Periko Solabarria, Iraitz Salegi Topatuko kazetaria eta Ernaiko sei kide Espainiako Audientzia Nazionalean epaituak izango dira maiatzaren 28 eta 29an. “Terrorismoari gorazarre” egitea egotzita, fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 hilabeteko gartzela zigorra eskatzen dute Periko Solabarria eta Iraitz Salegirentzat eta 2 urtekoa Ernaiko kideentzat.
2013an Ernai gazte antolakundearen jaiotza ospatzeko Gazte Danbada jaialdian, Xabier Lopez Peña preso politikoa mendekuzko espetxe politikak eraila izan zela jakin genuen. Hori dela eta, frantziar eta espainiar estatuek preso politikoei ezarritako salbuespenezko neurriak salatu genituen bertan bildu ginen gazteok. Egintza hauek aitzakitzat hartuta jaso zituzten inputazioak, eta urte bereko irailean Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten. Era berean, Topatu.info webguneko kideari honen berri eman izanagatik leporatzen diote ustezko delitua.
Epaiketa honekin, espainiar Estatuak beste behin gazteak jarri ditu jomugan. Zoritxarrez, ez da azken aldian gazteon aurkako eraso bakarra. Espainiar Estatuak bere sare polizial eta judizial osoa martxan du haien eredu, muga eta “egien” aurka doan euskal herritarron jarduna kriminalizatzeko asmoz. Inputazioak jaso zirenean egin bezala, salatu nahi dugu gazteriaren aurkako eraso gogorra dela honako hau, haien interesen aurka doazen ahotsak isilaraztea helburu duena.
Mehatxuek eta zigorrek, ordea, ez dute Euskal Herri aske baten alde egiten dugun gazteon eguneroko lana geldituko. Inposatutako ereduetatik at bizi nahi izateagatik eta herri honen eraikuntzan parte hartzeagatik epaitu nahi gaituzte. Baina jakin dezatela lehen lerroan aurkituko gaituztela, eta behin eta berriz kolpatu arren, konponbidearen bidean urratsak ematen jarraituko dugula. Epaitegietan eseri nahi gaituzte, baina ez gaituzte kaleetatik botako.