1892ko urtarrilaren 8tik 9rako gauean 2. 000ren bat laborari andaluziar Jerez de la Fronteran sartu ziren eta ordu eta erdiz hiriaren jabe izan ziren. Laborariak Cadizeko leku guztietakoak ziren: Jerez, Arcos, Grazalema, Puerto de Santa María, Sanlúcar, Puerto Real, Bornos, Espera, Trebujena, Lébrija, Benaocaz, Algar, Ubrique edota Puerto Serrano aipagarrienak.
Jerez de la Fronteran zegoen aberastasuna nabaria zen; alabaina, aberastasun hori gutxi batzuen eskuetan zegoen eta gehiengoa bizi-baldintza txarretan bizi zen. XIX. mendearen amaieran laborari andaluziarraren lan-baldintzak ezin okerragoak ziren eta Jerezen langileriaren eta burgesiaren arteko aldea, hau da, batez ere lurrik gabeko jornalarKen eta jauntxoen arteko aldea are nabariagoa zen.
Laborarien kontrako errepresioa gogorra, berehalakoa eta aurrekaririk gabekoa izan zen. Izaera guztiz politikoa izan zuen gerra-kontseilua egin zieten eta militante anarkisten kontrako ausazko salaketak egiteko baliatu zituzten. Horren adibide nabariena Fermin Salvochearena izan zen. 1892ko urtarrilaren 8ko gau horretan Salvochea kartzelan bazegoen ere, gezurrezko testigantzak direla medio, 12 urteko kartzela-zigorra jaso zuen Jerezko gertakariengatik.
Jerezeko gertaerak hainbat ekintzetarako pizgarria izan ziren. Hurrengo egunetan, adibidez, Primo de Rivera koronelaren, Jose Antonio Primo de Riveraren anaiaren, kortijo batek sua hartu zuen.
Estatu espainolaren mugetatik haratago elkartasun adierazpen ugari izan ziren; hala nola, Parisen, Milanen, Messinan, Roman, Nueva Yorken… Nazioarteko egunkariek ere berriaren oihartzuna jaso zuten. Jerezeko gertakariak anarkismoaren eta, oro har, klase-borrokaren mugarri bat izan zen.
https://www.lavozdelsur.es/la-insurreccion-campesina-de-18…/