2008ko abenduaren 6an polizia greziarrak Alexis Grigoropoulos 15 urteko gaztea hil zuen Atenaseko Exarkia auzoan. Alexisek eta bere lagunek eztabaida izan zuten bi poliziarekin eta, besterik gabe, haietako batek pistolarekin tiro egin zion. Exarkia auzoak izaera anarkista eta antiautoritario nabarmena du, eta Estatuaren kontrako hainbat matxinadaren sorleku ere izan da. Ez da harritzekoa, beraz, gau horretan bertan istiluak piztu izana. Gaineratu beharra dago, alde batetik, gazte belaunaldi oso bat Estatuaren funtzionamenduarekin etsituta eta nazkatuta zegoela, eta, bestetik, 2008. urtearen amaiera aldean Greziako egoera ekonomikoa okerreranzko bidean zegoela. Hori dela eta, anarkistei ikasleak eta beste sektore batzuk azkar batu zitzaizkien. Horrela, Grezia osoa matxinadaren bidean jarri zen eta, gutxi gorabehera, hiru astez luzatu ziren jendartearen oldarraldiak. Zoritxarrez, PASOK alderdi sozialdemokratak ondo jakin zuen egoeraren etekin politikoa ateratzen eta egoera bera baretzen. Hala ere, urtero erailketaren urteurrenean Atenaseko kaleak berriro bilakatzen dira gudu zelai.
Alexis erail zuen polizia atxilotu eta epaitu zuten, eta bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten. Epaiketan zehar poliziak esan zuen ez zuela barkamenik eskatu behar 15 urteko gazte bat tirokatzeagatik. Dena dela, 10 urteren ondoren, 2019ko uztailaren 30ean askatu egin dute, eta, orduan ere Exarkiako kaleek su hartu zuten.
https://info.nodo50.org/La-policia-asesina-a-un-joven.html
https://kaosenlared.net/video-protesta-en-grecia-contra-la…/
https://www.youtube.com/watch?v=OMaTmGQDWQo