Ezker abertzalearen militanteok gara, gazteok eta nagusiok, betiere Euskal Herria sozialista eta independente, euskaldun, feminista eta ekologistaren alde borrokatu garenok. Gure militantzia iraultzailea Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren hainbat erakunde eta kolektibotan eraman dugu aurrera, norberak egokitzat jo duen erakundean, hain zuzen ere.
Euskal Herriak eta Ezker Abertzaleak gaur egun bizi duten egoera ikusita, bildu egin gara geure bizipenak, azterketak eta ikuspegiak elkarri azaltzeko. Gure lan, indar, gogoeta eta esperientzia Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren zerbitzuan jarri nahi ditugu.
Berrogeita hamar urtez baino gehiagoz gogor borrokatu ondoren, lortu dugu Euskal Herriak existitzen jarraitzea, euskarak bizirik irautea, klaseko kontzientzia nazionala euskal herriarengan errotzea; lortu dugu Ama Lurraren suntsipena eragoztea, feminismoak aurrera egitea, eta beste borroka askok Estatu zapaltzaileen eta kapitalismoaren aurka jo ta ke jarraitzea; nolanahi ere, zapalketa nazionalak, klasekoak eta patriarkalak hor diraute indarrean.
Espainiak eta Frantziak proiektu sozialista eta independentista oro garatzea eragozten diote euskal nazioari. Euskal Herriak pairatzen duen zapalketa estatu horietako burgesien interesek gidatua da; izan ere, europar proiektuaren baitan, interes horiek inposatu egiten dituzte beren onerako eta herri-klaseen kontra, batez ere emakumeen eta gazteen kontra. Inposatu nahi diguten etorkizuna XIX. mendeko bizi-baldintzen antzekoa da: langabezia, miseria, bazterketa, derrigorrezko emigrazioa, terrore patriarkala, alienazioa, nagusien boterea, planetaren agorpena, nazio zapalduen genozidio kultural eta linguistikoa… Hori da demokrazia burgesa.
Duela zazpi urtetik hona –gutxi gorabehera‑, ezker abertzaleak Euskal Herriak pairatzen duen egoera horren aurka borrokatzeko eraman duen estrategia ofiziala porrot galanta izan da, agerian geratu den bezala. Borroka instituzionala herri-borrokaren gainetik lehenestea, langile- eta herri-mugimendua ahulduz, “efikazia” politiko burokratikoa praktikatzea, alderdiaren forma hartuta, oportunismora eta taktizismora lerratuz; aldebatekotasuna erabiltzea, inposatutako legeak onartuz eta betez, eta abar. Estrategia horrek erabateko porrotera eramaten gaitu zuzenean. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela lan egitea eta borrokatzea politika hori aldatzeko; beharrezkotzat jotzen dugu, halaber, Zutik Euskal Herriaren aurretik ezker abertzalearen oinarrian egon diren ildo estrategikoak berreskuratzea, oraingo baldintzetara egokituz. Ezin da estrategiarik planteatu kapitalismoaren oraingo baldintzak kontuan hartu gabe. Ez da egon eta ez dago “ongizate” Estaturik, eta horren promesa egiten duen proiektu sozialdemokrata oro herria engainatzen ari da.
Estrategia sozialdemokrata hori krisian sartu da, eta militante abertzale eta sozialisten itxaropenak betetzen ez dituenez, berregokitze-prozesu bat jarri da martxan: Abian eztabaida.
Abian eztabaidaren hasierak itxaropen handiak piztu zituen; horregatik, Ezker Abertzaletik edo beraren ingurunetik urrundutako hainbat militante berriz ere elkartu ziren, eztabaidan parte hartzeko. Pertsona askok beren kritikak aurkezteko aukera ikusi zuten, Zutik Euskal Herria eztabaidaren unean ez bezala, garai hartan ezin izan baitzuten horrelako kritikarik egin. Bestalde, Zutik Euskal Herriarekin eta Sorturekin ados egon ziren beste pertsona batzuek, alderdi horren deriba erreformista ikusita, eztabaida ireki bat egin nahi zuten, gai guztiez hitz egin ahal izateko eta Ezker Abertzalearen benetako funtsa osatzen duten ikuspegi guztiak planteatzeko. Pertsona askok pentsatu zuten Abian eztabaidatik eragina izan zezaketela Ezker Abertzaleak behar dituen ildo politikoan eta antolatze-forman; beste batzuek, aldiz, mesfidantzaz ikusten zuten bide hori.
Lehenengo eztabaidan, 9.000 pertsonak parte hartu zuten modu aktiboan, eta Sorturen ildo politikoan ikusten zituzten arazo ugari plazaratu zituzten eta 800 ekarpenetan islatu. Bigarren fasean, Sorturen kopuru ofizialen arabera, 4.782 pertsonak parte hartu zuten. Eta eztabaidaren azken fasean, datu ofizialen arabera, 3.059 pertsonak parte hartu zuten. Parte-hartzearen beherakada hori ikusita, pentsatzen dugu eztabaidarako planteatu zen metodologia tesi ofizialetarako soilik zela erabilgarria; izan ere, benetako autokritika baztertuta, kritikatzen omen zuten politika indartu egiten zuten.
Errealitatean, txosten ofizialak jasotako % 80ko sostengua datu faltsu bat da, zeren ez baita ezker abertzalearen % 80, baizik eta Abian eztabaida amaierara arte jarraitu duen gutxiengoarena, hau da, oso ehuneko txikia.
Abian eztabaida mesfidantzaz ikustera bultzatzen gaituen azkeneko arrazoia da “eztabaida” egiten zen bitartean oinarriekin adostuta ez zeuden akordio estrategikoak egin direla. Adibide deigarrienetako batzuk, baina ez bakarrak, honako hauek dira: Segurako auziaren inguruan Estatuarekin egindako akordioa; EAEko Etxebizitzaren Legea PSE-EE eta UPDrekin onartu izana; Udalbiltza indarrik gabe utzi izana, EAJrekin Eudelen adostutakoaren bidez; eta Udal Legea EAJrekin onartu izana. Beste akordio batzuk ere aipatu genitzake, hala nola Arabako Aldundiaren 2016ko Aurrekontuen onarpena, eta Gasteizko Udalekoak, EAJ-PSErekin. Horiek eta beste akordio batzuek nabarmen murrizten dituzte independentzia eta sozialismorantz aurrera egiteko aukerak.
Abian eztabaidaren edukiari eta egindako ekarpenei dagokienez, lau izan dira ildo nagusiak:
-
Desobedientzia – erreboltarako eskubidea.
-
Preso politikoen amnistiaren aldeko herri-mugimendua.
-
Zuzendaritza kolektiboa, mugimendu eredua.
-
Herri-mugimendua indartzea eta garatzea, euskal Estatua eraikitzeko prozesu sozialista eta independentistaren oinarri gisa.
Puntu horien inguruan ez da zuzenketa bat bera ere onartu, eta hori atzerapauso nabaria da Ezker Abertzaleak iraganean izan dituen ildo estrategikoen eta konstanteen ikuspuntutik.
Lehenengo puntuaren gaia, desobedientzia, funtsezkoa da borroka-prozesuetan, eta zehazki euskal herriaren borrokan. Desobedientzia aktiboaz hitz egiten dugu, horren ondorio guztiekin. Desobedientzia horrek ez du inolako zerikusirik pazifismoarekin, zeren azken batean zapaltzaileei aurre egitera eramaten baitu; desobedientzia erreboltarako eskubide gisa erabilita, etsaiari aurre egiteko une bakoitzean egokitzat jotzen diren borroka-metodoak erabiliz. Tesi ofizialek gehienez onartu dutena izan da desobedientzia zibilaz hitz egitea, baina hitz egin baino ez dute egin, praxira ezer ere eraman gabe.
Bigarrena ere ez da onartu: preso politikoen amnistiaren aldeko herri-mugimendu bat eratzea Sortutik kanpo. Euskal preso politikoen amnistiaren aldeko borrokaren zabaltasuna eta aberastasuna bakarrik jaso daitezke baldin eta borroka hori bideratzen duen erakundea alderditik kanpo antolatutako herri-mugimendu zabal bat bada, azkeneko helburu berberekin baina funtzionamendu independentearekin. Mugimendu hori are beharrezkoagoa da espainiar eta frantziar Estatuak neurri errepresiboak inposatu eta biderkatzen ari direlako. Norabide horretan lan egin nahi ez izatea amnistiaren aldeko borroka itotzea da.
Hirugarrena, zuzendaritza kolektiboa, mugimendu eredua. Langile-klasearen borrokaren historiak erakutsi duenez, guztia zentralizatu nahi denean ez dago herri-mugimendu aberatsik, baizik eta alderdiaren transmisio-kateak, azkenean herri-erakundeak itotzen dituztenak. V. Asanbladatik atera ditzakegun irakaspenak, eta euskal herriaren azken berrogeita hamar urteetako borrokaren esperientziak erakutsi duena da mugimendu moduko erakunde bat dela beharrezkoa, herri-borroken aberastasuna jasotzeko; bertan, bada batasuna estrategiaren ikuspuntutik, baina aldi berean herri-mugimendu bakoitzak badu independentzia bere borrokan.
Azken puntuari dagokionez: herri-mugimendu bat indartzea eta garatzea euskal Estatua eraikitzeko prozesu sozialista eta independentistaren oinarri gisa, funtsezko puntu bat da herri-borroken antolaketarako. Guztia alderdi batetik edo Sortu, LAB eta Ernai biltzen dituen erakunde batetik pasatu nahi izatea herri-mugimenduak dituen aukera guztiak mugatzea eta itotzea da.
Abian eztabaidaren emaitza horren aurrean, uste dugu V. Asanbladaren esperientziak jaso behar ditugula, hortxe baitago ENAM izan denaren ibileraren hasiera; ibilera hori borrokaz josita egon da, batzuk arrakastatsuak eta beste batzuk ez, baina lezioak ateratzeko aukera eskaini digute, beste une eta egoera batzuetan aplikatzeko, eta uste dugu baliagarriak izango zaizkigula orain ere aurrera egiteko.
V. Asanbladatik funtsezko nozioak atera ditugu, alegia, gure herriaren borrokari jauzi kualitatibo bat ekarri zioten nozioak: zapalketa nazional ezin adiskidetuzko kontraesan bat da; beste nozio bat esplotazio kapitalista da; emakumeek zapalketa hirukoitza pairatzen dute: nazionala, klasekoa eta patriarkala; erreboltarako eskubidea, horren zentzu guztietan; prestakuntza, eztabaida, praxi, kritika eta autokritikaren beharra; Euskal Herria klase-borrokaren esparru autonomo gisa; euskal herri langilea subjektu iraultzaile gisa; klase-kontzientzia nazionala eta nazionalismo iraultzailea. Euskal herri langilearen borroka ez da iraultza demokratiko bat egiteko, iraultza sozialista bat egiteko baizik. Iraultza horren subjektu aktiboa Euskal Herri Langilea da, eta haren antolaketa ez da alderdi klasiko bat; aitzitik, mugimendua da behar duen forma.
Une honetan, gure ustez, ezerezean gera daiteke azken berrogeita hamar urteotako borroka; edo, aldiz, berretsi egin daiteke, Ezker Abertzalea berrantolatuz eta Euskal Errepublika Sozialistarantz aurrera eginez.
Ezker Abertzalearen oraingo zuzendaritzaren erreformismoa eta oraingo ahulezia ideologikoa direla medio, orain dela urte batzuk argi zeuden zenbait kontzeptu bazterrean edo ezkutuan utzi dira, eta horien ordez kontzeptu lausoak eta pentsaera ahulekoak sartzen dizkigute mordoxka, ideologia moduan, langile-klasearen edukirik gabe, baizik eta guztiz kontrakoarekin: hiritartasuna, demokrazia –demokrazia norentzat den ondo jakin gabe‑, Estatua neutrala den zerbait bezala aurkeztu, prestakuntza alde batera utzi… gizartea erreforma hutsez eta zapalketei etekina ateratzen dietenen oniritziarekin eraldatu daitekeela “pentsatzea”. Kontua da galdera honi erantzutea: norena da Euskal Herria, euskal herri langilearena ala kapitalarena?
Horregatik guztiagatik, testu hau hedatzera eta eztabaidatzera deitzen dugu, berriki argitaratu diren beste testu batzuekin batera, bizi dugun egoera historiko zaila bistatik galdu gabe; izan ere, egoera historiko honek masa zapalduak berpiztera eraman gaitzake eta gure antzeko kolektiboekin kontaktatzera, elkartzen gaituzten puntuak bilatzeko eta horien inguruan batzeko. Egia da lan hori oztopa dezakeen garai batean sartzen ari garela, hots, hauteskunde-garaian: espainiar hauteskundeak (ekaina), EAEko hauteskunde estatutarioak (urria); hala eta guztiz ere, aurkitu ditzakegun zailtasunak gorabehera, gure planteamendua da koiuntura honetatik koordinatuta irtetea eta aurrera egitea Askapen Nazionaleko Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailearen eraikuntzan.
2016ko ekainaren 6an
Aurrerantz