70. hamarkadako azken urteak langile borroka eta mobilizazio urteak izan ziren, lan arloan eskubide eta hobekuntzak eskuratzea bermatu zuten borroka horiek; hainbat familia miseria gorritik atera zituen soldata igoerak, lan baldintzen hobetzea, greba eskubidea, 40 orduko lan-astea, sindikaltze eskubidea, etab. Inork ere ez zuen ezer oparitu, ez botere ekonomikoak ez botere politikoak. Borroka, mobilizazio eta antolakuntzari esker eskuratu ziren aurrerapen sozial horiek.
Baina azken urte hauetan, klase politiko ustel bat eta eskrupulu eta printzipiorik gabeko kasta sindikal bat, esfortzu handiz lorturiko eskubideak murrizten eta edukiz husten aritu dira. Gutxi batzuen ezin-asetasun espekulatiboa oinarri duen egun pairatzen dugun sistemaren krisia, eskubideak gehiago murrizteko eta lan baldintzak gehiago prekarizatzeko baliatua izaten ari da.
Horrela, pentsioak murriztea, erretreta edo aurre-erretreta adina atzeratzea edota alarguntasun pentsioak murriztea da planteatzen ari dena. Guzti horri, ondorio latzak dakartzan lan erreforma bat gehitu behar zaio: kaleratzeak merkatzea, gazteentzako ez eskubiderik ez kotizaziorik izango ez duten kontratuak, lan eta ordutegi malgutasuna, negoziazio kolektiboaren zentralizazioa Euskal Herrian negoziatzea ekiditeko eta euskal gehiengo sindikala bigarren plano batean uzteko… Krisia sortu dutenei milaka milioi euroko diru laguntzak ematen ari zaizkie, sektore sozial zabalak langabeziara eta prekarietatera zigortuak diren bitartean.
2009ko maiatzaren 21ean, Sanz eta Lopez-en Gobernuen politika soziekonomikoak aldatzeko eta neurri justuak exijitzeko Hego Euskal Herria geldiarazi zuen euskal gehiengo sindikalak. Iparra aldatu beharrean, bi gobernu autonomikoek mantendu eta sakondu egin dute, kapitala lagunduz (zergen jaitsiera eta murrizketa) eta errenta baxuenak IVAren igoerarekin edota soldaten izoztearekin moduko neurriekin zigortuz. Gastu publikoa enpleguaren bizkarrera murriztu nahi dute, eta gastu soziala, betikoen kontura.
Ezker Abertzalearen iritziz ezinbestekoa da eskubide sozial eta laboralen defentsan mobilizatzen jarraitzea. Zutik Euskal Herria ebazpenean diogun moduan, Ezker Abertzalearen iritziz Euskal Herriak aldaketa politikoaz gain aldaketa soziala ere behar du. Eta inolako zalantzarik gabe, gure herriak behar duen aldaketaren oinarri eta bermeak herritarren aktibazio eta mobilizazioa dira, Euskal Herria justu eta solidario bat nahi duten indarren artikulazioa.
Guzti honegatik, Ezker Abertzaleak euskal herritar guztiei dei egiten die Maiatzaren Lehenean burutuko diren mobilizazioetan parte hartzera. Aldaketa politiko eta sozialaren alde, Maiatzaren lehenean Euskal Herria kalera.