*Ibai Trebiño /ARGIA astekaria
Ukrainan zer gertatzen ari den edo zer ez den gertatzen ari, hori da afera; sare sozialetatik kanpo, zaila zaigu jakitea herrialde horretan azken astean gertatzen ari dena, izan ere hedabide masiboek sareetan aurkitutako eta kontrastatu gabeko irudiak “egia absolutu” gisa saltzen dizkigute.
Nabarmena da faltan ditugula egiazko irudiak, kazetariak bildu eta zabaltzen dituenak eta salatu behar da horren ordezko bilakatu dela Mendebaldeak hedatzen duen propaganda eta influentzia kanpaina; alde batetik, komunikabideek alde bakarreko informazioa zabaltzen dute –Ukrainarena noski– eta hori larria eta kezkagarria da. Bestalde, eta gerra eremuetan ibili garenok ondo dakigun bezala, gerra kazetariaren balioa bertatik bertara egindako lana da, eta momentu honetan gutxi batzuk baino ez dira lan hori egiten ari.
Horrela, NATOren propagandak jauzi kualitatibo izugarria eman duela esan genezake, eta kazetaritzaren antitesian gaudela baiezta daiteke: propagandatik haratago ez dakigu benetan zer gertatzen ari den Ukrainan. “Egoera oso larria da, zibilen kontrako bonbardaketak daude, hildakoak daude”, esaten digute baina ez dago irudi fidagarririk eta ezin dugu jakin benetan zer pasatzen ari den. Bestalde, naturalizatzen eta normalizatzen ari da kazetaritza-eredu berri baten aurrean gaude, orain arte ezezaguna zena: Kieveko hotel batetik irten gabe lan egiten dutenena edo New York, Paris edota Madrilgo bulegoetatik iritzia ematen dutenena. Berriemailerik ez ordea gerra bete-betean den Donbassen. Esan gabe doa ikuspegi alderdikoi hori zein arriskutsua den.
Kazetaritza eredu horren harira, telebistan agertu ziren gerra-kazetari ohi batzuen iritzia entzutea komeni da, izan ere haiek ere berdina salatzen zuten: “Nola da posible kazetaritza egitea Kieveko hotel batetik irten gabe?”. “Hobe lukete gerra kazetaritza uztea baldin eta ez badute asmorik beren estatusa arriskuan jartzeko”, zioten haserre. Touche! Nire ustez ere hor dago gakoa.
Kazetaritza-eredu horrek paradigma propagandistiko berrian murgiltzen gaitu eta errefuxiatuen aferari heltzen diote gerra psikologikoa burutzeko asmoarekin: masa- sentsibilizazioaren bidez armak bidaltzea eta NATOren esku-hartzea justifikatzea duena helburu. Baina serioak eta duinak baldin bagara, gogorarazi beharko genieke Donbassetik –Ukrainak baino populazio askoz txikiagoa edukita ere– kasik bi miloi errefuxiatuk hanka egin dutela, “erasotzailea” den Errusiara, eta bigarren olatu horretan ere 65.000 inguru dira handik alde egindakoak. Datu horiek guztiek ordea ez dute lekurik komunikabideetan.
Propagandaren jauziaz gain, errepresioak ere jauzi kualitatiboa sufritu du oldarraldi berri hau hasi zenetik, eta horren ispilu da Pablo Gonzalez kazetaria Polonian espetxeratu izana. Harekin elkartasun gutxi eta isiltasuna nagusi “errusiarzalea” delako edo hobe esanda “errusiar espioia” delako. Europako herrialde antidemokratikoenak zabaltzen dituen gezurrak, fantasiak eta funtsik gabeko akusazioak aintzat hartzen dira eta ez Pablo ezagutzen dugunon hitza.
Lotsagabekeria handia da: lehen George Sorosen zerrendan edota Ukrainar zerbitzu sekretuen “terroristen zerrendan” agertzen ginen eta horren ondorioz hainbat komunikabidetan ateak ixten zizkiguten. Orain kartzelara bidaltzen gaituzte zuzenean, kazetari gehienen isiltasunaren aurrean. Oldarraldi errepresiboa datorkigu kazetari, analista eta ahots kritikoei eta hedabide atlantisten diskurtsotik ateratzen denak gogotik ordainduko du.