Gaur Ikasle Abertzaleak antolakundeko hainbat militante bildu gara hemen datorren martxoaren 26ean Hego Euskal Herriko unibertsitatean, bigarren mailako hezkuntzan eta lanbide heziketan egun guztiko ikasle greba deitzeko eta Hegoaldeko lau hiriburuetan egoardian egingo ditugun mobilizazioen berri emateko. Unibertsitateko tasak jaitsi eta bekak hobetzearen aldeko ikasle greba izango da martxoaren 26koa, borroka horretan indarrak bildu eta aldarrikapenen gauzapenean aurrera pausu bat emateko, hain zuzen ere. Unibertsitateko tasak merketu eta bekak hobetzearen aldeko dinamikarekin hezkuntza prozesu osoaren doakotasunaren aldeko borrokari egingo diogu ekarpena, beraz, doako hezkuntzaren aldeko ikasle greba ere izango da.
Azken hamarkadetan, krisi kapitalistaren azaleraztearekin batera, langile klasearen bizi baldintzak okertu egin dira. Burgesiak, bere kapitalaren akumulazioa geldotzen doala ikusirik, esplotazioa are gehiago gogortu du galdutako irabaziak berreskuratu nahian. Ofentsiba kapitalista horren adierazle argiak dira gaur egun nagusi diren prekarietatea, langabezia eta murrizketak. Funtsean, Ongizate Estatua deiturikoaren galera prozesu honen fruitua da.
Ofentsiba horrek eragina izan du hezkuntzan ere. Gasteiz, Madril zein Bruselatik aplikatu diren aldaketa sakonek unibertsitate, lanbide heziketako zentro eta institutuak kapitalaren egungo beharretara moldatu dituzte. Erreformen bidez gauzatu diren neurri hauek, LOMCE eta Heziberri kasu, hezkuntzaren kostua handitu dute. Unibertsitatean, zehazki, argi eta garbi ikus dezakegu prozesu hori: Boloniako adierazpenetik 20 urte pasa diren honetan begibistakoa da orduan ireki zen zikloan eman diren aldaketek unibertsitatearen elitizazioa, merkantilizazioa, ikerketaren pribatizazioa eta langileen prekarietatea bultzatu dituztela, besteak beste. Prozesu horren ondorioz, ikasle izatea geroz eta garestiagoa da.
Guzti horri aurre egin behar diogu langileok, eta kasu honetan bereziki ikasleok; Eraginkorrak izango diren mekanismoen bidez ikasleria langilea antolatu behar dugu baldintzen okertze orokorrari aurre egin eta hezkuntza prozesua langileon interesen arabera antolatzeko. Horregatik ari dira sortzen langileon bizi baldintzen aurkako erasoen aurrean defendatzeko ikasle autodefentsa sareak bigarren mailako hezkuntzan eta Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) unibertsitatean. Azken horrek unibertsitateko langileriaren borrokaren zutabe gisa definitu du tasa eta beken auzia, eta aldatu beharreko 5 puntu lehenetsi ditu, unibertsitateak eta gobernuak seinalatuz. Tasen garestitzea, gainditu ez diren irakasgaietan berriro matrikulatzeko obligazioa, beketan errendimendu akademikoa oztopo izatea, kreditu kopuru minimo batean matrikulatu beharra beka jasotzeko eta graduz aldatzeagatik denbora batez beka eskubidea galtzea dira aldatu beharreko lehentasunezko puntu horiek. Ikasle Abertzaleon ustez ere aldarrikapen horiek erdigunean jartzeko garaia da. Horregatik, UIBk beka eta tasen harira garatu dituen bost aldarrikapenak indartu eta horiek gauzatzeko aurrera pausu bat emateko deitu dugu martxoaren 26ko ikasle greba.
Izan ere, azken urteetan areagotzen joan den beka eta tasen problematikari aurre egiteko garaia iritsi dela uste dugu. Badakigu tasak merketu eta bekak hobetzeko helburuak ez ditugula greba deialdi honekin guztiz aseko, baina datozen hilabete eta urteetako helburuak izango direnei ekarpena egitera goazela ulertzen dugu, Gobernuak eta EHU zein NUP haipatutako aldarrikapenak negoziatzera eseri daitezen behartzeko pausu garrantzitsua izango da.
Akats larria egingo genuke, ordea, problematika hau unibertsitateko ikasleen arazoa dela usteko bagenu. Ikasketa prozesu osoaren garestitzeari galga jarri eta doako hezkuntzaren norabidean aurrerapauso gisa ulertzen dugu martxoaren 26ko greba deialdia, horregatik uste dugu ikasle guztion auzia dela. Langile klasearen sektore desberdinak interpelatzen dituen problematika da hezkuntzaren kostuen garestitzearen auzia: irakasle, garbitzaile edo mantenimenduko langileetatik hasita, guraso, ikasle eta autobus gidarietaraino. Gainera, printzipio politiko unibertsal gisara ulertzen dugu guztiok hezkuntzarako aukera erreala izatea, beraz, guztioi dagokigu honen aldeko indarrak batzea. Horregatik, Ikasleoi dagokigunean, batasunez jarduteko apostua egingo dugu norabide horretan: unibertsitate, bigarren mailako hezkuntza eta lanbide heziketako ikasleen indarrak batuz martxoaren 26ko greba deialdian eta Hego Euskal Herriko hiruburuetako manifestazioetan, hain zuzen.
Martxoaren 26ko mobilizazioetan ikusiko dugu elkar!
Tasak merketu, bekak hobetu!
Ikasleok kalera!