Baskoniak erabaki du ikuslerik gabe jokatzea bi taldeen aurka, eta Palestinarekin Elkartasunak dio horrek erakusten duela «mobilizazioak funtzionatzen duela eta halako kirol-ekitaldiak desnormalizatzen ari direla». Martxoaren 27an izango da Hapoelen kontrako partida, eta Palestinaren aldeko manifestazio bat antolatu dute arratsaldeko 18:30erako; Iparraldetik aterako da.
Maccabi saskibaloi-taldea Gasteizko (Araba) Buesa Arenara bertaratzen den bakoitzean izaten dira presente Palestinaren aldeko aldarriak, bai harmailetan, bai kaleetan. Eta badirudi eragina duela horrek, Baskonia klubak erabaki baitu talde israeldarren aurkako partidak ikuslerik gabe jokatzea datozen hilabeteetan. Martxoaren 27an arituko da Hapoel Tel Aviv Gasteizen eta apirilaren 7an bertaratuko da Maccabi, baina zaleek itxita izango dituzte Buesa Arenako ateak.
«Neurri honek erakusten du mobilizazioak funtzionatzen duela eta halako kirol-ekitaldiak desnormalizatzen ari direla», azaldu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Seinalatu du, dena den, hori ez dela nahikoa, «talde israeldarren parte-hartzea Euroligan baimentzen jarraitzen den bitartean gertatzen den anomalia bat» baizik. Horiek horrela, nabarmendu du «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela borrokan jarraitzea Israelekin harreman oro eten dadin, kirol-arloan barne; eta ezinbestekotzat hartu du mobilizatzen segitzea, talde israeldarren partidak bertan behera geldi daitezen.
Baskoniaren eta Hapoelen arteko partida 20:30erako dago hitzartuta Buesa Arenan, eta bi ordu lehenago hasiko da Palestinarekin Elkartasunak antolatutako mobilizazioa: 18:30ean abiatuko da manifestazioa Iparralde gizarte-etxetik, Maccabi eta Hapoel kanpora! lelopean. Aurreko urtean ere ehunka lagun mobilizatu ziren Gasteizen Maccabiren kontrako partidaren aurretik1, sionisten aurpegi zuriketari ezetz esanez. Plataformak iazko abenduan jakinarazi zuen aurten ere Baskoniaren aurka jokatuko zutela bai Maccabik bai Hapoelek, eta boikot egitera deitu zuen2. Gasteizko hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin; «Hustu dezagun estadioa eta bete ditzagun kaleak», zioten hilabete honen hasieran egindako agerraldian.
Hamaika kirolarik eta kirol-kazetarik deitu dute boikotera
Euskal Herriko hainbat kirolarik eta kirol-kazetarik martxoaren 13an argitaratu zuten idatzi bat Berria‑n, Maccabiren eta Hapoelen partiduak bertan behera gera daitezela exijituz. Sinatzaileen artean daude Koldo Aldalur, Alvaro Rubio, Xabier Usabiaga, Juanan Legorburu, Xabier Oroz, Joseba Ezkurdia, Xabi Tolosa eta abar luze bat.
Aurreko urtean, Palestinarekin Elkartasuna plataformaren ekimenez, Maccabiren partidaren kontrako manifestu bat 3sinatu zuten 40 saskibaloi-taldek eta klubek, kirol-munduko ia 100 pertsonak eta Arabako 65 eragilek.
18 de marzo de 2026
-

https://gedar.eus/aktualitatea/sionisten-aurpegi-zuriketari-ezetz-esan-diote-gasteizen
-

https://gedar.eus/aktualitatea/gasteizen-maccabiri-eta-hapoeli-boikot-egitera-deitu-du-palestinarekin-elkartasunak
-

https://gedar.eus/aktualitatea/maccabik-gasteizen-hitzartuta-daukan-partidaren-kontra-manifestu-bat-egin-dute