Ez da irakurle askorentzat nobedadea izango azkenengo urteetan zehar ezker abertzaleko herritar batasunetik zehazki, ibilbide deigarri eta kezkagarri bat, hainbat adierazpen zein ekimen zehatzetan gauzatu izan dena. Honek militantziaren hainbat sektoreengan, ulertezintasunetik abiatuz, hainbat sentsazio eta joera bultzatu izan ditu, kasurik tamalgarrienetan hainbaten aldegitea izan delarik.
Ezaugarri esanguratsu ‑ezker abertzalearen tradizio historiko eta printzipioei begiratuta- zein kezkagarriak ditu ibilbide honek. Lehenbizikoa, esaterako, zuzendaritza politiko bera zein ezker abertzalearen konfigurazioa ulertzeko modua. Deigarria oso da, esaterako, herritar batasunaren zuzendaritzatik ezker abertzalearen ezaugarritzeari buruzko ikuspegia.
Erreforma politikoaz geroztik, ezker abertzaleak, ikuspegi eta sektore desberdinen arteko oreka lehenetsi zuen. Era horretan, askapen prozesua osatzen zuten sektore desberdinek bere burua ordezkaturik zeukaten zuzendaritzatik abiatuz, herri mailako markoetaraino, ikuspegi aberastasun horrek ezker abertzaleari oreka eta ibilbide koherente eta herritar baten bermea suposatu ziolarik.
Ezaugarritze horrek ezker abertzaleari mugimendu izaera eman zion. Langile mugimendua, gazte mugimendua, herri mugimendua, alderdi iraultzailea, herritar batasuna… guztien arteko orekak bermatu zuen gaur egun arte ezagutzen dugun ezker abertzalea.
Garai berean alderdi bakarraren zuzendaritzaren baitako eredua diseinatu zuenik ere izan zen. Haiei buruz PSEn eman dezakete berri. Asimilaturiko EEren eredua dugu.
Gaur egungo herritar batasunaren zuzendaritzaren baitako indar harremanaren ondorioz, estrategia aldaketa soilik ez, eta izaeran zein ezaugarritzean ere aldaketak izateko arrisku erreala dago. Herritar batasunaren baitan zuzendaritza kokatu eta gainontzeko herri espresioen pisua arintzeko arriskua inoiz baino indar handiagoz ageri zaigu. Urratsak ematen hasiak dira norabide horretan dagoeneko: langile eta gazte mugimenduen autonomia berez errespetatu egiten da, antolakuntza markoak ahalbideratuz. Herri mugimenduaren autonomia aldiz, ukatu. Horrela, herri mugimenduko kideen ikuspegi propioarekin ekarpena egiteko aukera ukatzeko, antolaketa galerazten da, aukera bakarra eskainiaz: herri mugimenduko militante oro alderdiaren diziplinaren baitan kokatzea.
Herri mugimenduaren inguruko “saretzea” Sorturen baitan antolakuntzari dagokion atalean jasotzen du zehatz-mehatz ponentziak. Ez da beraz idatzi honen asmakizuna herri mugimenduaren dinamizazioa herritar batasunaren baitan kokatzearen tentazioa dagoela esatea.
Herri mugimendua, hain zuzen ere, herritarrak antolatzen direneko espazioa. Politika instituzionala inolako oztoporik gabe eta herriari bizkarra emanez bermatu dezakeen eredua hain zuzen ere. Eta horretarako herri mugimenduaren inguruko antolakuntza, politika instituzionala garatzen duen alderdiaren diziplinaren barnean kokatu, herritar eta iraultzaile litzatekeen proiektu zein prozesu bati begira ekar ditzakeen arrisku guztiekin.
Banatu berri diren ponentzien azterketa idatzi honetan jorratuko ez baldin bada ere, hainbat aipamen labur luza daiteke, arrisku hauen tendentzia hutsala ez dela baieztatzeko. Bi adibide besterik ez. Oinarri ideologikoen atalean nazio eraikuntzari ematen zaion garrantzia batetik. Irakurlearentzako aztergai geratzen dena: zenbatetan eta zein garrantzirekin, zein mailaketatan, azaltzen da nazio eraikuntza aipatu testuan? Bigarrena nazio eraikuntza beraren kontzepzioa antolakuntzari dagokion atalean. Modu nabarmenean nazio eraikuntza masa borrokaren baitan kokatu nahi da ‑Euskal Herria ezkerretik eraikiz eta masa borrokaren arteko binomioa agerikoa da testuan‑, nazio eraikuntzari duen dimentsio eta balio estrategikoa ukatuz.
Arestian aipaturiko ezaugarrietatik lehenbizikoa izan da laburki azaldurikoa. Badira gehiago, hala nola, estrategiaz gaindi ezker abertzalearen balio tradizionalen alderantziketa, izandako hautu taktiko deigarri ‑zein kezkagarri- dezente, edo eta diskurtso eta eremu ideologikoan izandako atzerakada, etsaiaren terminologia barneratuz sarritan. Baina hauen inguruan sakontzeak, testua neurririk gabe luzatuko duela eta, beste baterako gordetzea izango da egokiena.
Joera kezkagarria, ezker abertzaleko militante askok dakusaguna. Tamalez, militante izandako zenbaitek etxera joateko hautua egin du. Ez du militatzen hasi zeneko ezker abertzalea ezagutzen, eta ez da partaide sentitzen. Baina alde egin duten edo haien burua kanpoan ikusi berri duten haien aldentzearen efektu edo ondorioaz jabetu beharko lirateke. Ibilbide honek arrisku nabarmenak dauzka sistema eta estatuen asimilazioaren norabidean, eta indar desberdinen arteko harremanak joera hori indartzen du. Parte ez sentitzeak, indar harreman horretan eragitea suposatzen du, ibilbide kezkagarri honen indartzea alegia. Ez da etxera joateko ordua. Ezker abertzalea hamarkada askotan zehar izerdi zein odolez eraikitako mugimenduaren eredua arriskuan egon bailiteke. Eragiteko ordua iritsi da.
Sortu prozesua abian da, bertan herritar batasunaren inguruko erabakiak hartuko direlarik. Bertan dugu borrokarako esparrua. Ezker abertzalearen mugimendu izaera bermatu nahi dugunak nahi eta nahi ez espazio hura izango dugu horretarako. Askapen prozesua benetan askatzailea, herritarra, iraultzailea, sozialista eta anti-patriarkala izango den eztabaida horretan erabakiko da neurri batean. Eskubide osoa, baita betebeharra ere, dugu ikuspegi hori herritar batasunaren baitan berma dadin. Ikuspegi hori txertatuko luketen emendakinak aurkezten. Ikuspegi horren arabera jardungo diren arduradunak aukeratzen, proposatzen. Herri edo auzo mailan ideologikoki norabide horretan eragiten. Harremanak saretzen.
Ez dago alternatibarik. Sortu prozesuan eragin, eta askapen prozesua berma dadin erantzukizunez jokatu beharra daukagu. Aldendutako jendea berreskuratu, inplikatu, indar herritar eta iraultzaileak batu, Sortu etorkizuneko herritar batasuna izan dadin. Eta horretarako indar harremanean eragiteko parte hartzea funtsezkoa izango da. Abestiak dioen bezala “hire indarraren beharra diagu gure indarrarekin batera”. 15 urte barru ez du balio damutzea ekiditeko aukera izan denean ezer egin ez bada. (latza litzateke egin genezakeenaz oroitzea, iraganeko aukera galdu gisa) Gure esku dago. Denon esku. Erantzukizunez jokatzeko garaia iritsi da.