako militante direnak. Hala ere, bestelako militantzia mota dago, borrokan hezia, teorikoki prestatua baina Sorturen oraingo zuzendaritzatik at dagoena nabarmenki eta harentzat ordezkatze-politika hori irenstezina dena.
Hirugarrenik, ponentziaren malabarismoak gorabehera, kontraesan horiek eta beste batzuk ezkutaezinak dira, beraz, haien espektroak independentismo sozialistaren bola gorria arrastaka darama atzetik. Dena dela, inork ospa ez dezala garaipenaren ikurraz, «hutsune adierazgarriak» eduki erreformistaz bete baitira berriro ere: ponentziak ahopean baieztatutakoaren arabera, Ezker Abertzaleak bide okerra hartu eta porrot egin du noiztik eta 1998ko udazkeneko Lizarra-Garaziko negoziazio zapuztuetatik. Ildo beretik, baieztatzen du KAS Alternatiba ereduaren Bloke Zuzendarian adierazitako estrategia iraultzaile eta antolatzaileak porrot egin duela eta infernura kondenaturik dagoela betiko.
Ponentzian nagusi den demokrazia abstraktuaren lineak muzin egiten dio euskal estatuaren definiziorik txikiena ere egiteari, hau da, ez da egiten zapaltzaileen eta zapalduen arteko borroka sozialen historiarekin koherente den inongo zehaztasunik, eta dirigismoaren aberrazioan erortzen da, aldiz, eta estalkirik gabe esatearren, zehaztasun konkretu eta zuzenak egiten dira, ia hirurogei urtez, herriak eta langileek euskal independentziaren alde eginiko borroka saiatuaren likidazioari buruz. Gure kolektiboaren ustez, mende erdi baino luzeagoko garai horretan akatsak egin badira ere, asmatu egin da gehienbat. Baina ponentzian porrot historikoaren tesiari eusten dion argudiorik jasotzen ez denez, ez dakigu zer ezeztatu behar dugun edo okerrak non dauden. Frustrante samarra da, gure historiaren interpretazio negatiboaren azalkeriaren kontrako argudio ugari izan arren, erabili ahal ez izatea, halako tesi aurkariek ezertxo ere esaten ez dutelako.
Beraz, ikusten dugun bezala, «konfrontazio demokratikoa»-ren espektroak ezin ditzake saihestu ezerezaren inguruan militanteek egindako kritikak, horretara, diskurtsoaren hustasunak, halabeharrez, ezin dezake ekidin «euskal sozialismoa»-ren korrontean adierazitako nolabaiteko erradikaltasun-irudi lausorik. Baliteke lehen, errealitatearen aurrean begiak eta belarriak itxita, baten batzuk eszeptiko izatea, baina orain, gertatzen dena ikusi eta entzundakoan, ezkor izango dira, sano, beharrezko eta errealista den gaitasun kritikoa hondamenditik salbatu gaitzakeen bakarra baita.
Gure ustez, Sorturen oraingo zuzendaritzak eta Gara zein Naiz agerkarien ildo editorialak hertsiki eutsi diete «normalizazio» bideari eta balizko «bake-prozesua»-ri, hortaz, oraingoz ez dago, inondik ere, 180 graduko bira ematerik. Bai dialektikan, bai guza bera den zientziaren epistemologian hurrengo aipamen hauek egiten dira: itzulerarik gabeko ataria zeharkatu duten atzeraezinezko prozesuak, gauza berriaren agertzea edo jauzi kualitatiboa. Sorturen oraingo zuzendaritzak emanda dauka urrats hori, Espainiako alderdien legera makurtuz.
Era berean, Gara eta Naiz agerkarien ildo editorialaren inboluzio ideologikoa –kontzientzia faltsuaren zentzuan– lehendik zetorren: azkar batean liberalismo aurreindustrialaren printzipioak izan ziren onartuak, eta geroago nebulosa postmodernoak, denbora gutxian Laclau eta Mouffe-ren zehaztugabetasunek idartuak, hain justu, Argentinan erreformismo gogorra ahuldu eta erreformismo leuna sendotu egin dutenak, Macri neoliberala Casa Rosada-n sartzeko aukera emanik. Espainiar estatuan duela gutxi arte Podemos-en funtzioa ezkutatu duen hitz-jario bera, hau da, Franco diktadoreak ezarritako monarkiaren premiazko salbamendu-txalekoarena.
Korronte hori triunfalista eta behin betiko garaitzaile gisa agertu da azkenaldian, batere arreta-neurririk hartu gabe, hortaz, nekez pentsa daiteke gainerako jarrerekiko mespretxuzko dogmatik eroriko dela bat-batean, San Paulo zalditik jausi zen bezala. Egoki eta argigarri izango litzateke biltzea, korronte horrek eta Sorturen oraingo zuzendaritzaren bozeramaileek «eszisionistak» (?) deitzen dietenen aurka botatako gaitzespenezko adierazpen peioratiboak eta «ohartarazpenak», era errealistagoan ez deitzearren. Ondorioz, intolerantzia-giro fanatikoa sortu da «militante» taldetxo batzuengan, ildo horretan, dagoeneko hamasei urteko gazte donostiar bat jipoitua izan da eta beste leku batzuetan tentsio-guneak azaleratu egin dira, hori dena amnistiaren aldeko kontsignaren baliotasuna defendatzeagatik.
Argudioei irainen bidez erantzutea, berez, txarra da, eta oraindik hala egiten dute, are txarragoa da «ukabilkaden dialektika»-ren arlora pasatzea, baldin eta egiaren dialektikari buruzko argudiorik ez badago. Zoritxarrez irainen kontuak bere horretan dirau era kezkagarrian. Erdi Aroko Inkisizio beldurgarriak fedearen gordetzaile eta zaintzailetzat hartzen zuen bere burua, xede horretarako, Ofizio Santuak pulpituaren monopolioa eman zion. Orain, ordea, «Iraintzaile handia» daukagu, berriro ere, heretikoak eskumikatzen dituena artikulu korapilatsuen isipua erabilita. Ustel usaina dago Ezker Abertzalearen zati batean, halako nagusikeria onartezinen aurrean inork ezer egin nahi edo ezin ez duelako.
Kontziente eta argi egonik, ezkorrak gara, izan ere, Abian! dokumentuak ez du gure herriaren arazorik batere konpontzen eta, are gaizkiago, adierazpen batzuetan bidea ematen zaizkio «Iraintzaile handia»-ri eta fanatiko adigogorrei.
Petri Rekabarren
2016ko otsailak 27