Atzokoan Murcia II-ko kartzelariek Patxi Ruiz Txantreako preso politikoari egindako mehatxuez informatu baldin bagenuen (ikusi hemen), gaurkoan gertatutakoari buruzko datu gehiago ematera gatoz.
Mehatxuak pairatu ostean eta eraso honi erantzuteko, Patxik ebakidurak egin zituen besoan herenegun, hilak 9, abenduaren 31n egin zuen bezala (ikusi hemen). Orduan bezalaxe, oraingoan ere erizaindegira eraman eta grapak jarri behar izan dizkiote zauria ixteko.
Alabaina, medikuaren jarrera salatu beharra dugu. Erizain batek jarri zizkion grapak, baina medikuak begiratu ere ez zion egin. Patxik lo egin ahal izateko lasaigarriren bat eskatu zion, eta erizainak transiliuma eskaini zion. Patxik zerbait leunagoa eskatzean, medikuak erantzun zion ez ziotela besterik emango eta berdin zitzaiola berari gerta dakiokeena. Patxik, kartzelariz inguraturik, identifikazio zenbakia eskatu zion, eta medikuaren erantzuna honakoa izan zen: “eraman ezazue kaka hau hemendik”. Beste batzuetan salatu dugun bezala, askotan medikuek kartzelari moduan jokatzen dute mediku bezala jokatu beharrean.
Honetaz gain eta kartzelak mantentzen duen jarrera ikusita, gaurkoan Patxik gose eta egarri grebari ekin dio. Oso egoera larria da hau, gose eta egarri greban gorputzeko organoak kale egiten hasten baitira laugarren edo bosgarren egunetik aurrera. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak Patxiren aurkako jazarpena bertan behera uztea eta Murcia II kartzelako 8. moduluko presoen eskaerei kasu egitea galdegiten du.
Euskal Herria, 2020ko maiatzaren 11.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.