M1Eginek gaur, martxoak 3, 1976an izandako greba gogora ekarri nahi du. Greba hartan Langile Klaseak bi hilabete luzez errejimena estutasunean jarri zuen. Eta bereziki gogoan izan nahi ditugu duela 43 urteko martxoaren 3an polizia faxistak eraildako 5 pertsonak. Gertaera esanguratsua da bere baitan. Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko Asis elizan asanblada egiten ari ziren greba orokorraren harira. Polizia espainolak eliza gas negar-eragileen bidez desalojatzea erabaki zuen eta 1.000 tirotik gora bota zituzten eraikinetik irtetzen zirenen kontra. 5 hildako eta 100 zauritutik gorakoa izan zen emaitza.
Eraildakoez hitz egiten dugu, eta ez biktimez, ez dugulako memoria (borrokaren gure memoria) despolitizatu eta leundu nahi. Egun hartan eraildakoak ez ziren polizia bortizkeriaren biktima errugabeak. Burgesia faxistaren kontrako Langile Klasearen borrokaren protagonista eta subjektu izan ziren. Horrexegatik ez ditugu «biktima» lez gogoratu nahi. Izan ere, moral burgesak hitz horren esanahia aspaldi hustu zuen. Klaseen arteko gerran hildakoen moduan gogoratu nahi ditugu, beraien eskubideengatik eta gure klasearen duintasunagatik borrokan eraildakoen moduan. Iragandako borrokaren hildakoak, egungo borrokan gure ipar direnak. Pedro María Martínez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, José Castillo eta Bienvenido Perearen izenak gogora ekartzen ditugunean, ez gara soilik beraiek omentzen ari. Memoria kolektiboa bizirik mantentzen ari gara. Memoria -gure memoria kolektibo eta matxinoa- ez da iraganaren oroitzapen hutsa. Borrokarako arma bat da ahanzturaren kontra, errebisionismoaren kontra eta historiografia burgesaren Historia lineal eta progresiboaren kontra. Gure iraganeko eta oraineko borrokak harremantzen dituen hari gorria da. Iraganerako begirada da memoria, orainaren kontra borrokatzeko eta etorkizunerantz ibiltzeko balio digun iparrorratza.
Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herrian Gasteizko gertaerak gogoratzeko arrazoi asko daudela uste dugu. Bereziki, sarraskiaren ondorengo erantzuna ez zelako Gasteizera mugatu, Euskal Herriko Langile Klase osoaren parte hartzea izan zuen erantzuna izan zelako baizik. Martxoaren 3an bertan Bizkaian 35.000 gizon-emakume langile baino gehiagok beraien lan jarduera gelditu zuten eta martxoaren 8rako greba orokorra deitu zuten. Langile Klasea modu masiboan lotu zitzaion grebari (150.000 pertsonatik gora). Ekintza eta manifestazio ugari izan ziren Euskal Herri osoan zehar. Horietako baten Vicente Antón Ferrero langilea erail zuten Basaurin, «martxoaren 3ko seigarren hildakoa».
Ordutik, martxoaren 3an («Euskal Herriko maiatzaren batean»), Langile Klasearen altxamendu hura oroitzen dugu gure hildakoen eta duintasun borroka hura aurrera eraman zuten gizon-emakumeen egun gisa. Borroka haren eredua Gasteiztik kanpo ere gogoratu behar dugula uste dugu, ez lan aldarrikapen huts moduan soilik, gure herriaren askapen borrokaren sinbolo bezala baizik, eta bere protagonistak historia komun bateko seme-alabak bezala baizik. Zapaldutako Euskal Herri matxino eta iraultzailearen historia, lur hauetako klase borrokaren historia, desjabetutako klaseen historia eta memoria kolektiboa, hain zuzen ere.
Hori guztia dela eta, hasieran esan bezala, idatzi honek ez du soilik omenaldia izan nahi. Borrokarako deia izan nahi du, martxoaren 3a ez dadin iraganeko argazkia izan, orainerako arma baizik. Atzoko ereduak gure egungo borroketan bizirik jarrai dezan. Izan ere, gure hildakoak gogoratzeko eta mendekatzeko modurik onena ez baita urtean behin omenaldia egitea, egunero borrokatzea da. Horregatik, Bilbo eta Euskal Herriko herri eta Langile Klasea animatu nahi dugu lanean eta lurraldeetan klase borroka bultzatzen jarraitzera. Kapitalaren kontra, soldatapeko lanaren kontra eta dominazio burgesaren kontra borrokatzera. Etxeko langileen borroka, Bizkaibusekoa, Huertas de Peraltakoa, manteroena eta abar, harremandu behar ditugu auzoetan gentrifikazioaren kontra, espekulazioaren kontra eta beste modu baten bizitzearen alde ematen ari diren borrokekin. Gure ustez, etsai beraren (Kapitalaren) kontrako (klase) gerra bera interpretatzeko modu desberdinak baino ez dira.
Amaitzeko, M1Egineko kideok aurtengo maiatzaren bateko deialdian parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu. Azken urteotan bezala manifestazioa deituko dugu egun hori borroka egun izan dadin. Hori dela eta, aurten piztiaren erraietatik abiatuko gara. Gure gorputzak Kapitalaren mesedeetan esplotatzeko baino nahi ez dituzteneei gure mespretxurik sakonena erakutsiko diegu. Gure gorrotoa iraultzaren hazi bihurtuko dugu. Kaleetan elkar ikusiko dugu.
AKABA DITZAGUN KAPITALISMOA ETA BERE ESPLOTAZIO MOLDE GUZTIAK!
GORA LANGILE KLASEAREN BORROKA!