Tamalez, beste behin ere eta nahi genukeenaren kontra, gure mugimenduaren aurkako eraso berri bati erantzuteko beharrean ikusten dugu gure burua. Oraingo honetan EPPK izan da sistemaren parte diren alderdi instituzionalei txalo egitearekin batera, herri mugimenduaren aurka jo duena kontrolpean ez daukaten hori kaltetzeko saiakera batean.
Ez zaigu oharkabean pasatzen eraso hau argitaratzeko aukeratutako eguna Patxi Ruizen alde deitu dugun Mobilizazio Eguna izatea. Hauteskundeetan pentsatutako mugimendu elektoralista izateaz gain, Sorturen bulegoren batean idatzitako EPPKren agiriak gaurko mobilizazioak ahultzea du xede. Guri erreferentzia egin arren, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren izena aipatu ez izana ahultasun politiko gisa hartzen dugu. Guk gauzak hori baino argiago esateko ohitura daukagu. Denak ez luke balio behar, baina kalean hegemonia gal dezaketela ikusteak buruarekin baino sabelekin aritzera bultzatzen ditu.
Antzeko beste eraso batzuk ditugu gogoan, eta presoen arteko batasuna indartzetik urrun, EPPK bera zatitzeko baliogarriak izan dira. Esate baterako, 2015ean Parisko Epaitegian epaituak izaten ari ziren presoen partetik gure mugimenduaren aurka botatako akusazio faltsua erabakigarria izan zen kondena luzeak dituzten beste lau preso EPPKtik aldentzeko. Laurek kritikatu zuten eraso hori publikoki, eta horrelakoek barruko askori zelan eragiten dieten (EPPKko kide askori barne) hausnartzeko parada eman beharko lieke eraso hauek planifikatzen dituztenei.
EPPKren gaurko agiriaren edukian sartuta, azpimarratu behar dugun lehenengo gauza bere zehaztasun falta da. Patxiren egoera dramatikoa Sortu, EH Bildu, Etxerat, EPPK eta Sare kritikatzeko erabili dugula diote. Esan beharra dugu kolektibo horiek ez direla munduaren zilborra eta Patxirengan jarri dugula gure indar osoa. Baina, horretaz gain, guk ez dugu ez EPPK, ez Etxerat ezta Sare ere inongo agiritan aipatu.
EH Bildu eta Sortu bai aipatu izan ditugu, beti beraiek Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren Aurka botatako akusazioei erantzuteko. EPPKk orain egin duen bezala, aurreko biek leporatu digute Patxi Ruiz heriotzara bultzatzen egotea, eta horrelako deklarazio zitalen aurrean gure jarrera tinkoa topatuko dute beti. Ez dugu onartuko horrelako erasorik bizitzen ari garena bezalako egoera gogorrean, eta are gutxiago hauteskundeetan besterik pentsatzen ez dutenen partetik. Ez diegu horrelakorik ametituko hamar egun pasatu arte Patxiri buruz ezer esan ez zutenei, bere aldeko ekintzak kritikatzeko izan denean salbu.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren jarrera Patxiren bizitza edozeren aurretik jartzea izan da lehenengo momentutik. Horretarako egunero mantendu dugu kontaktua bere senideen ordezkaritza egiten duen taldearekin, abokatuekin eta medikuntzaren esparru ezberdinetan lan egiten duen eta aholkatzen gaituen profesional talde batekin.
Une gogor hauetan hartu ditugun erabaki guztiak, bultzatu dugun dinamika politikoa barne, hiru talde hauen iritzia kontutan izanda eta aholkuei jarraituta hartu ditugu. Sortu eta bere orbitan mugitzen diren antolakunde guztiei errespetua eta ardura eskatzen diegu, gurekiko, aipatutako taldeekiko eta batez ere Patxirekiko, gose grebarekin aurrera jarraitzeko erabakia berea baita. Hori bai, ziurtatu dezakeguna da Patxiren ondoan egongo garela egoera honekiko hartzen dituen erabakiak hartzen dituela ere.
Murcia II-ko presoen jarrera
Esan beharra dugu gure mugimenduak ez duela inongo momentutan EPPK-ko ezein kideren jarrera pertsonalaren inguruko baloraziorik egin. Ez dugu zalantzan jarri Murcia II-ko gainontzeko euskal presoek Patxirekiko izan dezaketen kezka. Balorazio politikoak egiten ditu Amnistiaren Aldeko Mugimenduak eta presoak “gizajo” batzuk bailiran tratatzetik urrun, diren militante politiko gisa tratatzen ditu.
Hortaz, maiatzaren 20an esan genuen Patxiren alde mugitu ez izana EH Bildu eta Sorturen “Bakerako Euskal Bidea” proposamenaren ondorio zela. Zehazki azaldu genuen graduen progresioaren jokoan sartzeak presoak babesgabe uzten zituela kartzelaren aurrean, mugituz gero gradu horietan aurrera egiteko aukera galduko luketelako. Honi gehitu genion sei urte daramatzagula bide horren ondorioez ohartarazten eta teoriak egiaztatzen edo gezurtatzen dituen bakarra praktika dela. Kasu honek egiaztatzen du gure teoria, iritzien gainetik eta modu objektibo batean, zuzena dela.
Azken apunte moduan, benetan ausarta iruditzen zaigu Patxi ospitalera eraman baldin bazuten EPPK-ko kideek kartzelako Zuzendaritzari egindako eskaerari esker izan zela esateak. Patxi ospitaleratu zuten gose eta egarri grebaren 11. egunean, giltzurrun batek huts egin ondoren eta epaile baten aginduaren ondorioz.
Sortuk eskainitako bitartekoak
Maiatzaren 14ko gauean Sortu kontaktuan jarri zen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduarekin bitartekari baten bidez. Sortuk Madrilen dituen kontaktu batzuekin “mahai azpiko” harremanak aprobetxatzea eskaintzen digu Patxiren egoera bideratzeko. Esaten digutenaren arabera, hori egin ahal izateko guk “argi berdea” eman beharko genieke. Iradokitzen digute babesten dugun aktibismoarekin Patxi gose eta egarri grebarekin jarraitzera bultzatzen egon gintezkeela.
Patxiren egoera kudeatzen duen taldeak baloratzen du proposamena, hurkoekin kontsultatzen du eta ondorio batzuk ateratzen ditu: lehenengoa da Patxik ez duela horrelakorik nahi eta bere borondatea errespetatu behar dela. Bigarrena da guri “argi berdea” eskatzeak izan dezakeen arrazoi bakarra bueltan kaleak gelditzeko eskaera baino ezin daitekeela izan. Hirugarrena da eskaintza egiten digutenak (badakigu alderdiaren oinarrietatik ezberdintzen), Patxiren bizitza baino, bere heriotzak egoera politikoan eragin ditzakeen ondorioak kezkatzen dituela.
Proposamena jaso eta hurrengo egunean erantzuten diegu Patxiren heriotza saihesteko benetako aukera izanez gero, egin beharreko mugimenduak egiteko inoren “argi berderik” ez luketela behar. Diskrezioa eskatu ziguten arren, maiatzaren 19an EH Bilduk ohar elektoralista baten bidez publiko egin zuen haien bitartekoak eskaini zizkigula Patxiren egoera konpontzen laguntzeko, eta hurrengo egunean Sortuk, bide beretik zihoan beste ohar batean, Patxi heriotzara bultzatzea leporatu zigun. Haien intentzio bakarra “hildakoa gainetik kentzea” izan dela erakutsi zuten kontaktu hau publiko egitean eta gure aurkako akusazio larriak jaurtiz. Guk badakigu diskrezioa mantentzen eta eskainitako laguntza eskertzen hau zintzoa denean, baina ez dugu inoren interes alderdikoien araberako manipulaziorik onartuko.
Euskal Herriari deia
Bukatzeko, dei egiten diogu Euskal Herriari Patxiri babesa ematen jarraitzeko, presoen aurkako erasoak salatzeko eta amnistiaren aldeko borrokan eragiten jarraitzeko. Amnistiaren kontzeptu politikoak barnebiltzen duen zapalkuntza ororen amaierak baino ez du justizian oinarritutako benetako bakea ekarriko. Oso arro sentitzen gara Euskal Herrian emandako erantzunaz eta jasotako babes internazionalistaz.
Euskal Herria, 2020ko maiatzaren 30a.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.