Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendutik Naroa Ariznabarretaren atxiloketaren inguruko kritika plazaratu genuen atzo (http://amnistiaaskatasuna.blogspot.com.es/2016/03/naroa-askatu.html). Gaur, Ertzaintza, PNVren polizia politikoa, Polizia Espainolari batu zaio Ainara Ladrón eta Aritz Azkona atxilotuz.
Berriro ere espainolen morroi gisa agertzen zaigu PNV, historikoki egin duen moduan. Jendearen aurrean biolentzien arteko eragile baketsu bezala agertu nahi duen arren, PNVren historia garaikidea biolentziaz beteriko historia da. Ertzaintza, bere jaiotzatik, euskal langileak jipoitzeko eta kaleetatik ateratzeko erabili du, baita Espainiako Audientzia Nazionalaren babespean Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko kideak basaki torturatzeko ere. PNVri esker GAL askatasun osoz mugitu ahal izan zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik. PNVk Ezker Abertzalea baztertzea, kriminalizatzea eta erreprimitzea helburu zuen Ajuria-Eneko paktuko sinatzaile ezinbestekoa izan zen. PNVk preso politikoen sakabanaketaren bultzatzaile nagusia izan zen. PNVk Ezker Abertzalearen egoitzak itxi eta manifestazioak kolpatu zituen ilegalizazio garaiaren hasieratik bertatik eta gaur egunera arte. Finean, PNV beti jarri egin da gure herria zapaltzen dutenen aldean eta euskal herri langilearen aurrean, eta hori da gaur berriro ere egin duena.
Honen aurrean, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi nahi du ETAren jarduera armatuaren amaierarekin Euskal Herrira ez dela bakea heldu. Errepresioa jasaten duen herri zapaldua izaten jarraitzen dugun bitartean ezingo dugu bakeaz hitz egin, estatuek eta euren enparauek egunorokoan inposatzen baitigute biolentzia estrukturala, kolpatzen, atxilotzen, torturatzen eta espetxeratzen gaituen biolentzia hain zuzen ere, heriotzara eramaten ez gaituenean.
Benetako bakea lortuko badugu hori amnistia osoaren gauzapen integralaren eskutik etorriko da, preso eta iheslari politikoen baldintzarik gabeko askatasunarekin, indar okupatzaileen kanporaketarekin eta hainbeste pertsona borrokara bultzatu zituzten arrazoien gainditzearekin. Hori izango da atzo eta gaurko atxiloketekin eta antzeko ekintza errepresiboekin bukatzeko berme bakarra. Jo ta ke amnistia eta askatasuna lortu arte! Naroa, Ainara eta Aritz askatu!
Euskal Herrian, 2016ko martxoaren 5a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.