Idazki hau sinatzen dugunok espainiar eta frantziar kartzeletan preso dauden hainbat euskal militante politikoren senideak gara. Kartzeletako errealitatea beti gordina den arren, Covid-19aren pandemiaren zein harrezkero ezarritako salbuespen egoeraren ondorioz eratorritako egoerak are eta gogorragoa bihurtzen du dena.
Itxurakeriaren garaiotan, garrantzi handia hartzen du begi bistan dagoen guztia behar bezala apaintzeak. Antzerkiak jarrai dezan ezinbestekoa da. Horregatik txaloak balkoietan, eta horregatik batasun desklasatu faltsu baten sustapena, itxuraz aseptikoa, baina edukian ezberdintasun sozialak agerian uzten dituen ebidentzia eta ardura politiko oro diluitzea bilatzen duena.
Hain zuzen ere, kartzela da ezberdintasun sozial, ekonomiko eta politikoak hobekien islatzen dituen lekua. Kartzela, sistemaren zaborrontzi gisa sortu zuten eta, egun, funtzio berbera betetzen jarraitzen du. Preso gehienak pobreak dira edota eritasun mentalak pairatzen dituzte, edo gure senideen kasuan bezala, injustizien aurka eta askatasun sozio-politiko eta nazionalen alde matxinatutako militante politikoak dira.
Harresien beste aldean ez dira formak gorde behar, barruan gertatzen dena ez dagoelako antzoki honetako publikoaren kontsumorako produzituta. Agertokiaren atzealdean gertatzen denak ez du zirku elektorala baldintzatzen. Baina gu ez gaude gure senideak zabor moduan trata ditzaten onartzeko prest. Hasteko, kartzeletan osasun-irizpideak zigor-irizpideen aurretik jartzea exijitzen dugu. Eta honekin batera preso erien, adinduen, prebentiboen eta 3/4ak beteta dituztenen berehalako askatasuna exijitzen dugu.
Bestetik, 16 senide erail dituen sakabanaketa politikak presoen isolamenduan sakontzea dakar. 30 urte daramatza euskal langileriak dispertsioaren aurkako borrokan, eta 30 urte daramatzate Frantziako eta Espainiako Estatuek aldarrikapen honi muzin eginez. Azken hamarkadetan egin dugun bezala, oraingoan ere helduko diogu «Euskal Presoak Euskal Herrira» leloari sakabanaketaren amaiera exijitzeko.
Eta hau gauzatzen den bitartean, bihar bertan presoen isolamendua arintzeko har daitezkeen beste neurri batzuk daude. Horregatik kartzeletan bisitak egin ahal izateko baldintzak jartzea eta kartzeletaraino lekualdatzeko oztopo gehiagorik ez jartzea exijitzen dugu, Euskal Herria zatitzen duen muga artifiziala zeharkatzea tokatzen zaigunean ere bai. Neurri hauek guztiak, berehala hartu daitezkeenak, lehentasunezko tarteko urratsak dira, «ezinbestekoak», eta guretzat eta gure senideentzat «esentzialak».
Edonola ere, neurri hauek gauzatu eta gero, askatasun nazionala, soziala eta politikoa barnebiltzen dituen amnistiaren aldeko borrokan jarraituko dugu, horixe baita kartzelak militante politikoz berriro ez betetzeko berme bakarra.
Sinatzaileak:
- Patxi Karasatorre Aldazz
- Ziortza Fernández Larrazabal
- Maribi Gaztelumendi Galtzagorri
- Jesús Herrador Pouso
- Sua Herrador Rodriguez
- Sendoa Jurado Garcia
- Marije Guinea Aspiazu
- Lorena Barreras Díaz
- Meritxel Aranzubia Ariznabarreta
- Mikel Aginagalde Ugartemendia
- Rosana Moreno Balanzategi
- Adur Goieaskoetxea Serna
- Immaculada Gràcia Monge
- Ainhoa Pastor Alonso