BAI EUSKAL HERRIARI herri ekimenak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren
eskutik etorririko debekuaren aurrean, bere elkartasuna eta babesa
agertu nahi die euskal presoen politikoen lagun eta senitartekoei eta
Etxerat elkarteari.
Debekuaren aurrean, inoiz baino garrantzia handiagoa hartu du
urtarrilaren 2an Bilbora joateak. Bide honetan txalogarria iruditzen
zaigu EA, Ezker Abertzalea, Aralar, Alternatiba eta AB alderdiek
emaniko pausoa. Halaber, kezkaz begiratzen dugu EAJ, EB edo eta
Hamaika bat bezalako alderdiek debekuaren aurrean beste aldera
begiratu izana.
Debekua izeberraren punta.
Azken hilabetetan, euskal presoen senide eta lagunak behin eta berriz
salatu izan dute sufritzen ari diren kriminalizazioa. Behin eta berriz
ikusten ari gara presoen argazkiak delitu bailiran kentzen dituztela.
Zer esanik ez, euskal presoen senideek azken garaian bisitetan jasan
behar duten jazarpena. Etxeraten manifestazioaren debekua, etor
litezkeen beste hainbat erasoren hasiera bailitzan dakusagu.
Gure hustez etor litekeenaren aurrean, pauso konkretuak emateaz gain,
herri bezala konpromiso konkretu eta zabalagoak hartzea eskatuko du
egoerak eta gizarte eragile sozial, sindikal eta politikoek prest egon
behar dugu.
BAI EUSKAL HERRIARI ekimena osatzen dugun emakume eta gizonok,
urtarrilaren 2an Bilbon 17:30ean hasita Jesusen Bihotza plazatik
abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitzen dugu euskal
jendartea.