Espainiar estatuak hauteskundeak deitu ditu, menpean duen euskal eremuan, datorren apirilaren 28rako. Bere Kongresua eta Senatua berritu behar ditu eta duela hainbat hamarkadetatik egiten duen moduan, hauteskunde horiek gure herriaren okupazioa egonkortu eta zapalkuntzari mozorro demokratikoa emateko bitarteko izango dira.
Bi estatu zapaltzaileek euskal lurraldean hauteskundeak antolatzen dituzten bakoitzean bezala, nazio askapenaren aldeko euskaldunok, okupatzaileen helburuak zapuztu eta beraien boterea indartu ordez, euskal erresistentzia indartzeko erronka dugu.
Azken urteetan gure herriak zein askapen borrokak krisi latz bat pairatzen dute. Nazioarteko inperialismoarekiko tratuek eta erreformismoak askatasun aukera indargabetu eta behin-betiko asimilatuak izatearen atarian kokatu gaituzte.
Horregatik, une hauetan berebizikoa dugu konpromiso abertzalez eta ausardiaz, etsaiekiko indar-harremana iraultzeko pausuak bultzatzea. Zeregin horretan, euskal langileriak eta herri sektoreok, hots Euskal Herri Langileak, erantzukizun berezia dugu. Ikuspegi estrategikoa atxikiz, espainiar eta frantziar sistema politikoan integratzeko joerari kontrajarriz, askapen borroka iraultzailea sustatu behar dugu.
Hortaz, dei egiten diogu herri euskaldun osoari, apirilaren 28ko hauteskunde arrotzetan ez parte hartzera eta aldiz, independentziaren aldeko ahaleginak biderkatzera.
INDEPENDENTZIAREN ALDE ERRESISTENTZIA HAUSPOTU!