Langile klasearen despolitizazioa:
Jakitun gara egun ez daukagula gure bizitzen gaineko kontrol errealik; burgesiak bere boterearen betikotzerako erabiltzen dituen mekanismo ezberdinen artean kokatzen dugu langileriaren despolitizazio gero eta agerikoagoa. Batetik, ordena burgesa mantentzearen berme diren subjektuak hezten dituelako eta, bestetik, langile klasearen baitan zatiketak eragiten dituelako, honen berezko antolakuntzaren potentzia oztopatuz. Politika parlamentuan aurrera eramaten den lana bezala ulertzen da, burgesiaren politika legez, eta ez, kontrara, langile klaseak independentzia osoz sistemak inposatutako kateetatik askatzeko antolatu beharreko jardun bezala. Hortaz, despolitizazioak iraultza prozesua atzeratzen eta eteten duela ondorioztatzen dugu.
Genero problematika funtzio kapitalista bezala eta emakumearen despolitizazioa:
Garrantzitsua da emakume langileon zapalkuntza funtzio burges bezala ulertzea, hots, sistema kapitalistari funtzionala zaion zapalkuntza, instituzio burgesetatik etengabe sustatzen dena eta langile klase barruan ere erreproduzitzen dena. Lehenik, emakumearen lan indarra debaluatuz etekin ekonomiko handiagoak ateratzen dira. Bigarren, ideologia matxistaren bitartez, langile klase barnean zatiketak ematen dira, subjektu debaluatuen kontrako biolentzia sistematikoki antolatuz (kasu honetan gizon langilearen eta emakume langilearen arteko etsaitasuna) eta, azkenik, emakumea despolitizatuz, langile klasearen erdia subjektu politiko ezgai bezala hezten da. Gaurko honetan, emakume langilearen despolitizazioari eta honen aurrean militanteok dugun ardurari heltzen saiatuko gara.
Hortaz, emakumea politikoki ezgai eta aitortzarik gabeko subjektu bezala hezia izan da gizarte kapitalistan eta, esan bezala, funtzio estrategikoa betetzen du: langileriaren erdia gaitasun politikorik gabe uzten du. Emakume militanteoi dagokigunez, gure buruak politizatzeko hautua egiten badugu ere, ezin ahantz dezakegu gu ere gaitasun politiko murritzak dituen subjektu bezala heziak izan garela eta honek ondorio politiko nabarmenak dituela. Lotsak, gainontzekoek pentsatuko dutenak, gaitasunik ez dugula pentsatzeak, etab. lanak delegatzera garamatza. Nahi eta ezin baten sorgin gurpil batean sartzen gara. Zer egin honen aurrean? Zer dago gure esku?
Badakigu emakumeok subjektu politiko integral izateko aukera bakarra, gure despolitizazioak funtziorik beteko ez duen gizarte antolakuntzak soilik ekar dezakeela. Hori horrela, gure helburu nagusia gizarte eredu horretara bidean, emakume langilea klase borrokan txertatzea litzateke, horretarako beharrezko heziketa politiko estrategikoan berretxiz. Bide horretan, emakume militanteen ahalduntze politikoa bermatzeko mekanismoak martxan jartzea ez dago soberan. Horri erantzutera dator hausnarketarako hurrengo materiala, antolakuntza sozialistan osagarri gisara.
1. EMAKUME LANGILEON HEZIKETA POLITIKOAZ
0. Sarrera
Klaseen deuseztapenera bidean antolatzen garen militante sozialistok, gure bizitzen gaineko kontrol erreala eskuratzea helburu dugunok, politika egin beharrean gaude. Haatik, langileriaren heziketa politikoa ezinbestekoa deritzogu. Emakumearen zapalkuntza gainditzeko forma bakarra, sistema bere osotasunean gainditzean kokatzen da, klaserik gabeko gizartearen eraikuntzan. Horretarako, beharrezkoa da proletalgo osoaren batasun politikoa eta beraz, emakumea ere bide horretan hezi behar dugu. Militanteon ardura da proletalgoaren eta kasu honetan emakume proletarioen heziketa politikoa bermatzea langile klasea subjektu politiko modura batu nahi badugu.
1. Helburua:
Emakume langilearen heziketa politikoaren beharrezkotasunaz ohartzea eta hau aurrera eramateko pautak diseinatzea.
2. Metodologia
Tailer honetako edukia lau zatitan banatzen da:
-Emakume langilearen despolitizazioa
-Emakume langileon jardun politikoaren gabeziak
-Heziketa politikoaz
-Diziplina eta konpromisoaz
Pertsona kopurua kontuan hartuta, guztion parte hartzea sustatzeko taldeka banatzea hobesten da. Proposatzen diren galderei bi zatitan erantzungo zaie: alde batetik, taldeka banatu eta lehen bi puntuetako galderei erantzungo zaie eta plenarioan denak batu eta dinamizatzaileak kontzeptuen azalpena emango du. Ondoren, hurrengo bi puntuekin berdina errepikatuko da. Azkenik, ondorio orokor batzuk aterako dira.
3. Edukia eta ariketa
3.1. Emakume langilearen despolitizazioa
Galderak:
-Non ikusten duzu langileriaren eta, zehazki, emakume langilearen despolitizazioa?
-Ze mekanismo ditu burgesiak hau aurrera eramateko?
-Ze funtzio betetzen duela uste duzu?
3.2. Emakume militanteon jardun politikoaren gabeziak
Galderak:
-Zein dira, orokorrean, emakumeok egiten ditugun lanak militantzian?
-Zein alorretan jardun ohi dugu gutxiago?
-Jakingo zenukete bakoitzaren gabezi militante subjektiboak orokortasunean ulertzen?
Emakume militanteon eginbeharra da gabezi hauek identifikatu eta aurre egiteko mekanismoak sortzea. Hala ere, ezin dugu ulertu modu indibidualean edo emakume markoetan honi buruz hausnartzen soluzioa emango diogunik. Gainera, autolaguntzarako taldeak sortzera desbidera daiteke lanketa hau, antolakuntza sozialistaren baitan kokatzen ez bada. Emakume taldeak bakoitzaren ezinegon indibidualei erantzuteko jarduten badute, eta ezinegon hauen amaieran kokatzen bada funtsa, hauen gaindipena ez da prozesu sozialista baten baitan integratuko, partzialtasuna sustatuz.
3.3. Heziketa politikoaz
Galderak:
-Zer da, orokorrean, heziketa politikoa? Ze helburu jartzen dizkiogu militante sozialistok?
-Emakumea subjektu edota militante “integral” bilakatzeaz hitz egiten dugu. Zer ulertzen dugu militante “integral” bezala?
-Zerk ahalbidetuko luke heziketa politikoa, edo ze formatan jarri behar dugu martxan?
Funtsean, emakume militanteen ahalduntze politikoa bermatzeko mekanismoak martxan jarri behar dira. Horretarako, beharrezkoa dugu emakumea militante integral bilakatzea; emakumeonak kontsideratzen diren lan militanteez gain, sozialismoaren eraikuntzarako osotasunean lan egitea. Ez onura pertsonal batentzako, baizik eta militanteok gure buruaren garapen politikoa bermatuz, sozialismoaren eraikuntzan ahalik eta ekarpen handiena egin ahal izateko. Egun emakumeekin lan espezifikoa egitea baliagarria izan daitekeela uste dugu, betiere, helburua hauek klase borrokara batzea izanda. Bestalde, gizon langileek emakumearen aitortzarako pausuak eman behar dituzte. Horretarako, beharrezkoa izango da emakumeon zapalkuntzaren funtzioen analisia militantzia osoak ulertzea eta bide batez, emakumeekiko egon daitezkeen aurreiritziak deseraikitzen joatea.
Emakumeon ahalduntze politikoa, hortaz, soilik antolakuntza sozialistaren bitartez lortuko dugu. Antolakuntza eta militantzia eredu batek bere baitan barnebildu behar ditu militanteen ahalduntzea eta militante kideekiko gaitasunen aitortza. Ahalduntzeaz ari garenean, gaitasun errealak eskuratzeaz ari gara. Hau da, ezin dugu ahalduntzea “segurtasuna” bezalako aparientziazko ezaugarriekin definitu, horiek ahalduntze errealaren ondorio bakarrik izan daitezke.
Beraz, subjektu politikoki menperatua izateari uzteko beharrezkoa zaigu heziketa politikoa jasotzea. Horrela, formakuntza ardatz izanik, egungo errealitatearen konplexutasuna ulertu eta berau gainditzeko, tresna analitiko zein metodologiko eraginkorrak geureganatu behar ditugu, emakume langilearen askapen prozesurako eraginkorra izango den estrategia iraultzailea martxan jarriz.
3.4. Diziplina eta konpromisoa
Galderak:
-Emakumeon ahalduntze politikoari dagokionez, ze paper jokatzen dute diziplinak eta konpromisoak gure ezintasunei aurre egiterako orduan?
-Ze paper jokatu behar du militantziak osotasunean eta, zehazki, gizon militanteek emakumearen ahalduntze politikoan?
-Gaitasun politikoen espezializazioaren eta emakumeon gaitasunen zabaltzearen arteko orekaren hausnarketa egin ezazue.
Diziplina eta konpromisoa barnebiltzen dituen militantzia eredu batean, norberaren iniziatiba eta errespontsabilitateak paper garrantzitsu bat jokatzen dute. Ohikoa da ezgaitasunen aurrean biktimismoan erortzea, ondokoari erru guztia botatzea eta ezintasunean murgiltzea. Honen aurrean, ardura politikotzat hartu behar dugu emakumeon ahalduntze politikoa bermatzea, eta honek dakarren errespontsabilitate indibidual eta kolektiboa. Norbere buruaren gaitasunak eta mugak identifikatzea eta hauek gainditzeko jarrera aktiboa izatea eta, kolektiboki aitortza mekanismoak eraginkortasun politikoarekin orekan jartzea.
Hortaz, ahalduntze politikoa bermatzeko hainbat aspektu kontuan hartu behar dira, ez baita hausnarketa batekin konpontzen den prozesu sinple bat. Alde batetik, lehen aipatu bezala, formakuntza teoriko, politiko eta praktikoaren beharra azpimarratu beharra dago. Ahalduntze politiko bat militantziaren bertan ikasten diren akatsen, erabakien, prozesuen jakitun izanik eta hauek barneratuz ematen baita. Antolakuntza proletarioak berak emango dizkigu aurre egiteko gaitasunak, baina gure inplikazio eta ardura azpimarratu beharra dago, iniziatiba pertsonaletik abiatu behar delako garapena. Bestalde, intseguritateen jatorria argi izatea ezinbestekoa da, norantz jo jakiteko; gizon langileek zapaltzen gaituztenetik haratago, zapalkuntzak betetzen duen funtzioaz jakitun izan eta ahalduntze politikoa ematea sozialismoaren eraikuntzan ahalik eta eraginkorrenak izateko.
4. Ondorioak eta balorazioa
Galderetatik eta azalpenetatik ondorio orokor batzuk ateratzen saiatuko gara eta, ondoren, tailerraren balorazioari ekingo diogu.