Otsailaren hasieran argitaratu genuen agirian gure herriak pairatzen duen ukapen markoaren nolakotasuna gogoratzearekin batera, ukapen horretan oinarrituriko operazio neo-estatutisten aurka herri oposizioa agertzearen garrantzia azpimarratu genuen.
Zentzu horretan, hautu baskongadista zahar eta berriak salatuz, nazio askapenaren aldeko aldarria kalera ateratzeko borondatea genuela jakinarazi genuen. Eta otsailaren bukaeran lehen mobilizazio bat burutu genuen Baionan, frantses inperialismoaren kontra eta korsikar herriarekiko elkartasunez.
Aldarri hori indartze bidean, ohar honen bidez, jakinarazten dugu ekainaren 9an, Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatuz, ekitaldi eta elkarretaratzeak burutuko ditugula Maule, Amaiur, Tolosa, Elgeta eta Gernikan.
Mobilizazio honekin, espainiar eta frantziar estatu okupatzaileek inposaturiko muga eta zatiketa admnistratiboen gainetik, herri bakar bat garela nabarmendu nahi dugu batetik eta bestetik, zapalkuntza egoeraren aurrean duintasun beharra azaleratu. Hori dela eta ASKATASUNAREN ALDE, HERRI DUIN BAT! izango da erabiliko dugun goiburua.
Hitzordu zehatzak laster ezagutaraziko ditugula jakinaraziz, aktibaziora eta parte hartzera deia luzatzen dugu.
Euskal Herrian, 2018ko apirilaren 12an
Euskal Herriak askatasuna