1976ko martxoaren 3an Polizia Armatuak, Espainiar Estatuaren segurtasun taldeetako batek, bost langile erahil zituen operazio errepresibo batean hemen Gasteizen. San Frantzisko elizan gertatu zen sarraskia, Zaramagako auzo langilean alegia, hiru hilabetez lan baldintza duinengatik konpromezuz eta irmotasunez Gasteiz gelditu zuen greba orokorrean borrokatu ostean. Asanbladak, lantegietan lehendabizi, eta auzo eta ikastetxeetan gero, langile mugimenduaren historian aztarna utzi duen borroka antolatzeko eta kontzientziatzeko tresna izan ziren. Arrazoi hori zela eta hartu zuen Gobernuak, greba orokorraren egun hartan San Frantziskoko asanblada erreprimitzeko eta erasotzeko erabakia, bost mila gizon eta emakume baino gehiago batu baitziren, herri boterearen grina eta irmotasuna erakutsiz.
Aurten, gertakari hauen berrogeigarren urteurrena da, eta tamalez baieztatu dezakegu, azken berrogei urte hauetan ez dela ezer aldatu. Are gehiago, 76ko grebekin lorturiko lan eta gizarte hobekuntzek atzerakada jasan dute, deuseztatuak izan direlarik krisi sistemiko batean, langileak eskubiderik eta etorkizunik gabeko norbanako bihurtzea helburu izanik.
Testuinguru honetan jaio da Herri Ekintza, eragile zein norbanako ezberdinek osaturiko plataforma, Gasteizko herri mugimenduaren elkargunea, alegia.
Lehenik eta behin, Herri Ekintzak Martxoaren 3an erahil, zauritu eta modu batean edo bestean borroka hartan murgildu ziren langileei, oroimen historikotik, omenaldi apala eta zintzoa egitea beste helbururik ez duela esan behar da.
Baina Herri Ekintzak ez du soilik zorigaiztoko gertakari haien oroitzapenean geratu nahi, izan ere, ez da nahikoa. 1976ko Martxoaren 3ko esentzia ideologikoa, gaurko errealitatera ekarri nahi dugu. Borroka baten oroimenari, ezin baitzaio atzera begiratuta soilik eutsi. Orainean bizi gara, eta belaunaldi berriok etorkizuna sistema ezberdin batean eraikitzeko ardura dugu; berdintasuna eta elkartasuna oinarri dituen bidezko sisteman.
Herri Ekintzak, ezagutzaren eta kontzientziazioaren bitartez, memoria aktibotik abiatuta, askorek galduta dagoela uste duten borrokaren grin hori berreskuratu nahi du.
Hori dela eta, herri mugimenduari, edozein iritziren gainetik, protagonismo nabarmena izateko deia luzatzen diogu, langile klasearena eta herriarena den konmemorazio honetan.
Honegatik guztiagatik, otsailaren 10etik martxoaren 5era arte Gasteizko gune ezberdinetan garatuko den egitaraua antolatu dugu, zeinetan gaur egungo gaiei helduko zaien. Betiere, ikuspuntutzat hartuta betidanik herri mugimenduaren borroka izan den, baden, eta izango den, Martxoaren 3a.