«Jaialdi kapitalistak dakarren despolitizazioaren aurrean, guri beste ospakizun eredu bat garatzea dagokigu. Guk ez daukagu formula perfekturik, baina Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topaguneak ospakizun eredu horretan ekarpena egin nahi du»
Apirilaren 23an aurkeztu zenuten Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea, Azpeitian (Gipuzkoa). Zerk eraman zaituzte Ikasle Abertzaleakeko eta Gazte Koordinadora Sozialistako kideei Topagunea elkarrekin antolatzera?IA eta GKS prozesu sozialistarekin lerrokatzen garen bi antolakunde gara, eta hortik dator gure arteko harremana. Hau da, eremu desberdinetan gauzatzen dugu praktika, baina konpromiso eta borondate berak batzen gaitu: langile antolakuntzaren indar gabezia eta subjektibitate despolitikoa gizartean erabat hedatuta dauden garai honetan, sozialismoaren defentsa egitea beharrezkoa dela uste dugu. Izan ere, gaur egun Euskal Herrian prozesu sozialista garatzeko aukerak irekitzen ari dira, eta prozesu horren gaurkotasuna eta beharrezkotasuna aldarrikatzeko, Topagunea batera antolatzea erabaki genuen.
Topagunearen edukien eta egitarauaren zehaztapenetan sartu aurretik, argitu dezakezue zein den Topagunearen helburua?
Esan behar dugun lehen gauza da Topaguneak ez diola helburu bakarrari erantzun nahi. Aitzitik, Euskal Herrian hastapenean dagoen prozesu sozialistari bultzada ematea, komunitate politikoa indartzea eta langile kultura hedatzea dagokigu gaur egun: guzti horri erantzuteko antolatu dugu Topagunea.
Izenak dioen modura, Euskal Herriko gazte sozialistei bideratutako Topagunea izango da. Beraz, horren helburua ez da ahalik eta jende gehien biltzea. Hau da, helburua ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baizik. Izan ere, Topagunea topo egiteko unea izanik, topo zertarako egiten dugun galdetu eta erantzun beharko genuke. Hor kokatzen da gure planteamendua: ospakizunak, lan egunek eta eduki politikoak zentralitatea izango duten Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunea da antolatu duguna.
Horrekin batera, batasunaren eta antolakuntzaren beharra azpimarratu nahiko genuke. Gizarte honek sortzen dituen arazoei modu eraginkorrean aurre egiteko eta modu horretan ildo sozialista gorpuzteko beharrezko bidea da antolakuntza. Horren faltan ezingo genituzke, besteak beste, ikasleen ikas-baldintzak hobetzeko aurten hainbat borroketan lortu ditugun garaipenak ospatu, ezta loratzen ari diren gune eta proiektu sozialistak indartu ere.
Azkenik, esan beharra daukagu Topagunea antolatzerakoan beste zenbait eragilek eta norbanakok ere laguntza eman digutela; Esklabetako (Azpeitia) zein inguruko jendeak erakutsi duen prestutasuna ere txalotzekoa da. Horregatik guztiagatik oso eskertuta gaude, eta gogoz beteta.
Ospakizun egunak izango dira, beraz. Baina zer esan nahi duzue ospakizun eredu politikoaren beharra aldarrikatzen duzuenean?
Ospakizun eredu politikoa ospakizun eredu kapitalistari kontrajartzen zaion eredua da, ez baitago festa eredua gizarte ereduari lotuta ulertzea beste aukerarik. Beraz, gizarte kapitalistak festa eredu kapitalista sortzen du, bere beharren araberakoa dena. Hala, diru kantitate handia mugitzen duten festak dira, industria handiei (alkoholarena, kosmetikoena eta abar) irabaziak ematen dizkieten jaiak. Gazte langile askok baldintza prekarioetan lan egiten duten egun eta orduak dira. Gainera, gizarte kapitalistak eskaintzen duen sozializazio momentu bakarrenetarikoa izatearekin batera, jaiaren testuinguruak berak ere konpromisoan oinarritutako harreman ereduak garatzea oztopatzen du. Are gehiago; genero biolentzia kasuak sarri ematen diren uneak izaten dira, beste hainbat gauzen artean.
Laburbilduz, jaialdi kapitalistak gizartean subjektibitate despolitikoa eratzen eta hedatzen duela esan genezake; historian zehar ikusi dugun bezala, jakitun gara jendarte despolitizatu batean sozialismoaren aldeko jarrera garatzea zaildu egiten duela.
Horri kontrajarrita ulertu nahi dugu ospakizun eredu politikoa, guk sortu nahi dugun subjektibitate eredua despolitizazioaren kontrakoa delako. Soilik politizatutako gizarte batean, hau da, instituzio, alderdi zein kaleetan, eta herriaz gain munduan gertatzen ari denaz arduratzen den jendartean, indartzen baita prozesu sozialista: jendeak bizi duen testuinguru politikoaren baitan, konpromisoak eta posizioak hartzen dituen gizarte ereduan. Beraz, jaialdi kapitalistak dakarren despolitizazioaren aurrean, guri beste ospakizun eredu bat garatzea dagokigu. Guk ez daukagu formula perfekturik, baina Topaguneak ospakizun eredu horretan ekarpena egin nahi du.
Agerikoa den bezala, guk ez dugu ospakizuna baztertzen. Topagunea goian aipatu dugun guzti horren ospakizuna izatea nahi genuke. Egunerokoan, herrietan, eskualdeetan zein maila nazionalean, antolakuntzaren bitartez prozesu sozialista pixkanaka elikatzen ari garela ospatu nahi dugu, eta baita ekaineko egun horietan Azpeitian egingo dugun lan guztia ere.
Lan egunak ere ospakizuna eta konpromiso politikoa uztartzeko helburuz antolatu dituzue?
Bai, lan egunek ere hor hartzen dute zentzua. Izan ere, gazte langileok normalean miseriazko soldatak jasotzen ditugu, beste batentzat lan egiteagatik, adibidez, supermerkatu handietan kutxazainetan eta hornitzaile lanean aritzen garenean. Soldatapean egiten dugun lana enpresen interesak gauzatzeko bitarteko soil bat baino ez da. Kontrara, Topagunean egingo dugun lanagatik ez dugu soldatarik jasoko, baina trukean jaso dezakegunak ez du preziorik. Topagunean egindako lanaren ondoren, ez dugu ezer edukiko merkatuan saltzeko eta bertatik dirua ateratzeko. Guretzat lanak beste funtzio bat du: despolitizazioak jandako gizarte honetan, Esklabatan garatu asmo duten proiektu sozialari bultzada emango diogu. Elkarlanean aritzeak, bertan izango garen Euskal Herriko militanteoi helburu komun bat jartzen digu, eta eredu kultural berria jartzen du mahai gainean. Hori ezin da soldataren bitartez ordaindu.
Zer egingo duzue zehazki lan egunetan?
Lan egunek bi helburu nagusi dituzte: alde batetik, espazio desberdinak egokitzea; eta bestetik, jakintza tekniko desberdinak ikasteko aukera eskaintzea. Horrela, espazioa bera erabilgarri jartzeaz gain, gure jakintza eta gaitasun teknikoak biderkatuko ditugu. Horretarako, lan-taldeetan banatu eta ikastaro formatuaren bidez hainbat lan burutuko ditugu.
Zehazki, hauek dira egingo ditugun lanak eta ikastaroak: iturgintza, elektrizitatea, arotzeria, mural margoketa, komunikazioa, txosnen muntaia eta sukaldaritza. Beraz, Topagunera etortzeko asmoa duten guztiei lanerako arropa ekartzea eskatzen diegu: eskularruak, botak eta zikintzeko arropa, gehienbat.
Egitarauari begiratuz, ospakizunaz eta lanaz gain, Topagunean eduki politikoak ere zentralitatea izango duela ikus daiteke. Zein izango da Topaguneko hitzaldiek jorratuko duten edukia eta zergatik aukeratu dituzue gai horiek?
Ostiral arratsaldean, hezkuntza edota genero eta gazte problematika lantzeko hiru hitzaldi izango ditugu, ordu berean. IAko kideak arituko dira hezkuntza problematikaz; Itaiakoak genero problematikaz, eta GKSkoak gazte problematikaz. Hiru problematika horiek kapitalismoaren barnean egiturazko auziak direla uste dugu; hau da, soilik gizarte burgesaren baitako problematika espezifiko gisa uler daitezkeela uste dugu. Horrenbestez, beharrezkoa zaigu seinalatzea burgesiak nola indartzen dituen bere posizio politikoak problematika horien bitartez. Izan ere, problematika horien ulerkera egokiak, politika horiei kontrajarriko zaizkien lan-lerro sozialistak garatzen joateko aukerak jartzen ditu mahai gainean. Hori izango dute jomuga hiru hitzaldiek.
Ostiral arratsaldeko bigarren zatian, Euskal Herriko gazte antolakundeetan jardun duten militanteekin mahai ingurua egingo dugu. Bakoitza bere esperientzia pertsonaletik abiatuko da, eta gazte antolakundeen inguruan hitz egingo du. Hala, hainbat auziren inguruan eztabaidatzeko tartea izango da.
Larunbat goizeko lehenengo zatian, prozesu sozialistaren inguruko hitzaldia izango dugu bi, militanteren eskutik. Gaur egun, prozesu sozialistari eman diezaiokegun kontzeptualizazio posible bat mahaira aterako dute, eta praktikarako zenbait gako estrategiko ere azalduko dituzte. Azkenik, larunbat goizeko bigarren zatian, egungo ziko politiko berriari buruz eztabaidatzeko mahai ingurua izango dugu. Gaur egun esparru desberdinetan bere ekarpena egiten duten militanteekin ziklo politikoaz eztabaidatzeko aukera izango dugu bertan, eta moderazio lanak egingo dituen kide batek dinamizatuko du saioa.
Aisialdirako momentuak ere egongo direla esan duzue. Zer eskaintza egongo da?
Egun guztietan egongo da aisialdirako tartea. Adibidez, lan egunen amaieran lasai egoteko eta ondo pasatzeko ikuskizunak eskainiko dira. Bestalde, lan orduetan ere, denbora librea izango dugu, batik bat lanerako beharrezkoa baino jende gehiago etortzen bada.
Azpimarratu nahi dugun beste puntu bat ere badago. Badakigu ekaineko egun horiek ez direla onenak ikasleentzat; izan ere, askorentzat azterketa garaia da. Horrenbestez, ikasteko guneak egokituko ditugu, egunean zehar beharra duenak lasai ikasteko espazioa izan dezan.
Topagunearen atarian, zer esango zeniekete Euskal Herriko gazteei?
GKSko eta IAko kideek Topagunean parte hartzeko deia luzatzen diogu Euskal Herriko gazteriari. Topagunea urte osoan auzo, herri zein hezigune desberdinetan egindako lan militante eredugarria ospatzeko unea izango da; baita hitzaldiak entzuteko, lanerako eta ikasteko, kanturako, lasai egoteko eta eztabaidatzeko gunea ere. Animatu dadila, beraz, gazteria, etorkizunean sozialismoa loratzera: hazia gaurdanik landatu eta antolatu behar dugu.
2019ko Ekainak 3
Un comentario