Gutun hau idazten hasi naizen momentuan harrotasuna eta lotsaren arteko nahasketa sentitzen dut. Harro sentitzen naiz zuen jarrera duinarekin herri baten ausardia, koherentzia eta eskuzabaltasunaren isla bihurtzen zaretelako, makurtu ez ezik hainbeste kide akabatu dituen kartzeletako biolentzia hiltzaileari aurrez aurre begiratzen diozuelako; baina lotsa ere sentitzen dut, beste garai batzuetan aipatutako balioak mantentzeagatik txalotzen zintuztetenetako batzuek, zuek estigmatizatzeko eta babes zein laguntzarik gabe gelditzeko saiakera antzuan dabiltzalako, eta dena Nire izenean ez! ozen oihukatu duzuelako gu zigortzea helburu duten epaimahaiei eskua luzatu eta ultraeskuindarrekin akordio politikoetara heltzea eredu bihurtu nahi duten garai hauetan.
Gustatuko litzaidake gutun bat idazten dudanean betiko etsaiaren aurka ari naizela sentitzea, eta zinez iritzi artikulu batean Sortu aipatzen dudan bakoitzean nire buruari esaten diodala azken aldia izango dela, hemendik aurrera tokatzen dena amnistia aldarrikatzea dela eta zuekin batera herri oso bat gatibu mantentzen duten estatuen izaera faxista agerian uztea dela. Baina zailegia jartzen didate, are gehiago Sorturen estrategiaren baitan kokatzen diren abokatuak direnean babes juridikoa kenduko dizuetela helarazten dizuetenean, ez aurpegira, dotoreziaren arauetan idatzita datorren moduan, baizik eta beste kide batzuen bitartez. Zaila jartzen didate bere semearen argazkia kontzentrazioetan egongo ez dela esan eta gero, lotsagabeki ama bati kontzentrazio horietara joaten jarrai dezakeela esaten diotenak Sortuko militanteak direnean.
Orain laguntza oro kentzen dizuete diziplinatuak ez omen zaretelako izan eta horrek erakusten du, bizitzako esparru guztietan bezala, afera honetan ere klaseen arteko borrokak bizirik dirauela. Zuekin hartu duten jarrera ez ziren hartzen ausartu urtetan zehar Kolektiboaren ildo politikotik kanpo zeuden iritzi artikuluak idazten zituzten politikari presoekin, agian beraiek ez zirelako zuek bezalako «soldadutxoak», izen handiko ofizialak baizik. Ez dute neurririk hartu ere kartzela barruan lanerako destinoak betetzen ari diren «kideen» aurka, agian beraiek ez dutelako zalantzan jartzen garai bateko politikari presoen estatusa eta, ez dut gaizki pentsatu nahi, agian Kolektiboko zenbait tabu apurtzeko lagungarriak direlako. Ah! Ez zenekitela batzuek Kolektiboak debekatzen dituen destinoak egiten ari direla? Ba bai, orain gutxi zuek inoiz gehiago defendatuko ez zaituen abokatu batek publikoki ukatu zuen arren, hori gertatzen ari da. Baina ez du axola, arazoa zuek zaretelako!
Bagenekien une hau helduko zela. Iazko udazkenean jakin genuen Sortu hainbat kide EPPKtik kanporatzeko presionatzen ari zela «estrategia berria» deritzan asimilazio estrategia zaharra onartzen ez zutelako. Jendeak horrelako kanporaketak ez zituela ulertuko konturatuta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak EPPK zatitzea zuela helburu zabaltzen hasi ziren. Beranduago Parisko epaiketako oharra etorri zen, eta Danitxuren gutuna, eta Jon Keparena, eta Usurbilgo prentsaurrekoa (badago bere izena zerrendatik kentzea eskatu duenik engainatuta sentitu delako), eta orain, zuekiko hartzen duten jarrerarekin, zirkulua ixten da hasi zen toki berean: kristorenak entzun behar izan genituen duintasun jarrerak mantentzeagatik inor ez zela botata geldituko esateagatik, baina botata utzi nahi izan zaituzteten honetan, gure konpromisoan berresten garela esan behar dizuet. Herria zuekin dago eta dagoeneko antolatzen hasi da.
Azken hausnarketa moduan esan nahiko nuke zuen aurka hartu duten erabaki hau zuek bezala pentsatzen duten gainontzeko kideak beldurtzeko saiakera bat gehiago besterik ez dela izan, gorrotoan oinarritutakoa gainera. Berdin zaie hauteskunde kanpaina erdian gertatzea, kontrakoa pentsatzen bagenuen ere, beraientzat hauteskundeak baino zerbait garrantzitsuagoa badagoelako, eta hori dena lotuta eta ondo lotuta uztea da. Muga guztiak gainditu dituzte, hainbesteraino asistentzia medikurik gabe ere utzi nahi izan zaituztela, hainbesteraino preso ohiak lanpostua galtzearekin mehatxatu dituztela, hainbesteraino iparra guztiz galdu dutela. Guretzat, ordea, zuek zarete iparra.
Txikito, Jon Kepa eta Danitxu: har ezazue besarkada handi bat Euskal Herritik, milaka pertsona direlako zuek eredutzat hartzen zaituztenak. Eskerrik asko hiruroi!
Sendoa Jurado Garcia- Amnistiaren aldeko militantea.