Gaur, burgesiak hezkuntzan krisi kapitalistaren testuinguruan abiarazi duen ofentsiba eta esperimentu-froga salatzeko elkartu gara.
Azken egunetan ikusi dugun moduan Hego Euskal Herriko hainbat institutu ireki dira; Eusko Jaurlaritzak martxan jarri zuen itzulera planaren ondorio. Behar akademiko handirik izan gabe ikasle langileok hurrengo urteko kurtso hasierara lagin gisa erabili nahi gaituzte. Hori dela eta, Ikasle Abertzaleok greba deialdi mugagabe deitu genuen, hain zuzen esperimentu hau geratzeko asmoz.
Zehazki hurrengoagatik burutu genuen greba deialdia: Klase presentzialen itzulera plana bertan behera uztea exijitzeko egin dugu greba. Horren ordez, ikasturte akademikoa amaitutzat ematea eta hirugarren ebaluazioko irakasgaien gaindipen automatikoa aplikatzea eta oporren ohiko iraupena errespetatzea exijitu dugu, klase telematikoetako edukia ebaluatzeko bermerik ez dagoelako eta klaseetara itzultzea langile klasearen aurkakoa delako.
Alabaina, Selektibitatea prestatzeko urteroko borondatezko klaseak zein Lanbide Heziketetako azterketak dituzten ikasleek errefortzuko klase presentzialak izatea positiboa dela uste dugu, betiere segurtasun neurri aproposak aplikatzen badira eta asistentzia ez bada derrigorrezkoa. Badakigu Selektibitatearen izaera klasista eta arrotza dela, baina badakigu besterik gabe bertan behera uzteak ikasle langileongan eragin negatiboa izango duela ere. Beraz, ohiko Selektibitateren ordez ikasleoi erraztasunak emango dizkigun beste ebaluazio modu presentzial bat ezartzea aldarrikatzen dugu.
Hala eta guztiz ere, kontuan eduki behar dugu, oraindik ere, heziguneen irekiera posible dela eta ez badituzte ezarritako neurriak betetzen irekiera gauza dadin, aurrean izango gaituztela!
Esan bezala, kurtsoaren berrezarpen faltsu hau normalitate berriaren aplikazio saiakera gisa ulertzen dugu, azken honek hainbat erreforma justifikatzeko balio izan dueta; Ikasketek kalitate galera orokorra izaten ari dira. Gizarteko esparru guztietan eragingo duen proletariotzaren sakontzeak hezkuntzaren kalitatea are gehiago kolpatuko du: lan eta ikas-baldintzen okertzea, ikasketa kostuen handitzea, arrakala digitala, segregazioa eta abar luze bat.
Hezkuntza pairatzen ari den informatizazioa eta ikasleon kontrol soziala intentsifikatu egin da ere. Ikasketa prozesua geroz eta mendekoagoa da, Google bezalako korporazio handiekiko, azken horiek hezkuntzan duten interbentzio teknikoaren gaitasuna handituz. Era berean, kontrol sozialerako teknologien pisua handitzea aurreikusten dugu, Inika eta Alexia bezalako aplikazioen bitartez, esaterako.
Horri guztiari aurre egiteko, hezkuntzaren gaineko langile kontrolaren beharrizana nabarmendu nahi dugu, ikasle langileon defentsarako berme bakarra da-eta, hala nola, kalitatezkoa eta unibertsala izango den hezkuntzaren eraikuntza ahalbidetzen
duen baldintza.
Hau guztiagatik, argi izan dezatela ez orain ezta hurrengo kurtsoan ere, ikasle langileon aurkako erasorik onartuko dugunik! Ikasle langileon defentsa gauzatzeko eskura ditugun baliabide guztiak artikulatuko digutula, langileok ez ditzagun ondorioak ordaindu!
Gora ikasleon borroka!
Gora langileon borroka!
Ikasle Abertzaleak
2020/5/29