Aspalditik dator IA Ikasle Abertzaleak erakundearen eta Sorturen arteko gatazka, ikasle erakundeak orain arte erabili duen Bilboko egoitzaren inguruan. IAk egoitza «lapurtzea» egotzi dio Sorturi; Sortuk, berriz, esan du egoitza hori «ezker abertzalearena» dela, eta gaur egun IAk «beste posizio batzuk» dituela eta ezker abertzalearekin zuen aliantza «hautsi» egin duela.
Orain, IAk agerraldi jendetsua egin du, auziari «aterabidea» proposatzeko. Esan dutenez, urriaren 3an Euskal Ikasleen Erakundearen batzarra egingo dute Bilbo Zaharreko kultur etxean –elkarte horren izenean dago egoitza – , eta Sortuko kideeak batzar horretara joatera gonbidatu dituzte «egoera konpontzeko». Haien ustez, irtenbidea da «mugimendu irregularrak» baztertzea, Euskal Ikasleen Erakundearen «zuzendaritza eta kudeaketa» IAren eskuetan jartzea eta «IAk eta ikasle mugimenduko eragile guztiek egoitza erabili ahal izateko bermeak jartzea».