Martxoaren 11n kalera aterako gara NATO eta EB ez! Euskal Herria antiinperialista! esatera. Data sinbolikoa da, Euskal Herriak orduan ukatu baitzuen NATOn sartzea. 37 urte geroago, Euskal Herri langilea kalera aterako gara, beste behin, erakunde inperialistari ezezkoa ematera. Baina manifestazioa ez da ekitaldi memorialista bat, helburua ez baita atzoko Euskal Herri antiinperialista aldarrikatzea, baizik eta gaurko eta biharko Euskal Herri antiinperialista antolatzea, horretarako beharrezko erantzun irmoa emanez egungo ofentsiba inperialistari.
Askotariko posizioak daude, kapitalaren mundu mailako azken ofentsiba inperialistaren aurrean, eta zenbait arazo analitiko atzeman daitezke. Batetik, Ukrainako frontea (NATOren gerra, Errusiaren aurka) ezin da bereizi burgesia atlantistaren munduko beste fronte inperialistengandik. Ekialde Hurbilaren ezegonkortzea, Libiaren eta Siriaren aurkako gerra inperialista, Mendebaldeko Saharari egindako traizioa, estatu kolpe militarrak nahiz bigunak Abya Yalan, Ekialdeko Europaren ezegonkortzea eta Errusia balkanizatzeko proiektuak, Venezuelaren, Kubaren, Iranen, Aljeriaren, Errusiaren eta abarren aurkako zigorrak, Taiwanen eta AEBen arteko akordio diplomatiko, komertzial eta militarrak… Ez dira elementu isolatuak, ezta eskualdeko kontraesan soilak ere. Helburu argi bat dute: AEBen hegemonia inperialistari eustea, potentzia berriak agertzearen eta mundu multipolarraren aurrean.
Bestalde, inperialismoaren analisi orok eta mugimendu internazionalistaren eraikuntzak, ezinbestean, geopolitikaren eta nazioarteko harremanen logikarekin apurtu behar du. Inperialismoa aztertzea ez baita «nazioarteko harremanak» aztertzea soilik, areago, ekoizpen harremanetan kokatzea da, analisi materialista baten markoan. Zentzu horretan, gerra-metaketa dialektikaren baitan ulertu behar ditugu mundu mailako ofentsiba eta bere gerra inperialista fronteak: gerra inperialista ez da sistemaren disfuntzio bat, baizik eta beharrezko baldintza bat, beste metaketa ziklo bati ekiteko eta burgesiaren irabazi tasari eusteko.
Beraz, internazionaliston eta antiinperialiston betebehar politikoa NATOren eta kapitalaren Europaren aurka egitea da. Klase gisa eta Europako herri langile gisa, gure zeregina gerra honetan gerra inperialistaren kontraesanak handiagotzea da, klase eta herri gisa zapaltzen gaituen burgesia inperialista indargabetuta. Hau da, «gerra inperialista, gerra zibil iraultzaile bihurtzea» eta gure bloke inperialistari porrot eginaraztea.
Zalantzarik gabe, inperialismoaren eta NATOren aurkako mugimendu bat antolatzea «erabateko gerrarik ez» esatea da, gerra gastuak areagotzeari eta eskalada militaristari arbuioa adieraztea; baina harago doa aldarria. Manifestuan adierazi bezala, langileon gainesplotazioaren eta prekarizazioaren aurka borroka egitea da, eskubide politiko eta sozialen murrizketen aurka egitea, errepresioaren eta estatu polizialaren aurka egitea. «NATO eta kapitalaren Europa ez» esatea ez da, propaganda atlantistak dioen moduan, putinista edo proerrusiarra izatea; dikotomia faltsu eta tranpatiak zabaltzen dituzte. «NATO eta EB ez» esatea Europako mugimendu proletarioa eta Europako herri langileon borroka berrantolatzeko lehen urratsa da. «NATO ez» esatea klase borrokari baietz esatea da; herrion independentzia sozialistari baietz. Finean, Euskal Herri sozialista eta antiinperialistari baietz.
Horregatik guztiagatik, datorren larunbatean, martxoaren 11n, bete ditzagun Bilboko kaleak!
Andrea Bartolo, Askapenako kidea
Iturria: https://www.argia.eus/albistea/martxoaren-11n-denok-bilbora