Ad hominem argudioak dira eztabaida alde batera utzita deskalifikazio pertsonaletan oinarritzen direnak, eztabaidan arerio duzunaren iritziei aurre egin beharrean solaskidearen edota haren komunitatearen ustezko akats eta gabeziak azpimarratzeko erabiltzen direnak. «Arerio baten argudioari ezin badiozu erantzun ez dago dena galduta: iraindu dezakezu» (Elbert Hubbert).
Mikel Zubimendiren Historiaren motorraz hitz-aspertu batzuk artikulua (Gara, 2015-08-13) irakurriz gero ad hominem argudioen adibide argia aurkituko dugu. «Jende bat aspertu egiten da, aspaldi dago aspertuta, eta, hain oker horregatik, egiten ditu egiten dituenak» dio Zubimendik eta, beste batzuen artean, amnistia aldarrikatzen dugunok jartzen gaitu horren adibide. Horri gehitzen dio nagiak eta aspergarriak garela eta, gure aspermenak etenik ez badu buruko gaitzetako profesional bat kontsultatzea proposatzen digu azken aukera moduan. Beste batzuk baregarri utzi nahian barregarri gelditzen da.
Orain dela bi hilabete beste artikulu batean (Sí a la amnistía, Gara, 2015-06-15) alde bakoitzak amnistiaren inguruan zuen jarrera argudioz azaltzearen beharraren garrantzia azpimarratu nuen. Zentzu horretan ez dugu aurrera pausurik ikusi batzuen partez eta, behintzat publikoki, gai honen inguruan modu eraikitzaile eta koherentean agertu diren eragile bakarrak Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua eta Amnistiaren Aldeko Gutuna sinatu zuten 140 errepresaliatu ohiak izan dira. Gainontzeko guztien partez irainak besterik ez.
Mikel Zubimendiren kasuan bere ibilbide politiko luze eta aberatsa aski ezaguna da, Jarraiko bozeramaile zen garaitik Seguran Batasunaren aurka burututako operazioraino, eta horregatik iruditzen zait azken artikulu honetan egin duena baino askoz hobeto egin dezakeela. Ez dakit gaur egun zelan kalifikatuko lukeen Ramón Jauregiren parlamentuko eserlekuan karea bota zuenekoa Lasa eta Zabalaren kasuan PSOEk zuen ardura salatzeko, edo ETAn militatzera pasatzeko hartu zuen erabakia. Aspertuta zegoelako egin zituen egin zituenak? Ez dut uste, konbentzituta zegoelako egin zituela ziur nago.
Horregatik defendatzen dugu amnistia aldarrikapen honen inguruan militatzen dugunok, konbentzituta gaudelako. Era ezberdinetan azaldu dugu zergatik nahi dugun errepresaliatu politikoentzako amnistia eta gaur beste modu batez egingo dut, badaezpada oraindik despistaturen bat enteratu ez bada: ez dugulako onartzen Euskal Herriaren alde eta faxismoaren aurka borroka egin dutenen aurkako inolako zigorrik. Hori bezain erreza. Eta horregatik manifestatuko gara Bilbon amnistiaren alde abuztuaren 29an eta azaroaren 28an. Orain, manifestazio horretara joango ez direnei tokatzen zaie euren jarreraren zergatia azaltzea. Zain gaude.
Sendoa Jurado García . Amnistiaren aldeko militantea.
Hona hemen igorleak aipatutako artikuloa:
HISTORIAREN MOTORRAZ HITZ-ASPERTU BATZUK
Barkatuko didate zahar usaineko marxista eta erromantikoek, baina aspaldian minkide batekin hitz egin bezala, gero eta konbentzituago nago ez klase borroka eta ez amodioa ere ez direla historiaren motorrak. Zientifikoki demostratutzat jo zuten marxistek gizateriaren aurrerabidea klaseen arteko antagonismoa zela, eta azalpen bezala zernahirako eta nahi bestetan erabili zuten. Erromantikoentzat, aldiz, amodioak mendiak mugitu, munduko gerrak esplikatu eta jendearen jokabidea arrazoitzen zuen. Barkatuko didate denek, baina ez, ez da horrela.
Zilegi bekit hitz potoloa neureganatzea: historiaren motorra aspermena da. Jende bat aspertu egiten da, aspaldi dago aspertuta, eta, hain oker horregatik, egiten ditu egiten dituenak. Esplikazio sentzilloa da, agian sentzilloegia, baina bestela ezin dira ulertu ustez larreostikoak diruditen eta politikoki jantzita datozen hainbat jokabide eta adibide. Kaputxak jarrita, «gora biolentzia!» lelo hartuta dabiltzan feministak, edo presoen alde ustez, «Amnistia ala hil» bezalako mezu tragikoak, esate baterako. Konturatzeke, gainera, aspertu egiten dute.
Aspermena eta nagikeria intelektuala lehengusu propioak baitira. Nagikeriak ezer ez egitera darama, eta, ezer ez egiteak, aspermenera. Nago aspermena sentitzeke ez liratekeela ekintza horiek egiten hasiko. Arazoa, ordea, aspermena hiltzeko inolako irabazi sozial eta erlazionalik gabeko distrazioak egiten hasten zarenean dator. Ondo pasatu eta entretenigarria izan daiteke, baina distraziook kausa justuak ahuldu eta hutsunea, zentzu faltari darion hutsune mingotsa uzten dute.
Borondatea lantzea, edukatzea eta ahaleginarekin indartzea beti da gomendagarria. Ilusioak atrofiatuta badaude, inertzian kateatzen garelako, bultzada kreatiborik gabe, pertsonalki eta kolektiboki gutaz tiratuko duen bisiorik gabe. Aspermenak, beste behin, partida irabazita.
Eta aspermenak etenik ez badu, beti dago buruko gaitzetako profesional bat kontsultatzeko azken aukera bat.
MIKEL ZUBIMENDI