Carlos García Preciado militante politikoaren atxiloketaren harira,
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak zera adierazi
nahi du:
Asteazken honetan Polizia Italiarrak Carlos García Preciado militante
politiko andoaindarra atxilotu egin du Erroman. 2000. urtean Espainiako
Auzitegi Nazional faxistak 16 urteko espetxe zigorra ezarri zion banketxe bati
eraso egitea leporatuta eta, errepresioari ihes egiten, Carlosek Euskal Herritik
alde egin zuen bere herriarekin zeukan konpromisoa berretsiz.
Carlosek bezala, azken hamarkadetan ehunka gaztek ihes egin behar
izan dute euren etxeetatik antzeko zigorrak saihesteko: 16 urteko espetxe
zigorra da gure herria arpilatzen ari direnen bulego bati eraso egiteari jarri
dioten prezioa. 16 urte, praktikan, bizi osorako espetxe zigorra ezartzea da. Eta
hori da Italiako estatu ustelak Espainiako estatu ustelari eskaini diona: beste
euskal herritar baten bizitza.
Estatu espainolak, frantsesak, italiarrak eta estatu kapitalista guztiek
langileriari eskaintzen dioten gauza bakarra errepresioa da eta langileak
zapaltzen dituzte bankuen eta elite ekonomikoen mesedetan, horretarako
poliziak, ejerzitoak eta gerra makinaria guztia erabiltzen dutelarik.
Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak duen
xedea militante politiko gehiagorik bizitza osoa, ezta egun bakar bat ere,
kartzelan ez galtzea da, eta horretarako oinarriak gaurtik bertatik ezarri behar
dira.
Amnistia beraien militantzia politikoagatik kartzelan eta erbestean
daudenen baldintzarik gabeko askatasuna baino askoz gehiago da. Amnistia
errepresaliatu horiek borrokara bultzatu zituzten arrazoiak konpontzea da. Hau
gertatu ezean ez da inongo gatazka konponduko eta gure ondorengoek ere,
ziurtasun osoz, kartzela eta erbestea pairatu beharko dute, eta hori onartezina
da. Gaurtik aurrera, ANTOLAKUNTZA, BORROKA ETA AMNISTIA!