Bi hamarkada luzetan kartzela eta urrunketa ezagutu duen Filipe Bidartek estatuaren aldetik pairatzen duen«jazarpen politikoa» salatu du gaur goizean Baionan Filipe Aska mugimenduak. Iragan otsailean 2007az geroztik Beziers herrian bizi den baigorriarrak etxera bueltatzeko baimena ukan zuen. Izan ere, prokuradoreak helegitea ezarri ondoren erabakia baztertua izan da behinik behin. Heldu den maiatzaren 15ean iraganen da dei auzia Parisen. Izan ere, Filipe Aramendi abokatuak bere haserrea agertu du. «Zigorra betetzeko 23 hilabete falta zaizkio eta Filipek eskubide osoa du bere geroa antolatzeko. Lan proposamena badu Baigorrin eta apirilean abiatu behar zuen formakuntza bat; gizarteratze prozesua oztopatzen duen erabaki hau oso larria da, urte luzetako jazarpena politikoaren logika segitzeko nahikeria agertzen duelako».
Maite UBIRIA /BAIONA
Agerraldian parte hartu duten Giza Eskubideen Liga (LDH, frantsesez) eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Komiteko kide binak baldintzapeko askatasuna eskubide bat dela oroitarazi dute. Lehen elkartearen izenean mintzatu den Deprez-ek gaineratu duenez, «Euskal Herrian prozesu demokratiko bat eraikitzen ari garen momentuak erabaki honek beste batzk bezala, kezka handia sortzen digute».
Ildo beretik, Filipe Laskarai, Filpe Askaplataformako kideak «erabaki honek jende gehiengoa nahi duen lasaitasunaren kontra doala» nabarmendu du. Frantses estatuak une politiko berria aitzat hartu ordez «errepresioa azkartu duela» gaineratu du Laskaraik.
Baldintzapen askatasunean ateratzeko baldintzak betetzen dituzten presoak berehala askatzea «amnistiaren bidean lehen urratsa dela» defendatu ostean, «Ipar Euskal Herroko etorkizun instituzionalaz elkarrizketa ideki eta demokratikoak hasi ditzaten» eskatu die eragile politikoei. Filipe Bidarten kasua gogora ekartzeaz gain, Ion Kepa Paro presoari hirugarrenekoz ukatu diotela baldintzapeko askatasuna salatu du.
Jean-Mixel Galant, Garazi-Baigorri herri elkargoko lehendakariak Nicolas Sarkozyk Euskal Herrirat etorri zenean egin zuen adierazpena izan du gogoan. » Tokiko hautetsi gehienek nahi badute lurralde elkargoa sortzeko bidean ahal direla aitzinamenduak izan erran du eta, ene ustez, dozier horretan bezala auzi honekin ere ahal da zerbait lortu» azaldu du Azkarateko auzapezak, hautetsi guzier dei berezia eginez.
Mertxe Kolina, ABko kideak, Filipe Bidartek Euskal Herrira itzultzeko duen eskubidea aldarrikatu du, beste hainbat alderdik beren sostengua adierazi dutela gogoratuz. Hala nola AB, Batasuna, EA, Autonomia Eraiki, eta NPA alderdiek bat egin dute ondoko astetan martxan jarriko den elkartasun kanpainiarekin.
Sosteguak areagotuko direla erantsi du Terexa Mitxelena Filpe Aska kolektiboko kideak. Mementukoz, hautetsi abertzaleen gehigarriz, MoDem, Berdeak eta PS alderdietako hainbat hautetsik babestu dute Bidarten aldeko kanpainia. Hala nola, Sylvianne Alaux, Kotte Ezenarro, Marie-Christinne Aragon eta Frantxoa Maitia hautetsi sozialistek posizioa hartu dute. Azken honek mezua igorri du. Bertan dioenez «Mementu berezia dugu orain Euskal Herria, osoko bakea lortu nahian … Bide pozgarriak abiatiak dira Euskal Herrian. Kondizione hauetan, ezin ulertua da, Filipe Bidart Euskal Herrirat bizitzerat ez uztea».
Alice Leiziagezahar eskualde kontseilari ekologistak, eta Jean-Rene Echegaray (herri kontseilaria ) eta Jean Jacques Lasserre (senataria) hautetsi zentristek izenpetu dute.